Ortuzar EAJ-PNVren ordezkaritzako buru Europako Alderdi Demokratak Parisen gaur eta bihar egingo duen Kontseiluan

Europako Alderdi Demokratak bere barne antolaketa eraberritzeari ekingo dio egunotan, eta EBBko buruak presidenteorde izaten jarraituko du; halaber EAJ-PNVren ardurapean egongo da Europako Institutu Demokrataren Idazkaritza Nagusia
Ortuzar EAJ-PNVren ordezkaritzako buru Europako Alderdi Demokratak Parisen gaur eta bihar egingo duen Kontseiluan
28 Azaroa | EBB

Irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako (EAD-PDE) presidenteorde Andoni Ortuzar, EBBko idazkari andre Mireia Zarate, Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako, Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak Izaskun Bilbao Barandica eta EBBko Kanpo Harremanetarako idazkari Jose María Etxebarria Parisera bidaiatuko dira eguerdi aldean, EAJ-PNVren izenean, gaur arratsaldean eta bihar goizean EAD-PDEren Kontseiluak egingo duen bileran parte hartzera. EAJ-PNV bertan izango da EAD-PDEren bazkide-fundatzaile gisa eta Europako Institutu Demokrataren Batzarrean ere parte hartuko du. Gailur bietan erakundeek beren barne egiturak berrituko dituzte eta hurrengo bost urteetako ordezkari gorenak aukeratuko dituzte. Topaketa bietan eztabaidatuko da EAD-PDEk hurrengo aldirako jarraituko duen estrategia politikoa. Bilera hauetan EAJ-PNVren lehentasuna izango da Europa proiektuari benetako bultzada ematea eta ondorengo akordioetan gauzatuko da: klimaren aldeko ituna, digitalizazioaren aldeko apustua eta Europa osorako itun sozialaren garapen sendoa.

Gaur arratsaldean eta bihar goizean Parisen egingo direnak izango dira iragan maiatzean Europako Parlamentua aukeratzeko egin ziren azken hauteskundeez geroztik EAD-PDEk egingo dituen lehen bilera formalak. Topaketa bietan bilatuko da EAD-PDEren eta Europako Institutu Demokrataren barne antolaketa berria zehaztea eta erakunde biak indartzea. Halaber, Parisen onartuko da EAD-PDEren baitan eta EID-IED erakundean Europako beste alderdi politiko batzuk sartzea, hauen artean Compromiso por Galicia, Europako Alderdi Demokrataren proiektuan EAJ-PNVren eskutik sartuko baita, duela hiru urte Coalición Canariak egin zuen bezala. Ortuzarrek EAD-PDEren presidenteorde izaten jarraituko du eta EAJ-PNVk bere gain hartuko du EID-OEDren Idazkaritza Nagusia.

Bihar arratsaldean EID-IED erakundeak egingo duen Batzar Nazionalean, zantzu guztien arabera, presidente berria aukeratuko dute eta hurrengo bost urteetarako burua Francesco Rutelli Italiako ordezkaria izango da. Halaber, EAJ-PNVko ordezkari bat Idazkaritza Nagusian izango da. Erreforma hauen helburu nagusiak dira hurrengo urteotan EID-IEDari bultzada erabakigarria ematea, kontseilu Akademiko-Zientifikoa eratzea eta Europako think-tank-ekin lankidetza hurbil era eraginkorra bideratzea, Institutuaren lehentasunak Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidente andre berriak ezarritako erronka nagusiekin lerrokatuz; eta Young Democrats for Europe (YED) Begoña Garteizaurrekoa jeltzaleak zuzentzen duen erakundearekin orain artekoa baino errotze eta harreman sendoagoa bideratuz. Azken finean, EID-IED erakundeak bilatzen duena da bere barne egiturak indartzea Europar diskurtsoaren modernizazioa ekarriko duen tresna bihurtzera begira.

PARTEKATU