Garikoitz Mendizabal izango da EAJren Zestoako alkatetzarako hautagaia maiatzan egingo diren udal hauteskundeetan. Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek lagunduta gaur egindako aurkezpenean, ilusioz beterik agertu da Mendizabal “proiektu berritua eta berritzailea” gauzatzeko, eta herriaren etorkizuneko erronka nagusiei emateko, ekonomia jardueraren sustapena, gizarte babesa, kulturaren dinamizazioa eta auzoen arreta, orekaren ikuspegitik, oinarri gisa hartuta. EAJri eskerrak eman dizkio berarengan jarritako konfiantzagatik, eta azpimarratu du “ohore handia” dela ardura berri hau bere gain hartzea.
“Zestoak nabarmen egin du hobera azken lau urteotan, aurrerapen handiak egin ditu, baina orain unea da bultzada berri bat emateko, eta guztion artean bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko leku hobe bat egiteko. Kudeaketa eraginkorraren, lan serioaren eta zintzotasunaren berme da EAJ, baina horrez gain, gertutasunean eta lankidetzan sakondu nahi dugu. Konbentzituta nago haize fresko hori ekarri ahal izango dudala”, azaldu du.
Mendizabalek zehaztu duenez, burubelarri ari dira une hauetan gobernu programa eta hautagaitza osatzen, eta kasu batean zein bestean lanak “oso aurreratuta” dauzkate. Ekonomia eta gizarte ongizatea izango dira EAJren etorkizunerako proposamenaren ardatz garrantzitsuenak. “Kalitatezko enplegua” sortzen laguntzeko eta sektore guztiak babesteko arituko da lanean, lehen esparruan. Bigarrengoan, berriz, “behar handiena duten persona eta kolektiboen arreta” lehenetsiko dute, hala nola mendekotasun egoera dauden adinekoena.
Era berean, kulturak Zestoan duen garrantzia goraipatu du. “Alor horretan jarduera eta dinamismo handiko herria da gurea. Gure nortasun ikurretako bat da, zaindu eta indartu beharrekoa”, dei egin du. Horretarako, EAJren hauteskunde egitasmoak proiektuak aurreikusten ditu herriko kultur taldeen beharrei erantzutea, eta kulturak duen “pisuaren araberako instalazio bat” edukitzea. Auzoen eta lehen sektorearen premiei erantzutea izango da beste helburu nagusietako bat: “Ezin da ulertu Zestoa auzorik gabe. Ezinbestekoa da oreka bermatzea, azpiegituren eta zerbitzuen ikuspegitik”, nabarmendu du. “Zestoa erakargarria, aktiboa eta bizia bultzatzea dugu xede: ilusioa sortuko duena, irekia, jasangarria, baloreetan aberatsa, gizatiarragoa eta erosoa. Gobernu aukera irekia eskaini nahi dugu, sentsibilitate desberdinak barne hartuko dituena, desadostasun politikoen gainetik batzen gaituenari garrantzia emango diona”.
Herrian jaioa, 46 urte ditu eta bi semeren aita da Mendizabal. Musika ikasketak egin zituen, txistuan espezializatuz profesionalki, eta ibilbide luzea du kultur arloan. Haren esanetan, eskarmentu hori lagungarria izango da “gauzak egiteko beste modu eta estilo bat” finkatzeko. “Desberdinak batzeko gaitasuna dauka kulturak. Nortasuna ematen dio herriari. Ideologia eta ikuspegi ezberdinetako pertsonen artean, komunikazio normalizatua eta arina edukitzen laguntzen du. Tresna baliotsua da elkarri gerturatzeko eta elkarbizitza errazteko. Lankidetza oso barneratuta daukat nire ibilbide horren eskutik, eta lan egiteko modu hori Udalaren kudeaketara eraman nahi dut”.
Gaineratu duenez, epe motzean emango du jakitera nortzuk osatuko duten EAJren hautagaitza. “Esperientzia eta gaztetasuna” uztartuko ditu, “adin eta lanbide desberdinetako gizon-emakumeek osatuko baitute, herriko elkarte eta mugimenduetan inplikatutakoak. Arlo pribatuko eta publikoko adituek lagunguko naute, bai eta ideia eta ekarpen berriak egingo dituzten gazteek ere. Punta-puntako lan taldea osatu dugu, zestoarron konfiantza lortzeko itxaropenarekin. Herri bat gidatzeko ezinbestekoa da herria maitatzea eta herritarrak errespetatu, entzun eta beren errealitatea ezagutzea. Baldintza hori ondo baino hobeto betetzen dugula uste dut”, amaitu du.
“Herrigintzan pauso bat aurrera ematen dutenak babestu”
Herrigintzan “pauso bat aurrera ematen dutenen alde” agertu da Joseba Egibar. “Gaur egun politikan parte hartzea, badirudi azken aukera dela. Jendeak ez du bere bizitza konplikatu nahi. Baina familia bat osatzeko, enpresa bat eraikitzeko edo herri bat gidatzeko konpromisoak hartu behar dira. Herria guztion etxea da, eta pauso hori ematen dutenek babesa merezi dute”. Hori dela-eta, eskerrak eman dizkio Mendizabali alderdiaren izenean. “Erakusten du bere buruaz aparte beste zerbait maite duela, bere herria, eta horren alde lan egin nahi izatea azpimarratzekoa eta txalogarria da”.
“Konpromiso politikoa, etikoa eta demokratikoa” ditu bereizgarri EAJren proiektuak, Egibarren arabera. “Herrigintza ez dugu edozein modutan ulertzen. Errespetuan oinarritutako herrigintzak behar du bere kode etikoa. Herri bat errespetatu eta maitatzen bada, herritarrak errespetatu eta maitatu egin behar dira. Bide politikoak eta demokratikoak dira aukera bakarra”. Politikoki, nazioa “behetik gora” eraikitzen dela gaineratu du: “Herritarren eskutik, udaletatik, eskualdetatik, Aldundietatik eta nazio erakundeetara iritsi bitartean, egiten dira herriak sendo. Ez goitik behera”. Giza eskubideei dagokionez, “batzuk iraganari begira bestelako justifikazioak” ateratzen dituzten bitartean, EAJk zalantzarik ez duela azpimarratu du: “Ez lehen, ez orain eta ezta etorkizunean. Pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatu behar dira. Konpromiso hori hartzen dugu aurrera begira ere”.
Ekonomikiko proiektu “sendo” bat edukitzea, “kalitatezko enplegua sortzea” eta aldi berean “justizia soziala” bermatzea aipatu ditu lehentasun gisa. “Pertsona askok oraindik beharrak dituzte eta guk gizarte orekatu bat egin nahi dugu, inor bazterrean utziko ez dena. Gutxieneko hori bermatu behar diogu behar duenari, ez bakarrik orain, baita hurrengo belaunaldiari begira ere”. Gaur egungo eskubideak “kreditu baten bidez, eta etorkizunari begira zorra utzita” bermatzeko tentazioa baztertu behar da GBBko presidentearen hitzetan, ondoren datozenei ezin zaielako “gure ekintzen zama” utzi.
“Gizartea eraikitzerakoan erabaki zuzenak hartu behar dira. Proiektu politiko bideragarria behar dugu. Erabakitzeko eskubideak esan nahi du gure etorkizunaren inguruan hartu beharreko erabakietan gaitasuna edukitzea, ardura hartzeko gai guzti horietaz, etorkizuna irabazteko. EAJrena proiektu fidagarria da, herriz-herri, lurraldez lurralde, nazio ikuspegia zainduz jorratutakoa”, amaitu du.