Guaidó Venezuelako Asanblada Nazionaleko presidente egiteko berrautaketaren zilegitasuna babestu du EAJ-PNVk

Mikel Burzakok, EBBren Nazioarte Arloko burukide arduradunak, gaur salatu du Maduroren Gobernua “indarraren bidez” Parlamentuaren jarduna neutralizatzen eta “erregimenaren aldekoekin” ordezkatzen saiatu dela
Guaidó Venezuelako Asanblada Nazionaleko presidente egiteko berrautaketaren zilegitasuna babestu du EAJ-PNVk
08 Urtarrila | EBB

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak babestu egiten du Juan Guaidó Venezuelako Asanblada Nazionaleko presidente berrautatzeko egin den prozesuaren zilegitasuna, joan den igandean 'El Nacional' egunkariaren egoitzan egin zen bilkura batean, eta ez Jauregi Federal Legegilean, Maduroren Gobernuaren jarduera errepresiboaren ondorioz; izan ere, eragotzi egin zen Venezuelako subiranotasunaren ordezkari legitimoak Ganberara sartzea. Guaidó berrautatua izan zen 100 legebiltzarkideren aldeko botoarekin, Asanblada Nazionala osatzen duten 167 legebiltzarkideetatik.

Mikel Burzakok, Exekutiba jeltzalearen Nazioarte gaietarako Saileko burukide arduradunak, gaur eman du ezagutzera EAJ-PNVren jarrera “Venezuelako Asanblada Nazional legitimoaren jarduna indarraren bidez neutralizatzeko eta erregimenaren aldeko kideekin ordezkatzeko saiakeraren aurrean”, sistema demokratiko baten oinarrizko arauak urratu direla nabarmenduz. Burzakok eta EAJ-PNVk dei egiten diote nazioarteko komunitateari, nazioarteko eta Latinoamerikako nazioz gaindiko erakundeei bereziki, "Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren artean elkarrizketarako eta negoziaziorako mahai bat ezartzea bultza dezan, herrialdearen joera autoritarioa geldiarazteko, eta oinarriak ezar ditzan bai demokrazia berrezartzeko bai eta egoera kritikoan dagoen Venezuela ekonomikoki suspertzeko ere".

Joan den igandean, urtarrilak 5, Maduroren Gobernuak jauzi kualitatibo bat eman zuen bere noraezean, indarrez eragotzi nahi izan baitzuen Parlamentuko saioa egitea Jauregi Federal Legegilean, zeinak Zuzendaritza Batzordea eta Guaidó presidentea berriro aukeratzea bozkatzen baitzuen. "Botere legegilearen funtzionamenduaren aurkako jardun errepresibo hau, Guaidori berari eta hainbat parlamentari gehiagori Parlamenturako sarbidea ukatuz, sistema demokratikoaren oinarrien urraketa larria da, eta Venezuelako Nazioaren oinarri konstituzionalak ahultzen ditu", salatu du Burzakok. "Venezuelako herriaren ordezkari legitimoen aurka egindako eskubideen urraketa nabarmena da, Venezuelako Errepublika Bolibartarrean diktadura-sistema behin betiko ezartzeko bidean oinarritzen dena", amaitu du burukideak.

PARTEKATU