Ortuzar Sukarrietan: “EAJ-PNVk foro guztietan defendatuko du Euskadik bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko daukan ahalmena”

EBBko presidenteak proposamen bat zabaldu die estatuko alderdi guztiei, denon artean eta talde jeltzalearen laguntzarekin “hesi demokratikoa” jartzeko Vox isolatzeko eta erakundeetan eragiteko ahalmen politikorik izan ez dezan
24 Azaroa | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Egunotan hainbat gauza entzun dituzue Autogobernu Lantaldearen lanen inguruan, asko kontraesankorrak eta nahasiak. Egon zaitezte lasai! Denborak gauza bakoitza eramaten du dagokion tokira. Edozein kasutan, argi izan ezazue Euzko Alderdi Jeltzaleak toki horretan eta beste guztietan defendatuko duela Euskadiren autogobernua, gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko eta herri honek dauzkan eskubide historikoak defendatzeko”. Hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen mezu nagusia, gaur, EAJ-PNVren fundatzaile Sabino Aranaren heriotzaren 116. urteurrenaren kariaz Sukarrietan egin den ekitaldian. Ortuzarrek era berean gogoratu du EAJ-PNVk datorren urtean 125 urte beteko dituela. EBBko buruarekin batera bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria; Bilboko alkate den Juan Maria Aburto; Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andre Ana Otadui, Eusko Jaurlaritzako sailburu Bingen Zupiria, Nekane Murga, Cristina Uriarte, Pedro Azpiazu, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Estefanía Beltrñan de Heredia, Beatriz Artolazabal; eta Euzkadi Buru Batzarreko burukideak. 1.000 bat lagun elkartu dira 10:30ean Sabino Aranaren hilobian egin den lore eskaintzarekin hasi den ospakizunean; jarraian, 11:00etan ohiko meza egin da eta 12:00etan amaiera eman zaio Ortuzarren hitzaldiarekin.

Sabino Arana datzan hilobitik metro batzuetara, EAJ-PNVk “Herri batekin, Euskal Herriarekin, eta Aberri batekin, Euskadirekin” daukan konpromisoa “berretsi eta indartu” nahi izan du Ortuzarrek. “‘Euzkotarren aberria Euzkadi da’. Esaldi horrek laburbiltzen du Sabino Aranak utzi zigun mezua. Euzko Alderdi Jeltzalearen arima ere bada. Laster sartuko gara Alderdiaren 125. urteurrenean. Gure historian denetatik bizi izan dugu: une latzak eta momentu pozgarriak, hauteskundeetako garaipenak, baina baita espetxe aldiak eta erbeste aldiak ere bai. Askatasuna lortzeko bidea egin duen Herriaren historia da, askatasun hori lortzeko tresna den Alderdiarena ere bai”, baieztatu du. Ondoren, eta autogobernu lantaldearen baitan egiten ari diren lanen gaineko hausnarketaz, jeltzaleen buruak aldarrikatu du “horretan ere akordio zabal-zabala lortzeko ahalegina egin beharra, lehenengo Euskadin eta gero Madrilen eta Bruselan. Bide hori egingo dugu ‘Euskadi Europako Nazio’ proiektua aurrera atera arte. Euskadi, gero eta askeagoa, gero eta bidezkoagoa, gero eta aberatsagoa”.

