Agirretxeak Irun-Brinkola aldiriko trenbidearen transferentzia eskatu du

Espainiar Gobernuaren “jarrera pasiboa” kritikatu du EAJ-PNVren hautagaia den Joseba Agirretxeak, trenbideen transferentziei dagokienean
24 Apirila | Gipuzkoa

Joseba Agirretxeak, datozen hauteskundeetan Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaia izango denak eta egungo diputatuak, Beasainen adierazi du, “EAJ-PNV ez bada, beste inor ez dela mugitzen Madrilen” eta espainiar Gobernuaren “jarrera pasiboa tamalgarria da gureak diren eskuduntzen transferentziari dagokionean” eta, zehazki, esan du: “EAE barrutik igarotzen diren aldiriko trenen eskuduntzaren transferentzia behingoz gauzatzea behar-beharrezkoa da, gure garraio sisteman integratu, zerbitzu osoago eta hobe bat eskaini dezagun euskal erakundeen eskuetan”.

Beasainen egindako ekitaldian Joseba Agirretxearekin batera izan da Maribel Vaquero, EAJ-PNVko Senaturako hautagaia eta beste hainbat kide jeltzale, hala nola Antonio Aiz Salazar, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea. Agirretxeak adierazi du EAJ-PNVk “betidanik paper oso garrantzitsua jokatu” duela azpiegituren sustapenean. “Beharrezkoak dira garapen jasangarrirako, zuzen-zuzenean eragiten dutelako hazkunde ekonomikoan, enpresen lehiakortasunean, hiritar guztien bizi kalitatean eta lurraldearen egituraketan”.

Azpiegituren gaia eta hauen transferentzia euskal erakundeei lehentasuna da EAJ-PNVrentzat, “denborak erakutsi digulako Euskadin eta Euskaditik hobeto kudeatzen direla”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak. “Horregatik, eta beste behin, Gernikako Estatutua betetzeko exijitzen dugu”.

Agirretxeak salatu du Espainiako Gobernuak Errege Dekretu Legearen bidez aldiriko lineak interes orokorrekoak izendatu izanak, eskumenen transferentzia aukera guztiei ateak itxi nahi dizkiela. Era berean, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aldebiko elkarrizketa proposatu zuela, espainiar gobernuaren “jarrera pasiboa agerian geratuz”. “Aspaldi” egindako erreklamazio horren harira, “zabalera metrikoko Feve-ren bi linearen eskuduntza Eusko Jaurlaritzak izatea lortu dugu, bada zerbait, baina inondik ere ez nahikoa”, defendatu du Agirretxeak.

Hautagaiak gogorarazi du Estatuko gobernua izan duten alderdiek, “beraien borondatez inoiz ez dutela aurrerapausorik eman euskal autogobernuan eragiten duten kontuetan eta herri honetatik erreklamatu diren gaiei bide emateko. Horregatik behar, eta nahi dugu Madrilen egon. Gurea dena eskatzeko eta autogobernuan sakontzen jarraitzeko, eta nor EAJ-PNV baino hobe horretarako?”, gehitu du hautagaiak.

Beasain-Ordiziako trenbide sarea

Interbentzioarekin amaitzeko, Agirretxeak legealdi honetan Euskal Taldeak Madrilen egindako lorpen bat azaldu nahi izan du: egungo trenbide sarea hirigunetik ateratzeko proiektua, Beasain eta Ordizia bitartean trenbide sarea eratzea dakarrena eta, ondorioz, erabilera urbanistikoa berreskuratu nahi da eremu horretan, hain zuzen ere.

Pasa den urtarrilean jakinarazi zen Sustapen Ministerioak lehiaketara aterako zuela Beasain eta Ordizia bitarteko trenbide sarearen birmoldaketa kontuan hartuko duen proiektuaren azterlan-informatiboaren erredakzioa. Agirretxeak esan du aurrerapen nabarmena dela bi udalerrientzat eta bertako bizilagunentzat, helburu duelako “trenbide-sarea hirigune bihurtzea”.

Hautagaiak gogorarazi du EAJ-PNVk, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Madrilen Ministerioarekin, Renfe eta Adif-ekin koordinatuta egiten duela lan, “baina baita Beasaingo eta Ordiziako Udalekin ere, hauek baitira azpiegituren eta instalazioen egoera, eta beraien beharrak, ondoen azaltzen dizkigutenak”.

PARTEKATU