Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak baieztatu duenez PPk eta C´s Euskadin batera aurkezteak erakusten du “bestelakoak izateaz gain, nazio bat garela”
OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian
“Estatutua Lege Organikoa da eta esaten duena esaten du. Ez da gai eztabaidagarri bat. Sánchezek ezin digu esan `orain ez da momentua´. Bai, orain da momentua, eta duela 40 urte ere bazen”. Horrela erantzun du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek PSOEk eta Espainiako Gobernuak 2020an Gernikako Estatutua osorik betetzeko hitzeman duten konpromisoa beteko ote duten galdetu diotenean. Bilboko Herri Irratian egin zaion elkarrizketan, jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentziaz galdetu diotenean. “Beste eskuduntza bat da, egiaztatu eta egin behar den transferentzia, eta kito. Gainera, epe bat ere badago,hau da, 2020an zehar egin behar da. Normaltasun osoz hartu behar da hori”, baieztatu du Ortuzarrek batzuek gai honen inguruan daukaten diskurtso faltsuaren inguruan ohartaraziz. “Gizarte Segurantzari buruz hitz egiten den guztietan egia ez diren gauzak entzuten eta idazten dira. Gu Gizarte Segurantza osoaren transferentzia egitearen alde gaude `kutxa bakarra´ termino hori ez delako inongo legetan agertzen, baina orain ez gara horretaz ari. Gernikako Estatutuak bai jasotzen du Gizarte Segurantzaren erregimenaren transferentzia. Negoziaketan nolabaiteko konplexutasun teknikoa daukan gai bat da baina politikoki ez da lortzen zaila”. Jeltzaleen buruaren aburuz “beldurra kendu behar zaio” transferentzia horren inguruko negoziaketari. “Osasun Sistema osoaren transferentzia egin zenean gauza bera esaten zen `Nola funtzionatuko dute ospitaleek ?´. Bada, argi eta garbi ikusi da Madriletik kudeatzen zirenean baino hobeto funtzionatzen dutela. Bada, gai honekin berdin gertatzen da. Gernikako Estatutuak jasotzen duen gai bat da, egin daiteke eta egin behar dugu borondate politikoarekin eta dramatismorik gabe. Eskuduntza garrantzitsua da , berez garrantzitsua delako eta bolumen handia duelako, baina teknikoki eta politikoki egingarria da, eta erraz egin daiteke, gainera, nahiko erraz”.
Halaber,Ortuzarri galdetu diote Lledoners-en espetxe zigorra bidegabeki betetzen ari diren Kataluniako politikariei egin zien bisitaz. “Sarritan joaten gara presoak bisitatzera,horietako batzuk lagun pertsonalak direlako. Gure bidaiaren zergatiari buruzko irakurketa askotarikoak egin dira, baina joan ginen, beti bezala, gure elkartasuna adieraztera;baita oinarri politiko batzuei buruz hitz egitera ere, oraingo legealdia politikoki probetxugarria izan dadin politikarako, gauzak egiteko eta akordioak ekartzeko,alegia. Eta argi dago gaur egun Espainiako estatuko gobernagarritasuna, eta legealdi honetan emango denaren bideragarritasuna, zati handi batean, EAJren eskuetan eta ERCren eskuetan daudela. Eta Oriol Junquerasekin hitz egitera joan ginen, berak legealdi hau nola ikusten ote duen galdetzera eta zer urrats eman behar genituen eta, ahal den neurrian, bi alderdion posizio politikoak bateratzerik ote dugun, gauza bide onetik joan dadin”.
EAJko buruari era berean galdetu diote 2020an Euskadi eta Katalunian egingo diren hauteskundeetan Partido Popularra eta Ciudadanos batera aurkeztuko ote diren. Bere aburuz alderdi biek hauteskunde hauei aurre egiterako orduan “salbuespen neurriak” hartzen badituzte argi eta garbi geratuko da “zuzen gaudela bestelakoak garela esaten dugunean. Zergatik egingo dute zerrenda bateratua Euskadin eta Katalunian, beren nazioan beste inon egiteko gai ez direnean? Bada, salbuespen politiko bat ematen den leku batetara gatozelako. Beraz, horrek ere agerian uzten du beste nazio bat garela, politikoki ezberdina. Bada, etor daitezela eta ahal dutena egin dezatela”, erantzun du.