EAJ-PNVk euskal herritarren botoa eskatu du “Madrilen inoiz baino indartsuagoak izateko, Euskadiren defentsarako lehen lerroan egoteko”

Bilboko Areatzan elkartu diren 3.500etik gora lagunen aurrean, Ortuzarrek, Urkulluk, Estebanek, Otaolak eta Vaquerok erantzun bateratua eman dute ilegalizazio mehatxuen aurrean “Espainiako ultraeskuindarrek ezin izango dute EAJrekin”
08 Azaroa | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Kanpaina hasi genuen traineru batean, gaur eskatzen dizuet azken txanpa honetan bogan jarraitzea. Itsasoa zakar dago, olatuak harrotuta daude, hegoaldetik haizete bortitza dakar, baina gu Euzko Alderdi Jeltzalea gara eta ez gara kikilduko, ez dugu norabidea aldatuko. Igandean erakutsi behar dugu Euskadi bestelakoa dela, Euskadi gure nazioa dela eta badaukala Madrilen nork defendatu”. “Behin eta berriz mehatxatzen dute garena eta daukaguna, gure eskuduntzak murrizten dituzte, Estatutua bete gabe daukate, Ekonomia Itunaren kontrako erasoak egiten dituzte, 155. artikulua aplikatu dute eta oniritzia ematen diote alderdiak ilegalizatzeari. Euskadik badaki EAJk inoiz baino indartsuagoa izan behar duela, Madrilen ere bai, Diputatuen Kongresuan eta Senatuan ere bai, Euskadi defendatzeko lehen lerroa Madrilen dagoelako”. Andoni Ortuzarren eta Iñigo Urkulluren esaldi hauek argi baino argiago laburbiltzen dute EAJ-PNVk gaur Bilboko Areatzan A-10erako hauteskunde kanpainari amaiera emateko egin duen ekitaldi politikoan nagusitu den mobilizazio eta kontzientziazio izpiritua. 3.500 bat alderdikide, alderdizale eta lagun elkartu dira bertan eta Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin eta Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batera hitz egin dute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek, Senaturako Arabako hautagai Almudena Otaolak eta Senaturako Gipuzkoako hautagai Maribel Vaquerok.

Ortuzarrek ez du ezkutatu nahi izan kezkatuta dagoela “Espainiako politikariek ez dakitelako edo ez dutelako ultraeskuindarrak beren lekuan jarri nahi, dela beldurragatik, dela behar dituztelako edo konplexuak jota daudelako. Baina ez dute ezer egin, eta neofrankista horiek utzi dituzte lasai-lasai ibiltzen eta beren proiektua zuritzen beste alderdi politiko bat balira bezala”. Arduragabekeria horrek eragin du, Lehendakariaren esanetan, Vox bezalako alderdi batek “gure ilegalizazioa proposatzeko ausardia” izatea. “Nortzuk eta fatxak zer eta 125 urteko ibilbide demokratikoa egin duen alderdi politiko bat ilegalizatzea proposatzen: Espainiako politikaren zentzugabekeriaren erakuslerik argiena”. Era berean deitoratu duenez “PP eta Ciudadanos ere demokraziaren mugatik dabiltza”, Madrilgo Asanblean burujabetasunaren aldeko alderdien ilegalizazioa babestu dutenez geroztik. Eta denei esan die: “Aurrez aurre izango gaituzte, ez gaituzte kikilduko eta ezin izango dute gurekin. Alderdi hau zirkulaziotik ateratzea euskal hiritargoaren esku baino ez da egongo, egunen batean bere babesa kentzen badigu. Euskal herritarrek beren babesa ematen diguten bitartean, ez da egongo EAJ geldiaraziko duenik”. Ortuzarrek era berean seinalatu du Espainiako ezkerra “euren artean eta besteak ulertzeko ezintasun handiak” ekarri gaitu gaur gauden egoerara, Hauteskunde berriak egin behar izatera “ezintasunaren erakusle dira , PSOE eta Podemosen arteko liskarren eta gatazken erakusle, akordio batetara iristeko gaitasunik ez duten seinale”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek EAJren aldeko botoa eskatu du “Euskadi bestelakoa dela erakusteko, Euskadi gure Nazioa dela eta Madrilen nork defendatu baduela erakusteko”.

