Atzo, martxoaren 20, Palmera Montero Gunean, EAJ-PNVk antolatutako hirugarren mahai inguruak leku izan zuen, hainbat adituren parte hartzearekin; agenda kontuengatik Beatriz Artolazabalek ezin izan zuen bertaratu eta bere ordez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburu ordea den Lide Amibilia izan zen, Gipuzkoako Foru Aldunditik Maite Peña, Gizarte Politiketako diputatua eta Aitziber San Roman, Donostiako Udaleko Gizarte Akzioko zinegotzia. Halaber, beraiekin batera Xabier Iridoy alkategaia izan zen, eta ezer baino lehen, bere aurkezpenean, gai honetan pertsonek duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, "pertsonak gizarte-arretaren eta gizarte politiken erdigune izan behar dute beti, edozein laguntza eskaintzerako orduan, pertsonak oinarri dira eta. Horregatik edozein erakundek zein Udaletxek, pertsonalizatutako arreta modelo bat eskaini beharko luketela uste dugu, eta hau da gure helburua. Irunen pertsonalizatutako arreta sustatu nahi dugu, hiritarrek ahalik eta zerbitzu eraginkorrenak eduki ditzaten".
Bestalde, Iridoyk Udaletxeak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuak eta laguntzak, auzoetara ere gerturatu beharko liratekeela esan zuen, "beharrezkoa da gure ustetan gizarte egoera zail batean dagoen pertsonaren beharretara egokitzea, eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu beraiengandik hurbil eta gertu egotea, tratu egokia eskaini ahal izateko". Alkategai jeltzaleak, bizi-itxaropenak jasan duen aldaketa ere aipatu nahi izan zuen, eta handiagotze honek erakundeen arteko kolaborazio egonkor eta iraunkor bat eskatzen duela ere helarazi zuen, "datozen urte hauetan pixkanaka tinko aurre egin beharko diogun erronka da hau, hori bai, guzti honi erantzun egoki bat eman ahal izateko aurretiaz aipatu bezala, ezinbestekoa da beste erakundeekin kontaktuan eta koordinatuak egotea". Irun Lagunkoia ekimena ere aipatu zuen Iridoyk, "ekimen hau behingoagatik martxan jartzeko garaia da, Irungo Udala orain urte asko atxiki zen, baina orain arte ez du aurrera pausorik eman gai honetan. Eta hiriko adinekoek hiriaren ongizatean duten indarra aprobetxatu beharra dago. Askotan esan dudan bezala, liskarrek ez baikaituzte inora eramaten, hiriari ez dio onik egiten. Aurrera pausoak eta lorpenak, elkarrizketa, akordio eta negoziazio bitartez eskuratu behar dira".
Iridoyk migrazioaz ere hitz egin zuen, "Irunen gaurkotasun handiko gaia da hau, hortaz guretzat ere garrantzitsua. Garrantzitsua ere Irun hiriaren ezaugarriak kontuan izaten baditugu. Gainera dugun kokalekua kontuan izatea gutxi balitz, Irungo Udalak gai honen aurrean izan duen kudeaketa txarra ere esanguratsua iruditzen zait oso. Eraginkortasunik gabeko jarduketa; hasieratik gobernu sozialistak ez zuen arazoa ikusi nahi izan, erakundeekin koordinatzeko gogo eza erakutsi zuen, ondorioz, trantsizioan dauden pertsona hauek jaso duten harrera ez da behar bezalakoa izan. Jarrera pentsaezina eta sinesgaitza".
Lide Amilibia sailburuordeari dagokionez, Euskadi Lagunkoia programari buruz aritu zen eta hiri ingurune adiskidetsu baterako beharra azpimarratu zuen, "adineko pertsonei hiri adiskidetsu bat eskaini behar diegu, beraiek independentzia batekin bizi daitezen. Are gehiago, orain urte batzuk egin genuen ikerketa baten bitartez frogatu ahal izan genuen, krisi garaian familien sostengua adineko pertsonak izan zirela. Ez ekonomikoan soilean, baita ardura laguntzetan ere. Horregatik da ezinbestekoa da adinekoen ongizatea zaindu eta bermatzea".
Maite Peñak, bakardadeaz hitz egin zuen, "askotan bakardadea adineko pertsonekin elkar lotzen dugu, baina gaur egun bakardadea ez da adinekoen arazoa soilik. Ez desiratutako bakardadea arazo handia da egun, mendekotasuna azkartzen du, autonomia murriztu eta ongizate emozionala gutxitu. Horregatik, erakundeek bakardadearen borroka horri laguntza eskaini behar diogu, harekin pertsona hauen autonomia bultzatzen baitugu. Beharrezkoa da, zer ikusirik ez duten pertsonen artean elkar loturak sortzea, hala komunitate egonkor bat osatuz". Eta lan horretan, gazteek duten garrantzia ere aipatu zuen "gazteen papera gizarte honetan ezinbestekoa da, baita prebentzio ekintzak jorratzea ere, gizartean kohesio egoki bat izan dezagun".
Azkenik, Aitziber San Romanek Donostiako Udalak Hiri Adiskidetuen proiektuan izan duen esperientziaz hitz egin zuen, "2008an Donostiako Udalak, hiri adiskidetsuen zerrendara atxikitzea erabaki zuen, eta horretarako Donostiak bizi zuen egoera baliotsi behar izan genuen. Baina harrezkero, apustu hori egin genuenetik, adineko pertsonekin, modu aktibo eta zuzenean jardun gara. Hari esker, pertsona hauen beharretarako egokia den programa ezartzeko aukera izan dugu, baita gobernantza modelo egoki bat sortu ere. Gainera, kontu honetan Udal batek kontuan izan beharreko funtsezko hainbat ardatz identifikatu ditugu; higikortasuna, bizitza guztirako etxebizitza, bizi-trantsizioa eta zahartzaroaren kudeaketa, hau da, nire zahartzaroari begira, nire bizitza antolatzeko erraztasunak eman behar zaizkio pertsona bati. Halaber, ez dugu inoiz ahaztu behar gizarte politikek arreta eta erantzun integrala izan behar dutela".