Urtaranen gobernuak ia 800 lanpostu betetzeko LEP bat onetsi du, besteak beste, administrazio, mantentze, informazio eta kontrol kategorietan

“Zalantzarik gabe, Gasteizko Udalaren historian inoiz egin den enplegu eskaintza handienaren aurrean gaude, 2001ean deitutako 462 lanpostuen gainetik. Mugarria da enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeari dagokionez, eta udal plantillaren behin-behinekotasun portzentajea % 5era jaisteko hartu dugun konpromisoari erantzuten dio“, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Urtaranen gobernuak ia 800 lanpostu betetzeko LEP bat onetsi du, besteak beste, administrazio, mantentze, informazio eta kontrol kategorietan
13 Abendua | Gasteiz
  • Prozesua amaitutakoan, behin-behinekotasun tasa % 38tik % 5era jaitsiko da
  • Gasteizko Udalaren historian inoiz egindako enplegu eskaintza publikorik handiena da

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udaleko C, D eta E taldeetan 407 lanpostu betetzeko sustapenaren eta enplegu-eskaintza publikoaren deialdia onetsi du gaur goizean; besteak beste, garbitzaileen, administrarien, informazio eta kontrol agenteen, eta mantentze lanetarako ofizial espezialisten lanbide kategoriei dagozkie horiek.

Duela urtebete talde horietarako onetsi ziren beste 275 lanpostuei gehitzen zaizkie 407 horiek, beraz, orotara 682 lanpostu betetzeko LEP bateratua egingo da. Datozen hilabeteetan onetsiko dira deialdiaren oinarriak, eta izena emateko epeak irekiko.

“Zalantzarik gabe, Gasteizko Udalaren historian inoiz egin den enplegu eskaintza handienaren aurrean gaude, 2001ean deitutako 462 lanpostuen gainetik. Mugarria da enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeari dagokionez, eta udal plantillaren behin-behinekotasun portzentajea % 5era jaisteko hartu dugun konpromisoari erantzuten dio“, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

682 lanpostuen eskaintza globala honela banatuko da: 151 barne sustapenerako; 42, ezintasunak dituzten pertsonentzat, eta 489, txanda librerako. Gaur onetsi den deialdiaren barruko 407 lanpostuak, berriz, lanbide-kategoria hauei dagozkie: garbiketarako 143, administrazioarekin lotutako 84, eta informazio eta kontrol agenteen kategoriako 81.

C, D eta E taldeetarako prozesuaren hasierak bat egiten du goi eta erdi mailako titulazio-taldeetarako (A eta B) egindako LEParen amaierarekin. Azken horretan lanpostua lortzen duten 174 funtzionarioak martxoan jabetuko dira horietaz.

Enplegua sendotzeko beste LEP bat

Orobat, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 4. xedapen iragankorrari dagozkion lanpostuen enplegu-eskaintza publikoaren deialdia onetsi du Urtaranen gobernuak. Izan ere, xedapen horrek bide ematen du aldi baterako lanpostuak enplegu finko bihurtzeko LEPak egiteko 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bitarteko langileek etenik gabe betetakoak badira.

LEP mota horretan, probetako edukiak zerikusia izan behar du deialdiaren xede diren lanpostuetako ohiko prozedura, ataza eta eginkizunekin, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuta.

Lanpostuak sendotzeko onetsi den LEParen barruan  A, B, C, D eta E taldeetako 112 plaza sartu dira guztira. Garbiketarekin lotutako lanbide-kategoriak dira gehiengoa (46 lanpostu); mantentzearekin lotutako lanbideetan zein informazio eta kontrol zerbitzuetan ere badira horien artean. Finkapeneko LEPeko 112 plaza horiek, c, d eta e taldeetako LEParekin batera, eskaintzen diren lanpostuen bolumen osoa 794ra iristen da.

Enplegu gehiago adimen ezintasuna duten pertsonentzat

Azkenik, zenbait sailetako lanpostuen zerrendak aldatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Besteak beste, adimen ezintasunen bat duten pertsonentzako hiru lanpostu sortzea dakar horrek. Lehen aldia da Udalean, tradizioz, dibertsitate funtzionalerako enplegu kupo bat gorde duela, eta adimen ezintasunerako berariazko kupo bat ezartzen duela.

iturria fuente: vitoria-gasteiz.org

PARTEKATU