Josu Gorospe Lapatza izango da EAJ-PNVk Diman aurkeztuko duen Alkatetzarako hautagaia

Hautagai jeltzaleak behar besteko arreta eman nahi die sakabanatuta dauden auzoei “bertan behera utzita” daudelako, eta herritarren arteko elkarbizitza hobetu nahi du “banaketa ideologikoa gaindituz”

Josu Gorospe Lapatza izango da EAJ-PNVk Diman aurkeztuko duen Alkatetzarako hautagaia 15Apirila 15 |
DIMA

PARTEKATU

Josu Gorospe Lapatza izango da Dimako EAJ-PNVren alkategaia maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira. Jaiotzez lemoarra den arren, 38 urte dituela, bizitza erdia darama Diman, duela bi hamarkada bertara bizitzera joan zenez geroztik. Zinegotzia da aurreko legealdi erditik eta “motibatuta eta gogotsu” dago erronkari heltzeko, hautagaitza onartzeko urratsa eman ondoren.

“Oso gustora” sentitzen da esperientzia eta gazteria uztartzen dituen hautagaitzarekin, Dimako auzo ezberdinetako ordezkariekin. Auzo horiei eman nahi die,albait arinen, orain arte falta izan zaien arreta. “Bertan behera utzita daude eta beharrizan handia dago, herritarren arteko bileretara etorri direnek egiaztatu duten moduan”. Herrigunean gune estali bat egin nahi du eskolen ondoko kirol-gunean. “Askotariko erabilerak emango dizkiegu instalazio horiei, bereziki eguraldia gure alde ez dugunerako, gaur egun pilotalekua baino ez daukagulako”. Gorosperen helburua ere bada herritarren arteko elkarbizitza hobetzea. “Halako banaketa ideologikoa dago eta denok norabide berean egitea nahiko nuke”.

Ingeniari teknikoa da eta mekanikan espezializatuta dago. Hamar urte daramatza Arratiako Zulaibar Lanbide Heziketa Zentroko irakasle lanetan, Mekanizazio-tailerra, tailerrera aplikatutako teknologia eta Marrazketa teknikoa irakasten. Ezkondua da eta alaba baten eta seme baten aita da eta mendia da bere beste pasio handia “oinez, txirringa gainean eta bereziki motorrean”; baina gaur egun seme-alaben eskolaz kanpoko jarduerek libre geratzen zaizkion ordu guztiak hartzen dizkiote. “Dela igeritokira, dela euskal dantzetara… Baina egia ere bada asko gozatzen dudala biekin”, aitortu du.

Interesatu Zaitez