Ortuzar Diadan: “'Procés'-aren sententziak eman beharko luke Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka konpontzeko bidea”

Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea burukidea Bartzelonan PDeCAT-eko kideekin batera izan dira, EAJ-PNVren ordezkari gisa, Rafael Casanovari urtero egin ohi zaion lore eskaintzan
Ortuzar Diadan: “'Procés'-aren sententziak eman beharko luke Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka konpontzeko bidea”
11 Iraila | EBB

Andoni Ortuzar EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur eskatu du `procès´-aren ebazpena “bidezkoa” izatea eta Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka “elkarrizketa bidez konpontzea”. “Sententzia bidezkoa izatea nahiko genuke eta, batez ere, Kataluniaren eta Espainiako gobernuaren artean gaur egun zabalik dagoen gatazka hori behar den moduan konpon dadila,hau da, elkarrizketa,negoziaketa eta akordioaren bidez. Eta, horretarako, gure ustetan egokiena eta bidezkoena da auziperatu guztiak aske geratzea. Zentzu honetan emaniko ebazpenak lagunduko luke txarto egin den bide hori neurri batean desegiten”, esan du Ortuzarrek. EAJko presidentea izan da gaur, Kataluniako Diada Nazionalaren kariaz Bartzelonan Rafael Casanovaren omenez egin den lore eskaintzan. Casanova 1714ko irailaren 11n hil zen bere hiriaren eta Kataluniaren askatasunen defentsan. Ortuzarrekin batera jeltzaleen jarraigoa osatu dute Joseba Aurrekoetxea Antolakuntzako burukide arduradunak eta Gorka Mostajo EGIkideak. Hirurek lore eskaintza egin dute Casanovaren monumentuaren aurrean. Ondoan izan dituzte PDeCATeko hainbat ordezkari, hauen artean David Bonvehí presidentea eta Kataluniako president ohi Artur Mas.

Ortuzarrek aitortu du aurtengo Diada “apur bat berezia” dela `procés´-aren sententzia laster ezagutaraziko delako eta Kataluniako alderdi soberanisten artean nolabaiteko tentsioa antzematen delako. “Aurten ere Bartzelonara etorri gara gure errespetua eta elkartasuna adieraztera Kataluniako herriari eta hemen zabaldu den prozesu politikoari, Kataluniak bere etorkizuna askatasun osoz erabaki dezan. Beti esan dugu Kataluniako arazoari eman beharreko konponbidea ez dela etorriko Espainiako auzitegiek emaniko epaien bidez. Akordiotik etorri beharko du, negoziaketa demokratikotik eta Kataluniako hiritargoa errespetatzetik. Ez dakit nik ebazpen adeitsurik ote dagoen, baina `procès´-arena halakoa izango balitz, zauriak orbantzen lagunduko luke eta, batez ere, kalean jarriko lituzke prozesuarentzat eta Kataluniako auzia ondo amaitzeko aktibo bat diren pertsonak eta orain, espetxean daudela, ez dute irtenbide baten alde egiteko modurik”.

Bere aburuz Espainian hauteskundeak errepikatu behar izatea saihestuko duen Gobernua eratzerik ote dagoen galdetuta, jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin du. “Oso ezkor nago. Oso gogorra da,hauteskundeetara joan behar izatea arduragabekeria handia delako, baina ez dut ikusten egoerari buelta emateko aukerarik”, esan du. “Alderdi teknikotik denbora egon badago, baina ni nahiko ezkor irten nintzen iragan asteazkenean Ferrazen egin genuen bileratik, eta aste honetan gauzek hobera egin beharrean, okerrera egin dute. Atzo apurtzeko zorian utzi zuten. Egoera nahiko txarto dago. Uste dut PSOEren eta Podemosen kuartel nagusietan hauteskundeak prestatzen ari direla dagoeneko, ez dira adosteko paperak prestatzen ari”. Ortuzarren esanetan txarrena da hautesunde berriek ez dutela gaurko blokeo egoera konponduko. “Gauzarik lazgarriena da hauteskundeak errepikatzen badira, horien ondorioz geratuko den egoera gaurkoaren antzekoa izango dela, baina gaur egungo negoziaketaren porrotak dena are konplikatuago bihurtuko du. Diputatu jaun-andre batzuk gora behera,blokeen artean ez da alde handirik egongo eta orain arte egin ez dugunarekin jarraitu beharko dugu. Ondorioz, gauzak are okerrago egongo dira gaurkoa bezalako porrotak eragiten dituzten mesfidantzek ez dituztelako gauzak erraztuko”.

PARTEKATU