2.000tik gora alditan hartu dute hitza eta dozenaka ekimen eta lorpen historiko Euskadirentzat, Eusko Taldeak amaitu berri den legealdiaz egiten duen balantzea

EAJ-PNVko diputatuek atsedenik gabe lan egin dute, parlamentuko aktibitatearen jarraipen zorrotza eginez eta Madrilen euskal herritar guztien ahotsa izanez

2.000tik gora alditan hartu dute hitza eta dozenaka ekimen eta lorpen historiko Euskadirentzat, Eusko Taldeak amaitu berri den legealdiaz egiten duen balantzea 08Apirila 08 |
Kongresua

PARTEKATU

EAJ-PNVren Euskal Taldeak XII. legealdi honetan 2000tik gora alditan hartu du hitza Diputatuen Kongresuko organo guztietan, parlamentuko aktibitatearen jarraipen zorrotza eginez, kontrola egiteko galderekin eta taldeak berak eginiko ekimen legegileekin eta aurrekontuen gaineko negoziaketan eginiko lanarekin; horren guztiaren ondorioz Euskadiko hiritargoarentzat lorpen handiak eta ugariak ekarriz.

Aitor Esteban, Mikel Legarda, Joseba Agirretxea, Idoia Sagastizabal eta Iñigo Barandiaran izan dira Euskadiren ahotsa Madrilen. Ganberako talde txikiena osatu dute bost diputatuek, baina beren txikitasun hori soberan konpentsatu dute  Parlamentuko aktibitatean langile nekaezinak izanez. 67 galdera Osoko Bilkuran, 7 Lege Proposamen (horietatik 6 izapidera onartuak), Legez Besteko 3 Proposamen eta 3 Interpelazio  dagozkion mozioak barne, beste hainbat ekimenen artean.

Jarduera legegilearen ezaugarri nagusia izan da eskubide eta askatasunen defentsa irmo eta erabakigarria: `Mozal Legea ‘izenekoaren aldarazpena, Betirako Espetxe Zigor Berrikusgarria indargabetzeko ekimena edo Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena dira horren adibide argiak. Legealdi honetan ere planteatu da Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren  eta Gobernu Legearen aldarazpena. Denak izan dira izapidera onartuak, baina PPk eta Ciudadanosek  PSOEren laguntzarekin Kongresuko Mahaian eragin duten blokeoak eragotzi du horietako bakar batek izapidetze prozesua burutzea. Azkenik, 2018 urte amaieran, Euskal Taldeak erreforma bat proposatu zuen, era zuzenagoan eta gure inguruko herrialdeen arabera, zigorrak metatzearen inguruko Europako araudia moldatzeko. Proposamena PPk, PSOEk eta Ciudadanosek errefusatua izan zen.

Era berean, lege izaerarik ez duten hainbat ekimen planteatu dira (LBPak eta Mozioak). Bereziki aipagarriak dira euskal azpiegiturei buruzkoak, Batzordean eztabaidatuak; eta Osoko Bilkurara eraman dira alkoholaren kontsumoak adingabeen artean eragiten dituen arazoak,  `BEZa gabeko´ kanpainak iragartzeko debekua  eta Giza Eskubideen Plana egiteko beharra. Halaber, Osoko Bilkuran planteatu da Lagundu gabeko Adingabe Atzerritarren egoera. Denak babestu ditu Ganberak. Azkenik, Espainian espetxeratuei eragindako torturei eta tratu txarrei buruzko mozioa planteatu zen baina, zoritxarrez, ez zen onartua izan.

Horri guztiari gehitu behar zaio EAJ-PNVk, aurrekontuen gaineko akordioen bidez, hainbat akordio lortu dituela, besteak beste Kupoari buruzkoa, pentsioen igoera, Euskadiko azpiegituretarako inbertsioak – Euskal Y trenbidea, 24 orduak  Forondan, Pasaiako Portua edo Hegoaldeko Tren Saihesbidea, kultur proiektu garrantzitsuak bultzatzea (Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, eta abar) edo I+G arloko diru-laguntzak.

DIPUTATU JAUN-ANDREEN LANA

Aitor Esteban izan da Taldearen Bozeramailea eta era berean izan da Kanpo Ekintza Batzordeko bozeramaile eta Araudia lantzeko Batzordeko  bozeramaile.   188 alditan hartu du hitza , besteak beste eztabaida politiko guztietan, eta ahozko 26 galdera egin ditu Osoko Bilkuran, gehienak Gobernuko Presidenteari  zuzenduak.  

Mikel Legarda izan da Parlamentuko taldearen bozeramailearen ondokoa eta bozeramaile titularra  izan da 12 batzordetan: Konstituzionala, Justizia, Defentsa, Barne Arazoak; Lurralde Politika; Bideen Segurtasuna; Kalitate Demokratikoa; Segurtasun Nazionala; Polizia Eredua. Baita PPren  legez kanpoko ustezko finantzaketa Ikertzeko Batzordean eta Polizia Politikoa Ikertzeko Batzordean (mahaiburu izan da). Euskal Taldeak aurkeztu dituen Lege Proposamenen egile eta defendatzaile izan da, 813 tan hartu du hitza eta horietako 16 izan dira Espainiako Gobernuari Kontrola egiteko Bilkuretan Espainiako Gobernuari ahoz eginiko galderak.

Idoia Sagastizabal izan da ekonomia, zergak, industria eta aurrekontuen gaietarako arduraduna. Horrela, Euskal Taldearen bozeramailea izan da ondorengo 9 Batzordeetan: Ogasuna, Aurrekontuak, Industria; Trantsizio Ekologikoa; Zientzia eta Berrikuntza; Segurtasun Nuklearra eta Krisi Finantzarioa Ikertzeko Batzordea. Bere esparruko lege guztien inguruko  txostengile izateaz gain, 532tan hartu du hitza eta 11 kontrol galdera planteatu ditu.

Joseba Agirretxea bozeramaile titular izan da 7 Batzordetan: Hezkuntza, Berdintasuna; Osasuna eta Kontsumoa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura; Kultura; Klimaren Aldaketa eta Herriaren Defendatzailearekiko Harremanetarako Batzorde Mistoa, zeinetan mahaiburu izan den. 340tan hartu du hitza Kongresuan eta 8 ahozko galdera egin ditu Gobernuari Kontrola egiteko Bilkuran. Halaber, txostengile izan da hainbat legetan eta LBP bat defendatu du Osoko Bilkuran eta Mozio bat Osoko Bilkuran ere. Bietan jaso du Ganberaren babesa.

Iñigo Barandiaran, bere aldetik, bozeramaile titular izan da 9 Batzordetan: Sustapena; Toledoko Ituna; Enplegua eta Gizarte Segurantza; Lankidetza; Desgaitasuna; Umeen eta Nerabeen eskubideak. Baita Alvia eta Spanair-en istripuak ikertzeko Ikerketa Batzordeetan ere. 391tan hartu du hitza eta 6 ahozko galdera planteatu ditu Osoko Bilkuran. Txostengile izan da esparru hauetan egin diren Proposamen eta Lege Proposamenetan. 

Interesatu Zaitez