EAJ-PNVk lortu du Legebiltzarrak euskal erakundeen parte-hartze aktiboa eskatzea Errioxako Kontseilu Arautzailean

Kontseilu Arautzailearen osoko bilkuretan "hitza eta botoa" izateak Arabako Errioxako mahastizainen interesen defentsa ziurtatuko luke. "Baliagarritasuna botoan dago, ez bozkatzea beste batzuek gure nekazariengatik erabakitzen dutenari men egitea baita. Kalitatea kantitatearen gainetik jartzen duen eredu propioa dugu, eta oraindik ez dago ordezkatuta ", esan du Rakel Molina jeltzaleak
06 Otsaila | Eusko Legebiltzarra

Talde jeltzaleak proposatuta, Eusko Legebiltzarrak Errioxa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileari eta Nekazaritza Ministerioari eskatu die erakunde horretako osoko bilkuretan sar ditzatela Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Aldundiko ordezkariak, Arabako Errioxaren interesak defendatzeko eta haren ekoizpen ereduak bizirik iraun dezan. Orain arte, Gasteizko Exekutiboak baino ezin du parte hartu, eta lekukotasun bidez egiten du, ez baitu botorik. Gertaera horrek, Rakel Molina legebiltzarkideak salatu duenez, eragotzi egiten du Arabako Errioxako mahastizainen eta ardogileen eskubideak defendatuta egotea, erabakiak beste batzuen interesen zoriaren mende utziz. Euskal erakundeentzako "ahotsaren eta botoaren" eskaera horrek Eusko Legebiltzarraren babesa jaso du, eta EAJ-PNV pozik agertu da horregatik.

"Botorik gabe parte hartzeak ez darama inora; ezin da baldintzatu, ezta eragin ere, gure nekazarientzat giltzarri diren erabakietan. Upategi txikiak eta ertainak ez dira hor defendatuta ikusten, eta beste batzuek hartzen dituzten erabakiekin jokatzen dute, mahastiei, lan egiteko moduari eta lantzeko moduari eragiten dietelako ", gaineratu du.

Arabako ardogintza eskualdearen bereizgarri den berezko nortasuna ekarri du gogora Molinak, Errioxako gainerakoekin zerikusirik ez duen ekoizpen eta negozio eredu batekin. Errealitate hori errespetatu eta integratu egin behar dela azpimarratu du, "Beste aukera batzuk bilatzeko prest egon ez daitezen". Jeltzaleen ordezkariak bere estrategia birzentralizatzailea eta bateratzailea bertan behera uzteko eskatu dio Kontseilu Arautzaileari, eta upategi txiki eta ertainak nagusi diren Izendapeneko beste eremu batzuei sarrera emateko. Errealitate oso ezberdinak, erantzun ezberdina behar dutenak, esan du.

"Homogeneizazio horrek arazo handiak eragiten dizkie Arabako mahastizainei; izan ere, upategi handiak dira Kontseiluak kontrolatzen dituenak, ekoizpen-bolumen handiak maneiatzen dituztenak eta Arabako ereduarekin bateraezina den ekoizpen-eredua dutenak, azken hauek kalitatea kantitatearen aldean lehenesten dutelarik". Hala, salneurriaren arabera saltzen jarraitzen bada, eta ez kalitatearen arabera, "Arabako Errioxa ezingo da sostengatu", ohartarazi du.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk Kontseilu Arautzailearen Estatutuak aldatzea eskatzen du, Arabako nekazariak ordezkatuta eta identifikatuta senti daitezen beraiena ere baden proiektu batekin. Aldaketa hori egiteko, euskal erakundeen ordezkaritza handitu behar da, eta kontseiluko osoko bilkuretan zein batzordeetan botoa eman. Aldi berean, Arabako Errioxako ardoen berezitasun eta bereizketa hori aitortua izatea eskatzen dute jeltzaleek. "Etorkizuna bereiztetik pasatzen da. Ardoen kalitateari balioa emateko behar den bereizketa, barietateei, ekoizpenari, etiketatzeari edo merkaturatzeari buruzko erabakietan parte har dezaten. Arabako Errioxako mahastizainak eta ardandegi-zainak dira euren etorkizuna erabaki behar dutenak ", ondorioztatu du.

 

PARTEKATU