Gabonen osterako atzeratzeak inbestidura konplika lezakeela ohartarazi du Estebanek: “zenbat eta arinago, orduan eta hobeto”

Kongresuko EAJ-PNVren Euskal Taldeko bozeramaileak aitortu du PSOErekin hitz egiten ari dela eta uste du akordioak oraindik “berde” daudela, baina hala ere “gaur gaurkoz” baikor dagoela, guztien aldetik “borondatea” antzematen duelako
29 Azaroa | Kongresua

Aitor Estebanek, Kongresuko EAJ-PNVren Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur ohartarazi du inbestidura Gabonen osterako uzteak dena konplika lezakeela eta, horregatik “albait arinen” egitea eskatu du, gaur egungo borondateak “desbideratuko” dituzten ezustekoak saihesteko.

ETB1en `Egun On Euskadi´ saioan egin dioten elkarrizketan, Estebanek aitortu du PSOErekin hitz egiten ari dela, baina EAJ-PNVren aldetik ohiko denez, ez du elkarrizketa horien edukia argitu nahi izan. Edozein kasutan, bai esan du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia ez dela baldintza gisa planteatu EAJ-PNVk Pedro Sánchezen kandidatura babes dezan. Ildo beretik eta Gernikako Estatutua Lege Organiko bat dela eta derrigorrez bete beharra dagoela gogoratu ondoren nabarmendu du jeltzaleek hori aldarrikatzen jarraituko dutela eta EAJ-PNV prest dagoela “gauzak bestela egiteko moduari” ateak zabaltzeko zentsura mozioa ahalbidetu zutenen artean, eta orain PSOE eta Unidas Podemos taldearen artean babes lezaketela. Horregatik, bete gabe jarraitzen duten akordioen betepenetik harago eta Espainia eta Euskadiko gobernuen artean adostu zuten transferentzien egutegiak eraman beharko duen bidetik harago, Estebanek adierazi du “Euskadirekin zerikusia duten gaiak norantz joango diren jakin behar dugu, baita zer asmo dituzten zuzenean eragiten eta ardura diguten gaien inguruan ere, besteak beste pentsioen erreformaz eta lan merkatuaz”. Horri lotuta, Estebanek era berean nabarmendu du gutxiengo egoeran baina babes anitzak dituen Gobernu baten metodologia edo “jarduteko modua” bermatu beharra dagoela erabakiak hartzeko orduan “azken momentura arte itxaron beharrik ez izateko”.

Vox-eko 52 diputatuek Parlamentuko dinamikan izan dezaketen indarraz galdetuta, Estebanek iragarri du “eztabaida gogorrak” emango direla, Ciudadanos-ekin izandakoak edo iraganean PPrekin izandakoak bezalakoak, eta azpimarratu du ultraeskuineko alderdiak izan dezakeen eraginari begira “gakoa” dela “PPren jarrera”, eta Estebanen hitzetan “ez du baikor egoteko aukerarik ematen”.

Amaitzeko, Aitor Estebanek gogora ekarri du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko adituak egiten ari diren lana, eta batzuek eta besteek oraindik ezagutzen ez diren testuen inguruan egin dituzten filtrazioak kritikatu ditu. Estebanen esanetan lanek diskrezioa behar dute eta astelehenera arte itxarotea eskatu du, momentu horretan emango baitira ezagutzera testuak. Edozein kasutan, bai kritikatu du ezker abertzaleak duela hilabete batzuk akordiotik kanpo geratu zela iragarri izana eta “egoera zehatz bat baliatu izana beren posizio politikoak indartzeko”.

PARTEKATU