Egunerokotasuna da nagusi eta Ortuzarrek gaurko hitzaldia baliatu nahi izan du jeltzaleek estatuko panorama nahasiaren aurrean dituzten planak azaltzeko. Gobernagarritasunaz hitz egiterakoan, EBBko presidenteak deitoratu du baten bat “suarekin jolasean” ibili dela hauteskundeak errepikatu beharra eraginez eta ondorioz “inoiz izan diren Kongresu eta Senaturik zatituenak eta gehiengo benetan konplexuak utziz”. Ortuzarrek alderdi irabazleari, PSOEri, argi eta garbi utzi nahi izan dio “bi aukera baino ez daudela: batetik, aniztasun politikoa eta lurraldeen aniztasuna aintzat hartzen duen gehiengoa –zentsura mozioa eragin zuena– eta, bestetik, uniformizazioa eta atzera egitea bilatzen duena-sozialistek Espainiako eskuindarrarekin osatuko luketena”. “Guk –esan du Ortuzarrek– lehenengoaren aldekoak gara, eta gure ahalegin guztia egingo dugu ondo irten dadin”. Hori bai, gainerakoei eskatu die “beste horrenbeste egitea”. “Bereziki, PSOEri eta Sánchez hautagaiari eskatzen diegu helburu argiak izan ditzatela. Arazoak ez dira berez konpontzen eta ez dira desagertzen beste alde batetara begiratuta. Argi eta garbi dago Espainiako estatuan krisi instituzional bat dagoela, krisi honek bereziki eragiten du lurralde ereduan eta estatuaren nazio aniztasunean. Onar dezagun horrela dela eta ekin diezaiogun lanari. Elkarrizketan oinarrituta. Egia absoluturik ez dagoela ulertuta. Betorik gabe eta zorioneko marra gorririk gabe”. Gainerako alderdiei, Ortuzarrek eskatu die “jarrera errealista eta egingarriak planteatzea”. “Bide baten hastapenean gaude, ez amaieran. Aprobetxatu dezagun aukera hau. Izan ere, prozesu horren porrotak ondorio politiko oso negatiboak ekar litzake demokraziarentzat eta euskal autogobernuarentzat, baldin eta hori konstituzionalistak deitzen direnen arteko ulermen hutsean amaitzen bada”.

Ortuzarrek proposamen bat egin die Estatuko gainerako alderdi politikoei: Vox-ek gorpuzten duen ultraeskuindar faxista eta kaskarra erakundeetan isolatzea. Sabino Aranaren legatua aldarrikatu eta gero, kanpainan eraso etengabeak jasan dituela gogogoratuz, (“gaur, 2019ko luparekin, XIX. mendeko edozein pentsalari handiren obrari begiratuko bagenio inork ez luke galbahea pasako. Ez Marxek, ez Mazzinik, ez Giner de los Riosek edo Rosa de Luxemburgok, ezta Unamunok eta, jakina, ezta Sabinok ere”, esan du), Vox-ek 52 diputatu izateak dakarren kaltea zabaltzea saihesteko lanaren alde egin du buruzagi jeltzaleak. Eta iragarri du EAJ-PNVk “Vox-en neofrankismoaren eta autoritarismoaren inguruan hesi demokratikoa” ezartzea aldarrikatzen duela. “Eta, horregatik, gaur eta hemen, proposamen bat formulatu nahi diegu gainerako alderdi politikoei, Vox-ek ez dezala ezer eragin eta ez dezala ezer baldintzatu instituzioen bizitzan, logikoa denez, hautetsi gisa dituen eskubideetatik harago”. Nola lortzen da hau? “Erakundeetan inolako ardura exekutiborik ez emanez eta politika publikoak eta gobernuen edo udalen jarduna baldintzatzeko izan dezaketen gaitasuna baliogabetuz”. Ortuzar jabetzen da hainbat gobernu autonomiko eta udal PP eta Vox alderdien arteko akordioen menpe daudela gaur egun. Horregatik proposatu du "toki horietan oposizioko indar politikoek PPrekin batera erakunde horien gobernagarritasuna bermatzeko mekanismoak ezartzea, Vox gabe. Eta PPri eskatuko genioke uko egin diezaiola ultraeskuinaren alde egiteari, bai gobernatzeko, bai oposizioa egiteko. Vox ekuazio politiko demokratikotik atera behar dugu. Hori egiten ez badugu, sistema demokratikoan instalatuko da, baina suntsitzeko helburu bakarrarekin. Lehenik autonomiak izango dira, gero hizkuntza nazionalak, gero emakumeen eta gizonen eskubide zibilak… berriro frankismora eraman arte. Eta ezin da halakorik gertatu. Eta Euskadin behitzat ez da gertatuko. Horra hor gainerako alderdi politikoei egiten diegun proposamena”, amaitu du.

 

PARTEKATU