Aitor Estebanek ez du ulertzen Sánchezek Torrarekin batzartzeari uko egitea: “Derrigorrezkoa da, hitz egitea beti da ona”

Hautagai jeltzaleak kritikatu du PPk, Csk eta Voxek “maila igotzen ari direla” Kataluniari buruz egiten dituzten eskari eta adierazpenetan, eta PSOEri eskatu dio “joko horretan ez sartzeko”
Aitor Estebanek ez du ulertzen Sánchezek Torrarekin batzartzeari uko egitea: “Derrigorrezkoa da, hitz egitea beti da ona”
22 Urria | Kongresua

Aitor Estebanek, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako EAJ-PNVk aurkeztuko duen zerrendaburuak, gaur baieztatu du ez duela ulertzen jarduneko Gobernu buruak, Pedro Sanchezek, Quim Torraren deiei ez erantzutea eta harrekin hitz egiteari edo batzartzeari muzin egitea. “Harreman eta une txarretatik harago, hitz egitea da hiritargoaren ordezkarien derrigorra”, nabarmendu du.

Diputatuen Kongresuan egin dituen adierazpenetan, Estebanek baieztatu duenez “hitz egitea beti da ona” eta gaineratu du horrek ez dakarrela derrigorrez “bestearen nahietara makurtzea”. Estebanek esan du kortesia hutsagatik ordezkari instituzionalen arteko elkarrizketa eman beharko litzatekeela, horrek ere “tentsioa baretuko lukeelako” . “Ez dut ulertzen zergatik batzartzen ez diren”, deitoratu du.

Kataluniako protestetan ematen ari den indarkeriaz eta Govern-eko ordezkariek horren aurrean hartu duten jarreraz galdetu diotenean, Estebanek gogora ekarri du Torra presidenteak “gaitzespen sendoa” egin duela, baina kritikatu duenez “batzuentzat ezer ez da nahikoa izango hauteskundeetarako aurre-kanpaina honek dena zikintzen baitu”. “Seguruenik duela bi egun eskatzen zena, orain berbera gehi bat da, edo berbera gehi bi, eta seguruenik PP-k, Cs-k eta Vox-ek maila igotzen jarraituko dute;espero dudana da PSOE joko horretan ez sartzea, ez lukeelako zentzurik izango”, esan du.

Estebanek amaitzeko nabarmendu duenez “indarkeriak kalterik handiena egiten die mugimenduari berari eta Kataluniako alderdi abertzaleei”, eta gogora ekarri ditu “alarma deiak, lege oinarri eskasa duten gauzak eskatuz” Segurtasun Nazionalari buruzko Legearen edo Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa besteak beste. “Barne Ministroak koordinazioa apartekoa izan dela esan badu, ez dauka zentzurik”.

PARTEKATU