Aitor Estebanek konfirmatu du “aurrerapausoak” eman direla PSOErekin eginiko elkarrizketetan, baina ildo beretik gaineratu duenez “oraindik ezer ez dago itxita”

PSOErekin egin den bilera amaitutakoan eskainitako prentsaurrekoan, jeltzaleen bozeramaileak erreklamatu du aztertu diren gaien inguruan “gehiago argitzea”, EAJ-PNVk inbestidurari begira erabakiko duen behin betiko jarrera ezartzera begira

Aitor Estebanek konfirmatu du “aurrerapausoak” eman direla PSOErekin eginiko elkarrizketetan, baina ildo beretik gaineratu duenez “oraindik ezer ez dago itxita” 19Abendua 19 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNVren Legebiltzar Taldeko bozeramailea, gaur  Diputatuen Kongresuan ordu betez batzartu da Adriana Lastra eta Rafael Simancasekin, hurrenez hurren Talde Sozialistako bozeramaile eta idazkari nagusiarekin.

Bilera amaitutakoan “ohiko giro onean” egin dela nabarmenduz, Esteban hedabideen aurrean agertu da  adierazteko EAJ-PNV jabetzen dela negoziaketen konplexutasunagatik, hainbat alderdi hartu behar direlako, “ezin  izan direla xehetasunak gehiegi landu”, baina esan du “funtsezko” jotzen duela “Gobernuaren “ildo nagusiak” eta “arlo zehatzetako konpromisoak” ezagutzea.

Estebanek era berean konfirmatu du “aurrerapausoak” eman direla elkarrizketetan, baina gaineratu du oraindik “ezer ez dagoela itxita”, PSOEren eta Jarduneko Gobernuaren aldetik “hainbat gauza argitu behar direlako” hainbat gairen inguruan.

Jeltzaleen bozeramaileak PSOErekin eginiko elkarrizketetan mahai gainean jarri diren gaietako batzuk azaldu ditu, horien artean “funtzionamenduari buruzko xehetasunak ematea legealdiak eta ekimenek aurrera egin dezaten”. Zentzu honetan Estebanek nabarmendu du  aurrerantzean lan egiteko metodoa izan beharko dela azken Lege Dekretuak edo azken ekimen legegileak aurkezteko orduan PSOEren Gobernuaren ezaugarri izan denaren ez bezalakoa. “Onartzerik ez dagoena da ekimenak guztiz borobilduta eta aldarazpenak egiteko aukerarik gabe planteatzea”, esan du. Estebanek era berean azaldu du EAJ-PNVk eskatzen duena “konpromiso” bat dela  eta “argi eta garbi gurekin adostuko dira etorkizuneko Gobernuak proposatuko dituen gaiak”.

Horri guztiari lotuta, Estebanek era berean konfirmatu du PSOErekin egin den bileran  EAJren kezka diren beste gai batzuk jorratu direla, besteak beste “industria arloko helburuak”, euskal ekonomian oso indar handia duen sektorea aintzat hartuta; lan arloko edo zerga arloko erreformak; azpiegitura arloko konpromisoak; gizarte esparruko ekimenak besteak beste Mozal legea, pentsioak edo oroimen historikoaren inguruko gaiak. Estebanek ildo beretik baieztatu du landu diren gaien artean egon direla “garapen autonomikoa eta lurraldetasuna”.“Gobernuak aukera bikaina dauka orain erronka konplikatu eta era berean egingarriari heltzeko: Euskadi eta Kataluniaren eginkizuna Estatuaren egituraren barruan”, baieztatu du.

Kongresuko bozeramaile jeltzaleak ez du inbestidurarako data zehatz baten inguruko espekulaziorik egin nahi izan, eta horri buruz egin dizkioten galdera ugariei erantzunez zera esan du: “EAJ-PNVren botoa erabaki gabe dago oraindik”. Dena dela, Estebanek PSOEri eskatu dio  “arduraz eta bizkor jokatzea, inbestidura albait arinen nahi badu”. “jakin dakite zeintzuk diren argitu behar dituzten gaiak, guk ez daukagu arazorik berriro batzartzeko edo joan behar den tokira joateko, baina ardura eta bizkortasuna une honetan PSOEri dagozkio”, nabarmendu du. Estebanek hitzeman du ezagutzera emango duela EAJ-PNVk eta PSOek akordio batetara iristen badira.

Azkenik eta gaurko albistegiak bete dituzten ebazpen judizialez galdetuta, Estebanek, lehenengo eta behin EBJAk Oriol Junquerasen inmunitateaz eman duen epaia ekarri du gogora: “Pozez hartu dut ebazpen judiziala, uste dut logikoena eta espero litekeena zela eta orain Espainiako auzitegiak hausnarketa egitera eraman behar lituzke  gai honetan guztian legeria bideratu edo “bortxatu”  egin dutelako. Nahiko nuke Junqueras jauna albait arinen aske geratu ahal izatea  eta Europako Parlamentuan dagokion eserlekuan  Europako diputatu gisa ikustea”, baieztatu du.

Interesatu Zaitez