Ana Oregik Eusko Legebiltzarra utzi du Vitoria-Gasteizeko Udaleko zinegotzi izateko

Oregik gaur goizean egin dio uko eusko legebiltzarkide aktari. Joseba Díez Antxustegik hartuko du bere lekua
Ana Oregik Eusko Legebiltzarra utzi du Vitoria-Gasteizeko Udaleko zinegotzi izateko
14 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Ana Oregik uko egin dio Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos talde parlamentarioko legebiltzarkide izateari. Oregik parte hartu zuen maiatzeko hauteskundeetan Gorka Urtaran alkateak lideratutako zerrendan, Vitoria-Gasteizen. Bihar hartuko du Udaleko zinegotzi kargua. Nabarmendu duenez, agintaldi honetan Udalean egingo du lan buru-belarri.

Legebiltzarkide aritu den hiru urteetan, Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordeko presidente izan da, Memoria eta Bizikidetza Ponentziako lanak koordinatu ditu, eta bokala izan da EITBren Kontrolerako Batzordean, Merkataritza, Kontsumo eta Turismokoan eta Baterazintasun Batzordean. Aurretik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu izan zen (2012-2016), Lurralde Politika eta Uraren sailburuordea (2005-2009), Uraren zuzendaria (2001-2005). Bihartik Aurrera, Oregik bat egingo du EAJren udal taldearekin. Taldeak, azken hauteskundeetako emaitza onen ondoren, 7 zinegotzi izango ditu (aurrekoan 5 zituen) 

Ganberako lekua Joseba Díez Antxustegik hartuko du. Zuzenbidean lizentziatua, 2016tik arabar hiriburuko Udaleko aholkulari da. Díez Antxustegik (Vitoria-Gasteiz, 1992) ekainaren 21eko bilkuran, ostegunarekin, hartuko du bere aulkia.

PARTEKATU