Tolosako EAJ-PNVk maiatzean amaituko den legealdiaren balorazioa egin du. Olatz Peon Ormazabal alkategaiaren hitzetan “duela lau urte Tolosak galdua zuen indarra berreskuratzeko eta Tolosa berriz ere martxan jartzeko proposamen zehatzekin aurkeztu ginen eta helburu hori bete dugula esan dezakegu; gure hauteskunde programa bete dugu eta beraz, baita herritarrei emandako hitza ere eta hartutako konpromisoak berretsi ditugu; hori horrela, legealdiaren balorazio positiboa egiten dugu”.
“Egia da- esaten jarraitu du- 4 urte motz geratzen direla Tolosarako proiektua bere osotasunean gauzatzeko, oraindik ere hamaika proiektu ditugu esku artean eta etorkizunean garatzeko ideia berriak ere baditugu Tolosak aurrera egiten jarraitu behar duelako” aitortu du Peonek. “Lau urteotan gure lehentasun nagusiak izan dira: tolosar guztiei gizarte zerbitzuak bermatzea; tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea; espazioak pertsonen beharrei egokitu eta beharrezko azpiegiturak sustatzea, gure kulturaren defentsa egin eta euskara indartzea eta gobernu ona eta gobernantza eredu berria oinarri hartuta lan egitea” adierazi du alkategai jeltzaleak.
Legealdi honetan programa gauzatzetik haratago, etorkizunera begirako proiektuen oinarriak ere landu eta hainbat azterketa lan egin ditu EAJ-PNVko gobernu taldeak. Aurrera emandako proiektuen artean garrantzitsuenak aipatu ditu alkategaiak:
• Gizarte ongizate alorrean: Gizarte Zerbitzuetara bideratutako aurrekontua urtetik urtera handitu izana pertsona gehiago artatu, zerbitzuak hobetu eta berriak martxan jartzeko; Familia Elkarguna; Uzturre egoitzan plaza gehiago kontzertatzeko egindako lana; Iurramendi egoitzan aurrera eramandako hobekuntza lanak; gizarte alokairuaren aldeko apustua; berdintasunaren eta elkarbizitzaren alde emandako pausoak kanpaina ezberdinen bitartez eta puntu beltzak ezabatuz edota herritarren arreta zerbitzua, Udate, hobetzeko martxan jarritako lanak.
• Ekonomia alorrean: Oriaburun sortutako Emari izeneko coworking gunea; Merkataritza Sail berria; merkatari eta ostalarientzako egoitza berria Oriaburun; Berriz eta Gune Biziak programei bultzada Gudari eta Errementari kaleetako erakusleihoak egokituz; enpresetan proiektu berritzaileak sustatzeko sortutako diru-laguntza lerroa; Enpresa Eguna; larunbateroko azoken eta berezien sustapena ekimen berrien bitartez, hala nola, Haragi edota azokari buruzko liburua; Euskal Herria plazan eraikitako hotel berria eta turismoa sustatzeko eta Tolosa ezagutzera emateko aurrera eramandako kanpainak.
• Hirigintza eta ingurugiro alorretan: irisgarritasuna hobetzeko lanak eta kaleen berritzea – Nafarroa etorbidea, Gudari kalea, Bidebieta, Bizkaia, Pedro Tolosa…- haur jolastokien eraberritzea eta zezen plazaren hobetze lanak; Fronton kafetegiko fatxada berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanak; landa auzoetan- Aldaba, Urkizu, Bedaioa- hobekuntzak; San Esteban eta Gorriti eremuak berurbanizatzeko urratsak; azpiegitura soziokulturalei buruzko azterketa eskainitako zerbitzuak hobetu, berriak martxan jarri eta erabileren arabera eraikinak egokitzeko; Rondilla kalea berritzeko proiektua; Oria ibaiari buruzko azterketa, besteak beste, Zumardi Txikia herritarrentzat berreskuratzeko; Elosegi parkea herritarren eskura jartzea; 5. edukiontzia ezartzea hondakinen gaikako bilketarako eta sentsibilizazioa eta kontzientziazio kanpainak datuak hobetzeko; kale garbiketa hobetu eta kaleak eta espazio publikoak txukun mantentzeko ezarritako adierazpen panelak.
• Kultur alorrean, gure nortasunari lotuta: euskararen sustapena administrazioan, aisialdian, kirolean eta merkataritzan; aukera berriak aisialdiari eta kirolari lotuta –Berazubiko estadioaren berritzea, tirolina eta ur jolasak- eta tokikoa balioan jartzea- babarruna, Tolosako kirolarien lorpenak…-.
• Kudeaketa alorrean, gobernantza eredu berriaren harira: udal jarduna gobernu onean oinarrituta: gertutasuna, gardentasuna, partaidetza, konpromisoa, zintzotasuna eta kudeaketa ona. Gobernantza eredu berria herritarren inplikazio eta pardaidetza sustatzeko, Tolosatzen parte-hartze prozesuaren bitartez, adibidez. Herri marka berria, webgune berria, udal aldizkaria eta informazio eta komunikazioa bide berriak.
Azkenik, jeltzaleek jakinarazi dute dagoeneko beste zenbait proiektu esanguratsu ere martxan direla: Uzturre egoitzaren pareko plaza estaltzeko proiektua; musika taldeen entsegurako lokalena; alokairua sustatzeko etxebizitza hutsei buruzko azterketa; San Esteban eremua berritzeko azterketa eta herriko erdigunean kokatuko den turismo lokal berriari buruzko proiektua. Beraz, “oparoak izan dira azken lau urteak, baina proiektu berri asko ere ditugu jada landuak, horien artean azpimarratzekoak Rondilla eta Zumardi Txikiari lotutakoak, beraz, gure helburu eta borondatea da tolosarrekin elkarlanean, orain arte bezala, etorkizuna duen Tolosa bizi bat eraikitzen jarraitzea” amaitu du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea izateko EAJren hautagaiak.