“Gure herriaren etorkizun ekonomiko, politiko eta soziala bermatzea da EAJren lehentasuna”, nabarmendu du Bakartxo Tejeriak

“Ezinbestekoa da demokratikoki eta juridikoki legitimatzea euskal eta kataluniar errealitate nazionalak, Espainiako nazioarekin berdintasunean bizi ahal izateko", adierazi du Joseba Egibarrek
01 Martxoa | GBB

EAJk aurkeztu du, gaur, Miramongo Teknologia Parkean, apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaitza. Aurkezpenean, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta hautagaiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakarigaia eta Gipuzkoako EAJ-PNVren zerrendaburuak, eta Mª Eugenia Arrizabalaga eta Arantxa Tapia hautagaiek parte hartu dute. 

“Hazkunde ekonomikoa, justizia soziala, bakea eta bizikidetza, eta subiranotasun politikoa", hori da EAJk lortu nahi duen helburu laukoitza, Joseba Egibarren hitzetan. Helburu horiek nabarmendu dituzte lau hautagaiek euren hitzaldietan.

GBBko presidenteak azaldu duenez, EAJren ereduak "industrian oinarritutako eta kalitatezko enplegua sortzeko gai den ekonomia" planteatzen du. Herri lehiakorra solidaritzan oinarritua, Egibarren hitzetan . "Gure eredua herri gisa aurrera egitea da, inor bidean utzi gabe; desberdintasunaren aurka borrokatzea, justizia sozialaz izateaz gain, hazkunde ekonomikorako elementu bat delako", azpimarratu du.

Bakeari eta bizikidetzari dagokienez, "hiru kontzeptu uztartu behar dira: gogoratu, ez justifikatu eta partekatu". "Hain zaila al da?", galdetu du, "batzuentzat bai zaila, oraintsuko iragana oso gertu dagoelako; eta zer gertatu den azal daiteke baina ezin da justifikatu". "Etorkizuna eraiki nahi badugu, printzipio horiek argi izan behar ditugu", gaineratu du.

Autogobernuari dagokionez, fase berri honetan, "agerikoa da estatu ereduari heldu beharko diotela, ezin baita gehiago jarraitu Espainiako Estatuak egun duen eredu krisiarekin". "Horretarako, ezinbestekoa da demokratikoki eta juridikoki legitimatzea euskal eta kataluniar errealitate nazionalak, Espainiako nazioarekin berdintasunean bizi ahal izateko", azpimarratu du Egibarrek, "elkarbizitza ezin baita inposatu, elkarrekiko errespetutik adostu behar baita".

"Hor dago gure erronka: gure herriak etorkizun hori irabazteko zer estatus politiko behar duen asmatu behar dugu", gaineratu du eta horren haritik adierazi, "autogobernu osoa nahi dugula esaten dugunean, osoa esan nahi dugu, eta horrek esan nahi du euskal herritarrek erabaki ditzagula eragiten diguten politika guztiak". Egibarren hitzetan, "Espainiak jakin behar du subjektu juridiko-politikoak legitimatzeko prozesu demokratiko horiek gaitzea denboran atzeratu ezin den zeregina dela, eta horri heldu beharko zaiola nahita nahiez".

Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako zerrendaburuak, EAJk bultzatu eta bultzatzen duen gizarte eredua izan du hizpide. "Ez dugu edozein gizarte eraiki, eta ez dugu edozein gizarte nahi; giza eskubide guztiak errespetatuko dituen eta, era berean, eskubide sozial eta ekonomiko guztiak bermatuko dituen gizartea nahi dugu", azaldu du. “Gure etorkizunaren jabe izan behar dugu, euskaldunok erabakitzen duguna errespetatua izatea zor du, hori baita etorkizunerako gure bermerik onena. Eta horretan jarraituko dugu lanean”, azpimarratu du.

Eusko Legebiltzarreko buru izateko hautagai jeltzaleak Donostian egindako Lilatoian parte hartu du goizean, eta horren haritik, hitzaldian, azken hamarkadetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egin diren aurrerapenak ere izan ditu hizpide. "Ezin da ukatu gure gizartean asko dagoela egiteko, baina onartu behar da ere asko egin dela", laburbildu du. Eta Eusko Legebiltzarra jarri du aurrerapen horien "isla argi" gisa, 1980an sortu zenean, “4 emakume legebiltzarkide bakarrik –eta laurak EAJkoak– izan ziren; amaitu berri dugun legealdian, 75etik 40 ginen, erdia baino gehiago. Eta Ganberaren erdia baino gehiago gara gizartearen erdia garelako, gizonen eskubide berberak ditugulako, gaitasuna dugulako, ahal dugulako eta gure herriaren eraikuntzaren parte izan eta hartu nahi dugulako", azpimarratu du.

