Mikel Burzako EAJ-PNVren ordezkari Luis Lacalle Pou Uruguaiko presidente berriaren kargu-jabetze ekitaldian

EBBren Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna Montevideora bidaiatu da Partido Nacional-eko hautagaiaren inbestiduran izateko. EAJ-PNVk aspaldiko harremanak ditu Uruguaiko alderdi politikoarekin
Mikel Burzako EAJ-PNVren ordezkari Luis Lacalle Pou Uruguaiko presidente berriaren kargu-jabetze ekitaldian
28 Otsaila | EBB

Mikel Burzako Euzkadi Buru Batzarreko Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna, Montevideon izan da Partido Nacional-eko ordezkari gisa Uruguaiko 42. presidentea izango den Luis Lacalleren inbestidura ekitaldian. Partido Nacional edo “Partido Blanco” ezizenez ezagutzen denak, ideologia liberal, nazionalista eta humanista aitortzen du eta herrialde horretako alderdi tradizionaletako bat da. Bestea Partido Colorado izenekoa da eta biak sortu ziren Uruguayko Estatua sortu zen aldi berean. Partido Nacional deritzona Uruguaiko presidentetzara iritsiko da duela 25 urte gobernutik kanpo geratu ondoren. Presidente berria Luis Alberto Lacalleren semea da, hain zuzen ere Partido Blancoko azken presidentea izan zenarena. Erreferente politikoa ere bada EBBko Presidente Andoni Ortuzarrentzat, hurrengo presidentearen aitarekin harreman pertsonal eta politiko hurbilak izan zituela aintzat harturik. EAJ-PNVk inbestidura ekitaldirako jaso duen gonbidapena bi alderdien artean dauden harreman historikoen eta adiskidetasun harremanen baitan kokatzen da.

Iragan urriko hauteskunde presidentzial eta parlamentarioek oso Parlamentu zatitua eratu zuen Uruguain. Frente Amplio alderdiak azken legealdietako gehiengoa galdu zuen. Luis Lacalle Pouk bigarren hautespen aldian irabazi zion Daniel Martínez Villamili, Tabaré Vázquez presidente ohiaren ondorengoari.

PARTEKATU