Erresuma Batuarekin hitzartuko den akordioak eskubideak errespetatzea espero du Izaskun Bilbaok

Eurodiputatu jeltzalearen aburuz elkarrizketa indartu behar da arazo politikoak konpontzera begira, besteak beste, Brexit-aren eraginez sortu dena, Kataluniako auzia eta Bolivian eta Venezuelan bizi duten krisia.

Erresuma Batuarekin hitzartuko den akordioak eskubideak errespetatzea espero du Izaskun Bilbaok 04Otsaila 04 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andreak espero du Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko harremanak arautzeko abiarazi den negoziaketa prozesuak hiritargoaren eskubide eta askatasunak errespetatzea eta Batasunaren estandarretan oinarritutako harreman ekonomikoak bermatze. ETBren “Egun on Euskadi” saioan nabarmendu ditu elkarrizketaren bideragarritasuna eta balioa arazo politikoak konpontzera begira, besteak beste, Brexit-aren eraginez sortu dena, Kataluniako auzia eta Bolivian eta Venezuelan bizi duten krisia.

Euskal diputatuak ildo beretik esan du elkarrizketa dela Kataluniako auzia konpontzeko bidea.Gaur bertan Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Bruselatik telekonferentzia bidez hitz egingo du Kataluniako parlamentuan Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren inguruan egiten ari den Ikerketa Batzordean. Bilbao Barandicak nabarmendu du JxCat alderdiko diputatuak Europako Parlamentuan “normaltasun osoz” integratu direla “proposamenak eginez, bozkatuz eta eztabaidetan parte hartuz”, alegia. Era berean azaldu du Europako Parlamentuan Kataluniako auzia aztertzeko eratu den taldea nazio honen eta Europaren arteko elkarrizketarako plataforma dela eta bertan EAJ-PNV ere kide aktibo bat dela. Gaur bertan, diputatu jeltzaleak hileroko bileran parte hartuko du. Organo honetan antolatzen da Kataluniako diputatu independentistekin aurreikusten den lankidetza, estrategiak ezartzeko eta Europan Kataluniako krisiari buruzko jarduerak proposatzeko.

Bilbao Barandicak ETBn egin dioten elkarrizketan aztertu du Brexit-a betetzen denetik aurrera irekiko den aldia, hamaika hilabeteren buruan EB eta BHren arteko akordioarekin amaituko dena. “Batasunaren lehentasuna da, esan du, hiritargoaren eskubideak bermatuko dituen akordioa lortzea eta,era berean, Europako estandarretan oinarritutako harreman ekonomiko eta komertzialak ahalbidetuko dituena”. Era berean berretsi du Brexit-ak ere “Europan autodeterminazioari buruzko eztabaida” irekiko duela. Zentzu horretan gogora ekarri du Eskoziak beste erreferendum bat planteatu duela eta Ipar Irlandan normaltasun osoz hitz egiten ari dela “Irlanda biak berriro bateratzeko prozesua abian jartzeaz”.

Bilbao Barandicak bereziki aipatu ditu Brexit-ak arrantza sektorerako ekarriko dituen ondorioak eta nabarmendu du Europako eta Euskadiko erakundeen aldetik ahalegin guztiak egiten ari direla Erresuma Batuaren irteerak “ahalik eta ondorio arinenak ekar ditzan euskal ontzidiaren eskubideentzat”. Era berean gogoratu du Britainia Handiaren arrantza eskubideak,neurri handi batean, Eskoziako uretan daudela. Amaitzeko esan du Arrantza Batzordeko kide den aldetik egunotan euskal ontzidiarentzat oso garrantzitsuak diren txostenak lantzen ari dela besteak beste Senegal, Guinea Bissau eta Afrikako beste estatuekin izenpetu nahi diren akordioen inguruan.

Euskal diputatuak era berean hitz egin du Bolivia eta Venezuelako egoerez eta nabarmendu du demokraziak ezinbestean exijitzen duela “hauteskundeetako emaitzak eta hiritargoak hautestontzietan adierazten dituen erabakiak errespetatzea”. Berriro azpimarratu du elkarrizketa dela herrialde bietan bizi diren arazo politikoak konpontzeko bidea eta esan du Bolivia eta Venezuelako egoerak konponduko badira, hauteskunde askeak egin beharko direla, eta den-denak baldintza berberekin aurkeztu daitezela nazioarteko behaketa mekanismo baten babesarekin. “Gogoratu behar da, esan du, Madurok 2015eko hauteskundeak galdu zituela eta ez zuela sekula parlamentu berria onartu, hau da, Juan Guaido presidente izendatu zuen asanblada. Boliviako kasuan adierazi du Evo Moralesen gobernuak esparru sozial eta ekonomikoan erdietsi zituen lorpenak miresten dituela, baina era berean nabarmendu du Moralesek “Konstituzioa aldarazteko eta hauteskundeetan berriro aurkeztu ahal izateko erreferenduma galdu zuela”. “Galdu arren, erreferenduma egin zuen eta OEAren esanetan hauteskundeetako iruzurra egin zuen. Irtenbidea, kasu bietan, hauteskundeak berriro egin beharra”.

Interesatu Zaitez