Izaskun Bilbaok Europako Batzorde berria babestu du, eta interesen gainetik balioak lehenestea espero du

Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak gaur iragarri du bere alderdiak, Úrsula Von der Leyen alemaniarra buru duen Europako Batzorde berria babesten duela "emakume- ikuspegiarekin kudeatzea" espero duelako, bere gobernu-ekintza balioak interesen gainetik lehenetsiz garatu dezakeela erakutsiaz
Izaskun Bilbaok Europako Batzorde berria babestu du, eta interesen gainetik balioak lehenestea espero du
27 Azaroa | Europako Legebiltzarra

Larrialdi klimatikoaren alorrean Europak dituen lehentasunak babestu dituzte jeltzaleek, agenda soziala garatzeko eskakizuna azpimarratu dute, eta demokrazia gehiago eta hobea eskatu dute "iraganera itzuli nahi duten ultren aurrean".

Bilbao Barandica jeltzaleen jarrera azaldu du gaur goizean Estrasburgon, Europako Batzordeko presidente berriarekin izandako eztabaidan. Jean Claude Junckerren ondorengoak bere komisario taldea aurkeztu du, parlamentuaren baitan eman den prozesu gatazkatsutik sortu dena. Aurkeztutako hautagaietatik hiru, Frantziako, Hungariako eta Errumaniako gobernuek proposatutakoak, ez zituzten onartu lehen instantzian, eta beste batzuek ordezkatu behar izan zituzten. Erresuma Batuan dagoen egoera ikusita, bere gobernuak ez du komisariorik proposatu.Gaurko bozketak geldiaraztea lortu ez duen beste anomalia bat izan da.

EAJko diputatu andreak azpimarratu du Ursula Von der Leyen zuzenduko duen taldea "historiako parekideena" dela, eta "emakumeen ikuspuntutik kudeatzea" espero duela. "Gure Batasuna balioetan oinarritzen dela erakutsi behar diegu herritarrei, ez interesetan", gaineratu du. Lehentasuna larrialdi klimatikoari heltzea dela nabarmendu du, eta horretarako bi neurri azpimarratu ditu: "Industria-politika indartsu bat, gure ekoizpen eredutik ekonomia zirkularrerako trantsizioan ekoizpen sektoreak integratuko dituena, eta mugikortasun integratu, adimentsu eta iraunkor bat".

Izaskun Bilbao Barandiak, amaitzeko, "demokrazia gehiagoren" alde egin du, "Letra larriz idatzitako politikaren alde. Elkarrizketaren, enpatiaren eta akordioen alde. “Halakoa zen Paco Gambus”, azpimarratu du, asteburuan bat-batean hil zen 45 urteko kataluniar politikariari gorazarre eginez.

PARTEKATU