Lurraldeak etorkizunera begira dituen desafio nagusiei erreferentzia egin die gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Arrasatera egindako erakunde bisitan. “Gure industriaren lehiakortasuna, nazioartekotzea eta berrikuntza maila sustatzen jarraitu behar dugu, pertsonak erdigunean jartzen dituen ongizate ereduari eutsi eta hedatzeko”, adierazi du, herriko alkate Maria Ubarretxenarekin egindako bileraren ostean. Erronka horri aurre egiteko garaian Arrasateko enpresa-ehunaren eta bertan martxan diren egitasmo sozial eta ekonomikoen “aitzindaritza eta berrikuntza” maila aitortu du Olanok, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan.
Diputatu nagusiak gogorarazi du desberdintasun maila ekonomikoak behera egin duela azken urteotan Gipuzkoan, ezaugarri duen gizarte kohesio sendoari eutsiz. Hain justu ere, desberdinkeria neurtzen duen GINI indizea 2014ko 26,3 puntutik 2017ko 25,3 puntura jaitsi da Gipuzkoan. “Zenbat eta altuagoa izan GINI koefizientea –azaldu du–, hainbat eta altuagoa da gizarte baten aberastasunaren kontzentrazioa –bidegabekeria ekonomikoa–. Beraz, aipagarria da esan ahal izatea Gipuzkoan eta Euskadin oro har (25,8 puntu), askoz azpitik gaudela 28 kideko Europa baino (30,8 puntu) eta Espainia baino (34,5 puntu), non 2015. urteaz geroztik hamarren bat besterik ez baita jaitsi”.
“Jaitsiera horren muinean industria lehiakor bat dago, gizarte arduraz jokatzen duena eta kalitatezko enplegua sortzen duena”, adierazi du.
Erreferentzia lurralde osorako
Hala ere, Olanok gehitu du lurralde osoan 35.000 lagun inguruk “pobrezia eta bazterkeria” bizi dutela edo egoera horretan erortzeko arriskuan daudela. “Gipuzkoarentzat lehentasun osoa du bazterkeriari aurre egitea, gure lurraldean pertsona orok izan dezan bizitza proiektu duin bat garatzeko aukera. Baina, baita ere, desberdinkeriatik edaten duten mugimendu xenofobo eta populistek ez dezaten espaziorik irabazi gure gizartean”, gogoeta egin du. Helburu hori gauzatzeko, gainera, gizarteko eragile eta elkarteekin “lankidetza estutzen jarraitzea” beharrezkotzat jo du, “politika sozial aurreratu eta berritzaileak” bultzatuz.
Horregatik, eremu sozialean Arrasatek egiten duen ahalegina nabarmendu du diputatu nagusiak, Estatu osoan biztanleko gizarte politiketan gehien inbertitzen duten hirien artean baitago. “Erreferentzia bat zarete enpresa mundua gizarte justiziarekin lotzen eta, baita ere, kolektibo ahulenei beharrezko babesa eskaintzen”, aitortu du Olanok.
Horren lekuko, Caritasek berriki gizarte inklusiorako abian jarritako Bidean zentroa ezagutu dute Olanok eta Ubarretxenak, goizean izandako bileraren ondoren. Haiekin batera izan dira Imanol Lasa eta Maite Peña, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua eta Gizarte Politikako foru diputatua, hurrenez hurren.
Bidean proiektua Kataide poligonoko Astore enpresarena izandako pabilioi batzuetan kokatua dago eta okupazioa, formazioa, aholkularitza juridikoa eskaintzen diete bertan kolektibo ahulenei. Gizarte bazterkerian dauden 85 pertsonari zerbitzua eskaintzen die Debagoienako Caritasek eta eskualde osoko 60 gizon-emakumeen bolondres lanari esker hainbat ikastaro eta ekintza burutzen dituzte bertan.
Olanoren esanean, “eredugarriak eta aitzindariak” dira Bidean zentroak abian jarritako ereduak. Batetik, “oinarrian jartzen duelako arreta pertsonalizatua eta lan mundurako prestakuntza” eskaintzea, “lanpostu duina baita gizarteratzeko oinarri nagusia”. Bestetik, “inguruko komunitateak berak parte hartzen duelako” jardun horretan.
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak azpimarratu du, baita ere, bere izaera industrial eta kooperatibistaz gain, azken hamarkadetan zerbitzu sozialen ikuspegitik egindako apustuagatik ezaguna dela herria. Horren testigu dira, besteak beste, Aita Menni zentroa edo San Juan de Dios ospitalea, biak herriko historiarekin estuki lotuak. Ubarretxenak baloratu du elkarlanerako eredu publiko-pribatuaren arrakasta eta Arrasateko Bidean zentroa goraipatu du horren adibide gisa.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Erakunde bisita amaitzeko PMG taldeko Polmetasa mekanizatu-enpresako instalazioak ezagutu ditu diputatu nagusiak. Automoziorako talka-motelgailuak garatu, ekoiztu eta merkaturatzen ditu Arrasateko lantegiak. 200 langiletik gora ditu eta, berrikuntza eta pertsonen aldeko apustua oinarri hartuta, Europan lidergoa lortu du bere sektorean eta AEB eta Chinako merkatuetan hedatzen ari da.
Berrikuntzaren alorrean alde azken urteotan egindako lanari esker, PMG taldeak Arrasaten zentralizatu du negozio-unitate honetan AEB eta Asiako merkatuetara bideratzen dituen produktuen garapena.