Amaitu aurretik, eskerrak eman dizkio "alderdiari, nigan berriro konfiantza izateagatik". Puntu honetan, GBBko presidenteari luzatu zaio, "guk urrats hau eman dezagun, beste batzuek bidea ireki digute; horregatik, Joseba, zuri bereziki, zure konfiantza eta eskuzabaltasuna eskertu nahi dizkizut, eskerrik asko urte guzti hauetan gure alde egin duzun apustu argi eta erabakigarriagatik, eskerrik asko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren alde egin duzun borrokagatik". 

Mª Eugenia Arrizabagak "batzuek EAJ baztertzeko duten obsesioan" oinarritu du bere hitzaldia. "Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du Euskadi baino obsesio handiagorik, ezta euskal herritarren alde lan egitea baino konpromiso handiagorik", nabarmendu du Arrizabalagak.

"Zilegi da alderdiek alternatiba izan nahi izatea, baina ez da zilegi asmo hori errealitatearekin bat ez datozen baieztapenen gainean oinarritzea", adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak. Bere hitzetan, "Euskadik Giza Garapenaren Indizea Danimarkakoaren eta Finlandiakoaren artekoan duenean, ez du Podemoseko hautagaiak irudikatutako Euskadi katastrofikoaren antzik; eta bestalde, EAJk ez dio inoiz subiranotasunari uko egin ezta egingo, nahiz Otegik hori behin eta berriz esan ezkerreko alderdi espainiarrekin adosteko aitzakien bila".

“EAJk ez du onartuko inork industria-garapena zailtzea edo oztopatzea”, esan du Arantxa Tapiak. Tapiaren aburuz, "gu geuk definitu behar dugu zer garen eta zer nahi dugun izan, baita eredu ekonomikoaren esparruan ere. Eredu ekonomiko industriala izatearen alde borrokatzen dugu, ingurumena, klima aldaketa eta trantsizio energetikoa errespetatzen dituen industria izanda. Baina, aldi eta era berean, errespetatua izango den industria baten alde egiten dugu. Errespetatua eta entzuna izatea zor zaio, mugimendu populistek gure ondare industriala aurretik eraman ez dezaten.”

Halaber, Tapiak "Euskadi munduan herri estrategia batekin eta inork bahituko ez duen ahots propioarekin kokatzeko beharra” adierazi du. Horrekin batera, industria eta gizarte esparruetan emakumeen presentzia ikustarazteko konpromisoa hartu du, “onartezinak eta nekagarriak gertatzen zaizkigulako enpresa jarduerekin lotutako espazioetan azaltzen zaizkigun ohiko hainbat irudi”.

Gipuzkoako Legebiltzarrerako EAJ-PNVren Hautagaitza

1. Bakartxo TEJERIA OTERMIN  

2. Mª Eugenia ARRIZABALAGA OLAIZOLA  

3. Joseba EGIBAR ARTOLA  

4. Arantxa TAPIA OTAEGI  

5. Irune BERASALUZE LAZKANO  

6. Kerman ORBEGOZO URIBE  

7. Iñaki AGIRRE ARIZMENDI  

8. Maialen GURRUTXAGA URANGA 

9. Aitor URRUTIA OIANGUREN  

10. Eva JUEZ GARMENDIA  

11. Aitor ALDASORO ITURBE  

12. Elena LETE GARCIA  

13. Garikoitz MENDIZABAL ETXEBERRIA  

14. Markel ARANBURU BARTAU  

15. Ane BEITIA ARRIOLA  

16. Joana EZKIAGA JAUREGI  

17. Maria UBARRETXENA CID  

18. Xanti GURRUTXAGA ELORZA  

19. Olatz PEON ORMAZABAL  

20. Jose Ramon ZUBIZARRETA ALEGRIA  

21. Saioa BANDRES MONEO  

22. Unai ELKORO OIANGUREN  

23. Irune GALARRAGA EZENARRO  

24. Jon Andoni URDANGARIN URRUTIA  

25. Markel OLANO ARRESE 

PARTEKATU