Euskadik, lehen aldiz, Gernikako Estatutua osatuko duen transferentzien kronograma bat dauka

Barne hartzen ditu Espetxe Sistemaren eskumena eta Gizarte Segurantzaren Sistemarekin zerikusia duten gaiak
Euskadik, lehen aldiz, Gernikako Estatutua osatuko duen transferentzien kronograma bat dauka
20 Otsaila | Eusko Jaurlaritza

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak agerraldia egin dute Gernikako Estatutua nola bete aztertzeko lan-bileraren ondoren.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak ziurtatu duenez, gaur goizean Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin izandako lan-topaketa oso emankorra izan da, adeitasun- eta ulermen-giroan garatua, non urrats garrantzitsuak eman diren. Josu Erkorekaren arabera, bi gobernuek bat egin dute garrantzitsua, lehentasunezkoa eta premiazkoa den horretan: Gernikako Estatutua osorik betetzea; horretarako, lanerako "kronograma" bat dago, 1979tik transferitu gabe dauden gai guztiak biltzen dituena. "Gaurkoa egun garrantzitsua da. Etapa berri bat irekitzen da. Historian lehen aldiz, lan-kronograma bat dugu egiteko dauden eskumen guztiak Euskadira transferitzeko ", adierazi du Erkorekak.

Espetxe Sistemaren eskumenari dagokionez, Josu Erkorekak nabarmendu du hori dela Gernikako Estatutuak jasotzen duen gai nuklearretako bat. "Euskadirentzat oso garrantzitsua da", adierazi du. Hala, iragarri du gaurtik aurrera bi gobernuak lanean hasiko direla eskumen hori negoziatzeko eta adosteko; eskumen horren barruan daude Euskadin dauden hiru espetxeetako baliabide materialak eta pertsonalak: Zaballa, Basauri eta Martutene. Euskadi, Espetxe Sistemanren eskumena jasotzeko prest dagoela ziurtatu du bozeramaileak. "2007an onartu genuen adingabeen epaitegiek ezarritako neurriak espetxeetan betearazteko eskumena, eta emaitzek urtez urte bermatzen dute gure kudeaketa", zehaztu du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi du Euskadik, bere eskumenen esparruan, espetxe-sistema propioa definitu nahi duela, bergizarteratzera, berreziketara eta birgizarteratzera bideratua. "Euskadik zerbitzu publikoaren profil propioa du, eta hori espetxe politiketan ere aplikatuko dugu. Has gaitezen lanean ", adierazi du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU