EBBko presidenteak hitzaldi bat eskaini zuen atzo Mexiko D.F.ko Euskal Etxean, emozioz beteta Errealaren eta Athletic-en garaipenak ospatu ondoren
07Otsaila 07
|
Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, atzo goizaldean iritsi zen Mexiko D.F.ra Ipar Amerikako herrialdera egin duen bidaia ofizialaren lehen egunean. Jeltzaleen burua eta EBBren Nazioarte Gaietako burukide arduraduna, goizean, Senatura joan ziren eta Mauricio Kurirekin batzartu ziren, PANeko (Partido Acción Nacional) senatarien koordinatzaile nagusiarekin, Berta Xóchitl Gálvez senatariarekin eta Mariana Gomez del Campo ODCA (Organización Demócrata Cristiana de América) erakundeko ordezkariarekin. Topaketan, Mexikoko ordezkariek burukide jeltzaleei adierazi zieten nahiko arduratuta daudela Mexikoko ekonomiak oso hazkunde eskasa bizi duelako, eta nabarmendu zuten enpresen aldetik gero eta mesfidantza handiagoa dagoela eta aukerak galtzen ari direla ekonomian etorkizunera begira planteatzen diren esparru nagusietan, besteak beste trantsizio energetikoaren alorrean. Kurik bere aldetik galdetu zuen Querétaron finkatuta dauden euskal enpresen egoeraz. Orain arte horixe izan da Mexikon euskal inbertsio gehien jaso dituen erregioa, eta PANeko ordezkariak euskal enpresetako arduradunekin batzartzeko interesa adierazi zuen herrialde horretara inbertsioak erakartzeko eta Estatu horretako lanak finkatzeko. Bilera amaitutakoan, Ortuzarrek eta Burzakok Senatuko Bilkura Aretoa bisitatu zuten, XLIV. Legealdiko bilkuretako bat egin bitartean, eta PAN oposizioko alderdiko ordezkari gehienak agurtzeko aukera izan zuten. Hauen artean zegoen Damián Zepeda, PANeko presidente ohia; ordezkari jeltzaleak berarekin elkarrizketatu ziren 2018ko martxoan Mexikora egin zuten bisitan.
Eguerdian, Ortuzar eta Burzako, Mexikoko D.F.ko Euskal Etxera hurbildu ziren. Ipar Amerikako herrialde horretan bizi diren euskaldun eta alderdikideekin batera, intentsitate eta emozio handiz bizi zituzten Errealak eta Athletic-ek Kopako txapelketan lortu dituzten garaipenak. Kirol ospakizunaren ondoren, Ortuzarrek hitzaldi bat eskaini zuen eta bertaratuei azaldu zien Euskadi eta Estatuko egoera politikoaz duen ikuskera. EBBko presidenteak EAJ-PNVren alderdikide txartel berriak banatu zizkien Euzkadiz kanpoko Mexikoko Erakundeko alderdikideei.