Iñigo Urkulluk gogora ekarri du EAJ-PNVk kanpaina ixteko ekitaldia egin duen lekutik metro batzuetara, duela 125 urte, lehen aldiz Ikurrina jarri zela “Euskal Herriaren nazio sentimenduaren adierazgarria, Euskal Nazioaren sinboloa mundu osoan”. “Nortasuna eta historia duelako, kultura eta izaera berezia dituelako, sentimendu eta borondate bat dagoelako, Euskadi Nazio da”, baieztatu du Urkulluk, baina “Espainian, askok ez dute Euskal Nazioa atsegin eta behin eta berriz mehatxatzen ari dira garena eta daukaguna”. Mehatxu horien guztien aurrean, Madriletik iristen diren murrizketen eta inposaketaren aurrean, Lehendakariak argi eta garbi aldarrikatu du “Euskadiren indar guztia” EAJren inguruan batzea “argi eta ozen, hemen gaudela esateko”. Urkulluren esanetan “Euskadik badaki EAJk inoiz baino indartsuagoa izan behar duela. Gaur egun hautesle asko daude beren botoa non amaituko duen ez dakitela, baina EAJ bozkatzen duenak badaki bere botoa nora joango den eta nora joango ez den. EAJ bozkatzen duenak argi baino argiago dauka bere botoa probetxugarria izango dela Euskadirentzat, Euskadiren aldeko botoa izango dela, euskal ekonomiaren alde, industriaren alde, Autogobernuaren, ongizatearen eta etorkizunaren alde. Euskadirentzako berme politiko bakarra EAJ da: zorroztasuna, lana, seriotasuna, lankidetza, Euskadirentzako etorkizuneko proiektua, eta Euskal Nazioa eraikitzen jarraitzeko bermea”, amaitu du.

Aitor Estebanek, EAJ-PNVko Bizkaiko zerrendaburuak, euskal herritarrei adierazi die igandeko hauteskundeetan ez  dutela “Gobernuko Presidentea” hautatuko, baizik eta “hurrengo lau urteotan Euskadik  etorkizun hurbilean izango dituen ordezkariak”, Espainiako estatu aldakor eta tentsioz betetakoan, aire zentralizatzaileez eta iragarpen antidemokratikoz jositakoan”  indar politiko bat baino gehiagoren erruz. Ildo berean eta esparru sozial, ekonomiko eta industrialean, lurralde mailan eta askatasunen alorrean hainbat erronka daudela gogoratu ondoren, euskal hiritargoari EAJren aldeko botoa eskatu dio Euskadi “aske eta aurrerakoiagoa” lortzeko eta  “euskal autogobernua ezabatu edo gure nazio aitortza ukatu nahi dutenei, ‘Ha jo’!”,  esateko, duela 358 urte Enrike IV.ari garaitu zioten bizkaitarrek egin zioten bezala.

Maribel Vaquero Gipuzkoatik Senaturako aurkezten den hautagaiak bere aldetik ohartarazi du Estatuko politikagintzara garai latzak datozela, alderdiek “gatazka eragin nahian ari direlako batak besteak baino neurri antidemokratikoak proposatuaz; zein baino zein espainiarrago agertzeko, gorroto mezuak zabalduz”. Konstituzioari buruzko ikasgaia jarriko dela esanez egin den planteamenduaren aurrean, hautagai jeltzaleak “Abascal, Rivera eta gainerakoei” proposatu die “errespetu, etika eta demokrazia masterra egitea”. Vaquerok era berean iragarri du hauxe dela “erantzukizunez jarduteko unea” eta errespetua exijitu du “gure erakundeentzat” eta “Herri honek izan dezala askatasun osoz eta demokraziaren bidetik bere borondatea adierazteko aukera, garenaren eta ordezkatzen dugunaren kontrako horrenbeste arazoren aurrean”.

Ekitaldiari hasiera emateko ardura Almudena Otaolak izan du gaurkoan. Arabatik Goi Ganberarako hautagaiak hitzeman du “atsedenik hartu gabe” defendatuko dituztela “Euskal Agenda, politika positibo, probetxugarri, eta eraikitzailea, eta euskal erakundeen eguneroko jarduna”, Otaolak Estatuko alderdiek benetako politika egiteko orduan erakutsi duten ezintasuna alderatu du talde jeltzaleak politika ulertzeko duen moduarekin, bere tresnak elkarrizketa eta akordioa direla nabarmenduz. “Belarriprest eta Ahobizi izan behar dugu benetako politika egiteko. Hemen adituak gara esparru horretan”, baieztatu du .

PARTEKATU