EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Mikel Burzako burukideak bihar hasiko dute Ipar Amerikako herrialde horretara egingo duten bigarren bidaia
05Otsaila 05
|
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako (PDE) presidenteordeak, gaur gauean hasiko du ordezkari jeltzale biak Mexikora eramango dituen bidaia. Amerikako herrialde hartan bisitatuko du jeltzaleen buruak EAJ-PNVren Euzkadiz Kanpoko Mexikoko Erakundea, berrikitan eraberritua izan dena, eta urrats berri bat emango du EAJ-PNVk herrialde hartako klase politiko eta sozialarekin dituen harreman politiko, ekonomiko, sozial eta pertsonalak eguneratzeko, finkatzeko eta optimizatzeko daukan konpromisoa betetzeko. Mexikok harreman historiko estuak ditu Euskadirekin eta euskal jatorriko komunitate handi eta eraginkorra bizi da bertan. Aurreikuspenen arabera Ortuzar Mexiko D.F.ra iritsiko da bihar, osteguna, goizaldeko 5:05ean (Euskadin zazpi ordu gehiago). EBBko buruak etxera bueltatzeko bidaia hasiko du otsailaren 12an, asteazkena, eta aurreikuspenen arabera Euskadin egongo da 13an, osteguna.
Ortuzar eta EBBko Nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako Mexikora bidaiatuko dira Manuel Andrés López Obradorren Gobernuaren eraketaren lehen urteurrena bete denetik bi hilabete igaro ondoren. Mexikora eginiko aurreko bisita batean, 2018ko martxoan, Ortuzar eta Burzako López Obradorren etxe partikularrean izan ziren, Obradorrek berak gonbidatuta, eta orduan hitzeman zuten Mexiko eta Euskadiren arteko lankidetza esparruak bilatuko zituztela. Horixe izango da, hain zuzen, ordezkaritza jeltzaleak Mexikora egingo duen bisitaren helburuetako bat, eta xede horrekin harremanetan egongo dira herrialde hartako eragile politiko eta ekonomikoekin eta enpresa munduko eta esparru sozialeko ordezkariekin. 2018an eginiko bisita hartan Ortuzar eta Burzako batzartu ziren Partido Acción Nacional (PAN) alderdiko Damián Zepedarekin eta PRI alderditik (Partido Revolucionario Institucional) Mexiko hiriko gobernubururako aurkezten zen hautagai eta euskal jatorriko Mikel Arriolarekin.
Ezin delako bestela izan, Ortuzarrek hiriburuko Euskal Etxea bisitatuko du Mexikora egingo duen bisitaren lehen egunean. Bertan elkartuko da EAJ-PNVk Mexikon daukan eta berrikitan eraberritu den Euzkadiz Kanpoko Mexikoko Erakundeko kideekin eta alderdikide txartel berriak emango dizkie. Jarraian, jeltzaleen buruak hitzaldi irekia eskainiko du eta bertaratuekin partekatuko du egun Euskadin eta Espainiako estatuan bizi den egoera politikoari buruz daukan ikuskera.
Gaur gauean hasiko duena izango da EBBko burua denez geroztik Ortuzarrek nazioartean egingo duen hogeita batgarren bidaia. 2013an Hegoamerikara joan zen Venezuela, Argentina eta Txile bisitatzera eta une hartan Michelle Bachelet gaur egungo presidente andrea zoriontzeko eta berarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Urte bereko abenduan Erromara (Italia) joan zen Europako Alderdi Demokrataren (PDE) gailurrera. 2014ko irailean Ortuzar Edinburgora joan zen zuzenean Eskoziako erreferendum historikoaren jarraipena egitera. Azkenik, urte bereko abenduan, jeltzaleen buruak Bruselan (Belgika) hitz egin zuen PDEren Kontseilu politikoan.
2015eko urtarrilean, EBBko presidenteak askotariko harreman politikoak izan zituen Txile eta Peruko diasporarekin. Martxoan, Ortuzarrek harreman politikoak sendotu zituen New York eta Bostongo eragile politiko eta ekonomikoekin. 2015eko ekainean Anberesen hiri hartako alkate eta N-VA alderdiko presidente Bart de Weber-ekin batzartu zen. Urte berean, uztailean, Amerikako Estatu Batuetara itzuli zen Boiseko Jaialdian parte hartzera (Idahon). 2015ean ere, urriaren amaieran, jeltzaleen burua Munich-era joan zen Europako Alderdi Demokrataren Kontseilu Politikora, Europako alderdi horretako presidenteorde delarik. Ortuzarrek Bavariako hiriburuan zela aprobetxatu zuen Alemanian errefuxiatuentzat dagoen esparru nagusiena bisitatzeko. 2016ko ekainean jeltzaleen burua Washingtonera joan zen Smithsonian Folklife Festival-era, euskal kulturan oinarrituta egin zenera. Hilabete geroago, Ortuzar Estatu Batuetara itzuli zen eta Demokraten Konbentzioan izan zen Hillary Clinton AEBko presidenterako hautagai aukeratu zutenean. Azaroan Bruselan izan zen Europako Alderdi Demokrataren Kontseiluan, alderdi horretako presidenteordea delarik.
2017ko maiatzean Ortuzar Albin izan zen (Frantzian) Emmanuel Macron-ek eman zuen mitinean eta bertan agurtu ahal izan zuen gaurko presidentearen emazte Brigitte Trogneux. Ekainean, EBBko presidentea Bruselara bidaiatu zen Demokrata-liberalen gailurrean parte hartzera bertan izan ziren Europako bost presidente eta estatuko bururekin batera. Abenduan, Urkullu Lehendakariarekin batera, Erromara bidaiatu zen PDEren Kontseilura. 2018ko martxoan, Ortuzar Mexikora bidaiatu zen lehen aldiz EBBKo presidente gisa. Urrian Parisen elkartu zen François Bayrou-rekin, Frantziako MODEM alderdiko presidente eta PDE-ko buruarekin.
2019ko urtarrilean, Ortuzar eta Burzako Txile eta Perura bidaiatu ziren. Maiatzean Costa Ricara joan ziren eta bertan parte hartu zuten Amerikako Erakunde Demokrata Kristauen Kongresuan (ODCA). Azkenik, iragan azaroan, Ortuzar jeltzaleen ordezkaritzako buru izan zen PDEk egin zuen azken Kontseiluan.