EAJ-PNVk erabat baztertzen ditu ETAko presoen omenaldiak eta ezker abertzaleari eskatu dio “pauso ausarta” eman dezala biktimei sufrimendu gehiago ez eragiteko

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak ohartarazi du horrelako ekitaldiek adierazpen argia, esplizitua eta irmoa eskatzen dutela antolatzaileen aldetik. “Bidea ez da zaila. Kontua da biktimei min gehiago ez eragitea, ekitaldi horiek leku itxietan egitea eta mina errespetatzea. Hori izango da bizikidetza eraikitzeko oinarria”
03 Urria | Eusko Legebiltzarra

EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak berriro ere adierazi du baztertu egiten duela biktimentzat iraingarria izan daitekeen ekitaldi oro, eta ezker abertzaleari eskatu dio ekitaldi horien kontra modu argian, publikoki eta espresuki agertu dadila. “Pauso sendoak eta ausartak eman beharra dago, eta berehala gainera. Sinplea da eta onartu beharrekoa, era berean, zaila Herri honetako batzuentzat: erahiltzea gaizki egon zen”, adierazi du Iñigo Iturrate jeltzaleak. Hori dela eta, Iturratek adierazi duenez, bizikidetza ezingo da eraiki, baldin eta biktimen eta senideen mina berpizten duten ekitaldiak egiten badira. “Minimo komun hori partekatzeko gai ez bagara, zaila izango da proiektu handi eta sakonagoetan aurrera egitea”.

 Alderdi jeltzalea irmoa izan da bere posizioan: funtsezko eskubideez dihardugunean, ez dago erdibiderik. “Etakide izan direnak, alegia, helburu politikoak lortzeko indarkeria erabili edo justifikatu zutenak, publikoki omentzea, goratzea edo erakustea ez da onargarria. Lotsa ematen dio edozein gizarte duini”, arrazoitu du Iturratek. 

 Eusko Legebiltzarrean, ETAko kideen omenaldien aurkako ekimenaren eztabaidan, Iturratek antolatzaileei eta babesten dutenei dei egin die horrelako ongietorriak bertan behera utz ditzaten, “biktimek hala merezi dutelako: beren minarekiko errespetua eta eragindako mina aitortzea”. Hala ere, EH Bilduk ez du eskaera babestu, hori izan da gainontzeko alderdi guztiek lortutako akordiotik at geratu den bakarra. Iturratek penaz hartu du koalizioak biktimen alboan jartzeko beste aukera bat galdu izana, aukera galdu baitu esateko “hori ez dela bizikidetzarako bidea”.

 ETAko presoak goratzeko eta omentzeko ekitaldiak eteteko eskaera ez da berria Gasteizko Ganberan. Iazko otsailean, talde guztiek eskatu zuten, EH Bilduk izan ezik. Ordutik hona, Iturratek esan duenez, gauzak ezer gutxi aldatu dira, eta omenaldiak egiten jarraitzen dute; adibidez, uztailean Hernanin eta Oñatin egindakoak. Legebiltzarkide jeltzaleak argi utzi nahi izan duenez, “inork ez die senideei eta lagunei esaten pozik egon behar ez dutenik presoak zigorra bete ondoren etxera itzultzeagatik. Baina herri horietan gertatutakoa bestelakoa izan zen. Omenaldi publikoa egin zitzaien herri osoaren aurrean; etorritakoak goratu zituzten eta beren ibilbideak aitortu”. Orduan Foro Sozial Iraunkorrak egindako gogoeta baloratu du Iturratek, apuntatu baitzuen ongietorriak espazio itxietan egitea, biktimen mina errespetatuz. “Hori da bidea, ez da hain zaila. Ausardia eta zintzotasuna behar dira, gehiago itxaron gabe”, amaitu du.

PARTEKATU