EAJ-PNVk alde biko harremana aldarrikatzen du, Estatuaren menpe egon gabe herri honen eskubideak bermatuko dituena

Joseba Egibar bozeramailearen esanetan, gaur egungo eredua “agortuta” dago eta ezinbestekoa da “ahalik eta akordiorik zabalenarekin“ etorkizuna irabazteko tresna berriak diseinatzea. “Daukaguna defendatzea eta autogobernua eguneratzea. Hori da lantaldearen eginkizuna, eta guk lan egingo dugu ahalik eta adostasunik zabalenarekin egitera begira”
28 Azaroa | Eusko Legebiltzarra

“Euskadiren eta Espainiako estatuaren arteko  harremana ezin da oinarritu bata bestearen menpeko izatean, baizik eta elkarrekiko aitortzan eta errespetuan”. Baieztapen horrekin aldeztu du Joseba Egibarrek Estatuarekin harreman esparru berri bat ezartzeko beharra, berdintasunean, aldebitasunean eta akordioan oinarri harturik eta bermeen erregimen bat barnean hartuz, gaineratu du, adostuko diren konpromisoak errespetatuak izan daitezen. “Eredu berri bat behar dugu gaur egungoa  zaharkituta geratu delako  eta Gernikako Estatutua betetzeko ere  balio izan ez duelako. Gernikako Estatutua Lege Organiko bat da eta lau hamarkada daramatza osorik bete gabe”.

Harreman berri hori egituratzera begira, Egibarrek lehenetsi beharreko jotzen du  daukaguna defendatzea, bere betepen osoa erreklamatzea eta behar den guztia eguneratzea herri honek kolektibo gisa dituen eta herritar bakoitzaren eskubideak bermatzeko. “Herri honek dituen eskubide guztiak babesteko, eta eskubide sozial eta ekonomikoez ari gara, eskubide kulturalez hizkuntza eskubideez eta politikoez, tresna indartsuak beharko ditugu,eta hori da Autogobernu Lantaldearen eginkizuna eta helburua. Daukagunean oinarrituta, herri honek behar dituen eskuduntzak aztertzea eta aurrera ateratzea ahalik eta adostasuni zabalenarekin”. Akordio hori zenbat eta zabalagoa izan, gaineratu du, orduan eta hobeto, proiekzioa ezberdina izango delako. Egibarrek Estatuari erreklamatu dio bere barnean daukan lurralde gatazka konpontzea; bere egituraren barruan duen arazoa da, gaineratu du, eta berehala heldu behar zaio “nazio aniztasuna aitortuz eta hiritargoak askatasun osoz eta bakean adieraziko duen borondatea errespetatuz”. Erabakitzeko eskubide horren egikaritzak, nabarmendu du, adostua izan beharko du, ezin izango da aldebakartasunetik egin.

Joseba Egibarrek Legebiltzarrean jardun du gaur EH Bildurekin izenpetu den proposamena aldeztuz. Legebiltzarreko Osokoak  babestu duen proposamenaren bidez exijitu da Gernikako Estatutuaren betepen osoa gauzatzea eta erabat arbuiatu dira autogobernuaren garapena baldintzatzeko egindako adierazpen eta jokaerak. Puntu berean eskatu da Lomce legea, lan erreforma edo “mozal” legea indargabetzea eta gaur egungo espetxe politikaren salbuespen egoera bertan behera uztea. Osoko bilkurak era berean babestu du Estatuarekin harreman marko berri bat ezartzea,hiritargoak bere borondatea adierazteko eskubidea bideratzeko. Zentzu berean, jeltzaleen bozeramaileak adierazi du harreman berri hori bilbatzera iristeko ibilbidea “erabat demokratikoa eta ezinbestean zilegi” izango dela, indarrean dagoen marko juridikoa errespetatuz eta  euskal hiritargoak askatasun osoz erabakiko duena errespetatzeko printzipioan oinarri harturik. Oinarri legal eta juridikoa egon badago, baieztatu du. “Euskal herriaren eskubide historikoak eguneratzearen interpretazio juridiko-politikoak euskal herritarrek beren borondate kolektiboa erabakitzeko,adierazteko eta egikaritzeko duten eskubidea eta gaitasuna aitortzen ditu, herriaren borondatez adostutako elkarbizitza formulak ezartzera begira eta  adostuko diren konpromisoak beteko direla bermatzeko mekanismoak ezartzeko”. Guk, amaitu du, lanean jarraituko dugu proiektu politiko irmo eta segurua eraikitzeko, errespetuan eta elkar ulertzean oinarrituta. “Helburua ez da soilik elkarrekin bizitzea, baina hori ere bai. Batera existitzea ere bada gakoa. Estatu nazioanitz batean bizi garela aitortzea, eta nazioek elkarrekin bizitzeko aukera izan behar dute bata bestea hutseratu gabe. Batera existitzea, hurkoa errespetatuta”.

 

PARTEKATU