EAJ-PNVk EH Bilduren jarrera salatu du, arduratuago baitago Lehendakaria higatzen Zaldibarko gertaera tragikoaren kudeaketan laguntzen baino

Iñigo Iturrate jeltzalearen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzarentzat eta Lehendakariarentzat premiazkoena lurperatuen gorpuak aurkitzea den bitartean, EH Bildurentzat premiazkoena Lehendakariaren figura modu doilor eta zitalean higatzea da". Astearte honetan emango ditu azalpenak lehendakariak Eusko Legebiltzarrean

EAJ-PNVk EH Bilduren jarrera salatu du, arduratuago baitago Lehendakaria higatzen Zaldibarko gertaera tragikoaren kudeaketan laguntzen baino 13Otsaila 13 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk kritikatu egin du EH Bilduk Zaldibarko gertaera tragikoa ezagutu zenetik izan duen jarrera; giza minaren erabilera "interesatua, lotsagarria eta zitala", soilik alderdikeriak lortzeko eta Iñigo Urkullu lehendakariaren irudia higatzeko. Iñigo Iturrate legebiltzarkideak Gobernuaren jokabidea defendatu du, "Alberto eta Joaquin desagertutako bi langileen gorpuak aurkitu dituztelako". Hori izan da lehentasuna, gaineratu du, eta hala izaten jarraituko du, eta, aldi berean, bertan atsedenik gabe lan egiten dutenen eta kaltetutako zonaldeetako bizilagunen segurtasuna bermatzen jarraituko du. "Hemendik, eragile ezberdinek tokian bertan egiten ari diren lanaren gure aitorpen osoa eta gure elkartasuna zoritxar honek eragindako senide, lagun eta pertsonei". Iturratek gogorarazi duenez, ostegunean bertan eratu zen Krisi Mahaia, eta ordutik erakunde guztiak, lehendakaria buru zutela, modu "serio, zorrotz eta diskretuan" aritu dira lanean. Baina hori gertatzen zen bitartean, eta bi pertsona lurperatuta zeudela, EH Bilduk gezurren, justifikatu gabeko alarmen eta omen-galtze kanpaina bati ekin zion, Gobernuari eta haren ordezkari nagusiari eraso egiteko.

Politikan, "Denak ez du balio, eta are gutxiago batzuek egiten ari diren erabilera interesatu eta lotsagarriak. Eusko Jaurlaritzarentzat premiazkoa eta benetan diarduena lurperatuen gorpuak berreskuratzea eta segurtasuna bermatzea den bitartean, EH Bildurentzat premiazkoa Lehendakariaren figura modu doilor eta zitalean higatzea da. Krisia kudeatzen ari direnean eta oraindik informazio guztia biltzen ari garenean erantzukizun politikoak eskatzea ez da arduratsua ". Asmoa, adierazi duenez, agerikoa da: Gobernuaren higadura politikoa.

Astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, krisiaren kudeaketa azaltzeko eta zabortegia eraitsi ostean egindako jarduerak zehazteko. "Gardentasunez jokatu da, eta asteon lehendakariak erakutsiko du oposizioak gezurra esaten duela desagertuta egon dela esatean".

Interesatu Zaitez