EAJ-PNVk abian jarri du A10eko hauteskundeetarako komunikazio zerbitzu berezia

Aberri ekitaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira EAJ-PNVren web orrialdetik (www.eaj-pnv.eus) eta EAJ-PNVk Youtube eta Facebook Live-n dituen kanaletan; Aitor Estebanek egunero egingo du kanpainako bideobloga
EAJ-PNVk abian jarri du A10eko hauteskundeetarako komunikazio zerbitzu berezia
30 Urria | EBB

A10eko hauteskundeetarako kanpainaren hasierarekin batera, EAJ-PNVk bihar bertan komunikazio zerbitzu berezia jarriko du abian hiritargoari eta hedabideetako profesionalei zuzendua. Bihar, urriaren 31n, osteguna, EAJ-PNVren web gunea `kanpainan´ jarriko da eta plataforma nagusia izango da - baina ez bakarra- hemendik aurrera azaroaren 10eko Hauteskunde Orokorren inguruan biziko dugun garai frenetikoaren jarraipena egiteko, Espainiako alderdiek, bereziki PSOEk eta Unidas Podemosek, akordioak adosteko gaitasunik eza erakustean hauteskundeak errepikatu beharrean aurkitzen garelarik.

www.eaj-pnv.eus web gunearen bidez, hiritargo osoak zuzenean eta streaming bidez jarraitu ahal izango ditu talde jeltzaleak bihartik aurrera eta azaroaren 8ra arte egingo dituen aberri ekitaldi guztiak. Web guneak,halaber, kanpainako informazio guztiak eskainiko ditu: prentsa oharrak, ekitaldietako argazkiak eta hautagai eta buru jeltzaleen aktibitate guztien argazkiak kalitate handian, hauteskundeetarako egitasmoa, hautagaien jarduerak eta profilak, Hauteskunde kanpainako agenda, eta abar. Web gune berean ikusi ahal izango dira Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako zerrendaburu jeltzaleak, egunero bere blogean (aitoresteban.eus), Twitter-en, Facebook-en eta Instagram-en eskainiko dituen bideoak.

EAJ-PNVren jarduera bizi-bizia eta etengabea izango da sare sozial nagusietan. Instagram,Facebook eta Twitter-en egunean eguneko agenda argitaratuko dugu, hautagai eta buru jeltzaleek hedabideetan izango duten presentzia jasoko dugu, diskurtso bakoitzeko “urrezko minutuak” eskainiko ditugu, kanpainako egun bakoitzeko bideo-laburpenak emitituko ditugu Aitor Esteban zerrendaburuaren bideo-blogarekin batera. Flickr-en egunero kalitate handiko argazkiak argitaratuko dira eta Creative Commons lizentzia izango dute nahi duenak jaisteko moduan egon daitezen.

Aberri ekitaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira, EAJ-PNVren web gunean, Youtube kanalean (youtube.com/multimediaeaj) eta Facebook Live gunean. Egunero argitaratuko ditugu agendako oharrak, albisterik aipagarrienak eta irudirik esanguratsuenak EAJ-PNVren Telegram kanalean: @eajpnveus.

 

 

PARTEKATU