Nazio Batuak proiektu pilotu bat jarriko du martxan Euskadin erradikalizazio erlijiosa ekiditzeko

Iñigo Urkullu Lehendakaria Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi-ordezkariarekin bildu da UNAOCen egoitzan. Bileraren ostean, bai Lehendakaria eta baita Moratinos bera ere, komunikabideen aurrean agertu dira bileraren nondik-norakoen berri emateko
Nazio Batuak proiektu pilotu bat jarriko du martxan Euskadin erradikalizazio erlijiosa ekiditzeko
17 Uztaila | Eusko Jaurlaritza

Iñigo Urkullu lehendakariak balorazio positiboa egin du Miguel Ángel Moratinosekin egindako bileraz. Horrela, lehendakariak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzaren aldetik Kulturartekotasunaren eremuan jarduteko 5. plana aurkeztu dutela eta legebiltzar-egoitzan tramitatzen ari diren Kultu Lekuei buruzko Lege Proiektua azaldu dutela. Era berean, bileran Euskadiren eta komunitate islamiarren arteko bitariko batzordeaz ere hitz egin dute, Batzordearen helburua gizarteratzea izanik, baina mundu globalizatuaren aniztasunaren eta dibertsitatearen baitan. “Euskadin garatzen ari garen Gizalegez eta Uztartuz planez ere hitz egin dugu”, erantsi du.

Bestalde, Zibilizazioen Aliantzarako goi-ordezkariak adierazi du ohore eta pribilegio handia dela Iñigo Urkulluren mailako politikari bat izatea. Euskadiri buruz, berriz, adierazi du multilateralismo eta garapen jasangarriaren helburuekin eta gizadiaren etorkizunean eragina duten gai nagusiekin konpromisoa hartuta duen autonomia-erkidegoa dela. Helburuen artean, Moratinosek azpimarratu ditu “elkarrekin bizi ahal izatea, elkarbizitza oparoa izatea, eta elkar errespetatu ahal izatea kultura, zibilizazio eta erlijio ezberdinek”. Moratinosen esanetan, zeregin horretan Euskadi solaskide izateaalbiste bikaina da Zibilizazioen Aliantzarentzat. “Lantalde bat eratuko dugu, biziki lan egingo dugu elkarrekin behar den lekuan, mundu hobea sortzen lanean jarraitzeko”, erantsi du.

Miguel Ángel Moratinosek gogoratu du Euskadin badela arrazoi erlijiosoen ondorio den erradikalizazioa, extremismoa eta terrorismoa ekiditeko modua garatu nahi duen programa bat, eta, goi-komisarioaren esanetan, aliantzaren jarduera-esparruan sartzen da bete-betean. Alde horretatik, Moratinosek lehendakariari jakitera eman dio Nazio Batuen Terrorismoaren Aurkako Borrokarako Bulegoaren zuzendari Vladimir Voronkovekin batera, Euskadik esperientzia pilotu bat izateko ahaleginak egingo dituztela, gerora bortxazko jarrerak eta portaerak ekar ditzakeen erlijio-extremismo horren aurka borroka egiteko. “Nazio Batuek esperientzia eta ezagutza jarriko lituzkete, eta Euskadik dakiena, elkarlana, ezarriko luke”, adierazi du.

Lehendakariak eskerrak eman dizkio goi-komisarioari erlijioa aitzakiatzat jarrita gazteak erradikalizatzeari aurrea hartzeko egiten ari garen lanarekin lotuta Euskadin proiektu pilotua kokatzeko asmo horrengatik. Bestalde, lehendakariak immigrazioaren aldeko gizarte-ituna eskaini du, Zibilizazioen Aliantzari eragiten dion gaietako bat den aldetik. 

Iturria: Irekia

PARTEKATU