Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andreak gaur goizean parte hartu du Sabino Arana Fundazioak antolatuta egin den “XII. Bilboko Elkarrizketak” ekitaldian
Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andre Izaskun Bilbao Barandicak gaur goizean nabarmendu du ´Brexit´-ak planteatzen dituen ziurgabetasunak argitzeko modurik onena dela Erresuma Batuarekin egin beharko diren negoziaketetan lehenestea hiritargoaren eskubideen defentsa, Britainia Handiaren eta Europako Batasunaren arteko fluxu ekonomikoak bere horretan eutsiko dituen akordioa eta “aukeraz beteriko une historikoa” zabaltzea, erabakitzeko eskubidea egikaritu ahal izateko, Eskozian eta Irlandan esaterako. Horiek dira, bere aburuz, `Brexit´-aren bigarren etapa, bihar bertan hasiko dena. Bilbao Barandicak gaur hitz egin du Sabino Arana Fundazioak Bilbon antolatu eta egin duen `XII. Bilboko Elkarrizketak: Europa eta Latinoamerika´ jardunaldian . Aurtengo jardunaldiaren izenburua izan da “Mobilizazioak eta matxinadak krisi politiko eta sozialen aro globalean”.
Gauean Erresuma Batua Europako Batasunetik irtetea konfirmatu ondoren, ´Brexit´-aren lehen fasea amaituta, otsailaren 1ean hasiko da “hamaika hilabeteko trantsizio prozesua, Batasunetik ateratzeko behin betiko akordioa negoziatzeko, oinarrizko helburu batekin: Erresuma Batuan Europako hiritar guztien eskubideak babestea eta arau argi batzuk ezartzea, prozesu honen ondorioa ahal den txikiena izan dadin”. Bilbaok esan du ‘Brexit’-a momentu “gogorra” izan dela, “nahi izan ez dena”. “Negoziaketa prozesuan helburu nagusia izango da Erresuma Batuarekiko harremanak- Europako herrialde garrantzitsua den heinean- onak izan daitezela eta, batez ere, arau batzuk izan ditzagula Europako Batasunean eraiki ditugun estandarrei eusteko”. Diputatu jeltzaleak nabarmendu du negoziaketek zabalik irauten duten bitartean ziurgabetasuna izango dela nagusi, baita Euskadirentzat ere, inork ezin baitu esan zein izango diren Britainia Handiaren jarrera eta proposamenak, baina nabarmendu duenez “Europako Batasunetik eta Eusko Jaurlaritzatik baliabide guztiak jarri dira inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen, pertsonengan eta ekonomian”.
Bilbao Barandicak era berean aurreratu du ´Brexit´-ak Europa mailan normalizatuko dituela erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida eta elkarrizketa, prozesu bi abiarazi dituelako, Eskoziakoa eta Irlandakoa. Bilbaok era berean informatu du nazio bietako diputatuek horixe aipatu zutela Europako Parlamentuan agur esateko bilkuran. “Eskoziarrek esan ziguten:`Europako hiritar izaten jarraitu nahi dugu eta erreferenduma egin ahal izatea bilatuko dugu, barruan jarraitu ahal izateko´. Ipar Irlandako diputatuek, beren aldetik, Irlandako Errepublika bateratzeaz hitz egin ziguten. Ikuspegi horretatik ere aukeraz beteta dagoen une historiko batean aurkitzen gara”, amaitu du Europako parlamentuko diputatu jeltzaleak.