Egibarrek EAJ-PNVren ereduaren defentsa egiten du “hemen eta han” euskaldunen beharrak babesteko

Joseba Agirretxea eta Maribel Vaquero dira Gipuzkoako EAJ-PNVren zerrendaburuak Kongresurako eta Senaturako apirilaren 28ko hauteskundeetan
07
Apirila
2019
Gipuzkoa
PARTEKATU
07 Apirila 2019 | Gipuzkoa

Gipuzkoako EAJ-PNVk Gorte Nagusietarako hautagaiak aurkeztu ditu, datozen apirilaren 28ko hauteskundeetarako. Joseba Agirretxea da Kongresurako zerrendaburua, Iñigo Barandiaran, Txaro Rodrigo, Itziar Alkorta, Xabier Barandiaran eta Garbiñe Mendizabalek jarraituta. Bestalde, Maribel Vaquero, Mertxe Garmendia eta Luke Uribe-Etxebarria dira Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaiak. Irungo Luis Mariano plazan egindako ekitaldian, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea den Joseba Egibarrek EAJ-PNVren eredua defendatu du “hemen eta han”, eta gehitu du Euskal Taldea “erabakigarria eta mugatzailea” dela Euskadiren eta euskaldunen beharrak babesterako orduan.

“Nor gu baino hobe, euskaldunok, Euskadiko gaiak Madrilen defendatzeko?”, galdetu du Egibarrek. “Ez gara euskaldun bakarrak, baina bai orain arte gure behar eta interesen aldeko defentsa egin dugunak”. Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak egungo egoera politikoari egin dio erreferentzia eta balioan jarri du elkarlana. Egibarrek zehaztu du: “Beste batzuk baldin badatoz, eragin handiagoa izango dugu, baina ezin dugu ikuspegia galdu” eta euskal gizarteari eskatu dio dauden aukeren artean “bakoitzak izan duen ibilbidearen artean konparaketa” egiteko.

“Estrategia militarra amaitu denean babesten du EH Bilduk autogobernua eta ulertu du aurrera egin ahal izateko zaindu beharrekoa dela”. Hori “albiste ona” dela esan du Egibarrek “gizarte eta nazio ikuspuntu euskaldun” batetik, nahiz eta gehitu duen “autogobernua eta Espainiarekiko estatus berria defendatzea, EAJ-PNVren papera egitea” dela. EAJ-PNVk “hemen eta han”, Euskadin eta Madrilen, presentzia sendoa izatearen garrantzia azpimarratu du Egibarrek, “gure proiektua defendatzeko” eta “Estatuarekiko erlazio berri bat bilatzeko, errespetuan, bizikidetzan, aitorpenean eta menpekotasun ezean oinarritua”.

Bere aldetik, Kongresurako hautagaia den Joseba Agirretxeak, Euskal Taldeak Madrilen egindako lana azpimarratu du, “Euskadiren beharrak erdigunean kokatu dituen taldea” eta “Euskadiren eta bertako pertsonen aldeko apustu koherentea” egin duena. Euskal Taldeak urte hauetan zehar Madrilen egindako lanak “emaitzak eman ditu, egiaztatu daitezkeen lorpenak ditugu eta hori ezin du edonork esan”.

Agirretxeak balioan jarri du iraganarekiko eta etorkizunarekiko “koherentzia eta konpromisoa”. “Garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, non gauden eta nora goazen”. Laburbildu du esanez esperientziak ematen duen zerbait dela eta EAJ-PNVren balioak direla “koherentzia, erabakitzeko ahalmena eta bertan egotea”, “iragana eta historia” duen alderdi baten ezaugarriak direla. “Zertara goaz Madrilera? Gure beharrak defendatzera eta gurea dena aldarrikatzera. Eta horren aurrean, aukera bakarra EAJ-PNV da”, azpimarratu du Agirretxeak. “Euskal gizarteak oso ondo daki nor den erreferentea Madrilen”, eta gehitu du “batzuk” legea beren beharren arabera betetzen dutela. “Transferentzia, konpromisoak…  betetzeko modu bakarra betearaztea da, eta horretarako dago EAJ-PNV”, adierazi du hautagai jeltzaleak. “Ez dago partidu espainiarrik, euren borondatez, inoiz ezertara konprometitu denik eta iruditzen zait etorkizunean ere berdin izango dela”, ondorioztatu du Agirretxeak.

Senaturako hautagaia den Maribel Vaquerok gogorarazi du apirilaren 28an jokoan dagoena dela euskal herritarren eta erakundeen eskubideen defentsa, eta gehitu du Estatuaren “atzerapen demokratikoaren” aurrean “berme onena” EAJ-PNV dela. “Ez dugu denbora galduko, eta ez dugu gure herria eta herritarrak ez diren gainontzeko interesik” adierazi du Senaturako hautagaiak. Vaqueroren hitzetan, Euskal Taldearen konpromisoa “Euskadin hasi eta amaitzen da”, eta ekitaldian izan direnei eskatu die atzera begiratzeko eta hausnartzeko nork defendatu duen “han eta hemen” herri honen interesak, beharrak, eskubideak eta autogobernua. “Gu ez bagaude Madrilen, nork egingo du?” gehitu du hautagaiak. Vaquerok EAJ-PNVren politika ulertzeko modua nabarmendu du, balore etikoetan, demokratikoetan eta errespetuan oinarrituta. “Inoiz ez iskanbilan”, zehaztu du.

Beste alde batetik, Eider Mendozak, Bidasoa-Oiartzun barrutiko zerrendaburuak, EAJ-PNVk “maila guztietan” jokatzen duen “oinarrizko papera” aipatu du. Gainera, Mendozak EAJ-PNVren “ereduzko gestioa” azpimarratu du eta “elkarlanean oinarritutako etorkizunera begirako konpromisoa”. “Gipuzkoak behar zuen aldaketa ekarri dugu: konponbiderik ez zutela ziruditen arazoei EAJ-PNVk irtenbidea eman die”. Mendozak gehitu du EAJ-PNVk “gure lurraldeko etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamen zehatzak” egin dituela.

Xabier Iridoy, Irunek behar duen “aldaketa”

Luis Marianon egin den ekitaldian, EAJ-PNVk maiatzaren 26ko hauteskundeetan Irungo alkatetzarako hautagaia aurkeztu du. “Proiektu berritzaileak dakartzan talde gaitua, anitza, konprometitua eta arduratsua”. Horrela deskribatu du Xabier Iridoyk berekin batera datozen udal hauteskundeetara aurkezten den taldea. Bere hitzaldian, egungo alkate den José Antonio Santanoren (PSE-EE) jarrera deitoratu du, zeina “ez den gai izan akordioak lortzeko ez gainontzeko erakundeekin, ez oposizioko taldeekin, eta ez du hiriaren eta bertako hiritarren ongizatea kontuan izan”. “Indibidualismo eta talde-lan ezarekin”, Iridoyk esan du Santanok lortu duena “Irun ezegonkor” bat dela.

Errealitate horren aurrean, hautagai jeltzaleak Irun abiaraziko duen aldaketa baten alde egiten du apustu: “jarrera aldaketa bat, positiboan eta ilusioz betetakoa”, eta gehitu du hiriak etorkizuna baduela, beti ere elkarlanean eta errespetuz arituta. “Gaur pozez beteriko lan taldea aurkezten dugu, konprometitua eta Irunek behar duen norabide aldaketa emateko gaitua dagoena. Irunengatik eta Irunentzat, kolaborazioan oinarrituta, lanean arituko dena”.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