Batzar Nagusiek onespena eman diote gaur goizean "Gobernu Onari buruzko Foru Araua, Foru Gobernantza Publikoaren Esparruan” lege proiektuari. Atal hauek ditu: zioen azalpena, 60 artikulu bost titulutan banatuta, lau xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. Arlo honetako hainbat adituren ekarpenak jaso dituen kontraste prozesu luze baten emaitza da.
Arau horrek, lehen aldiz, isun erregimena finkatzen du goi karguentzat, publizitate aktiboarekin eta informazio publikorako sarbidearekin zerikusia duten betebeharren balizko urraketaren aurrean. Bestelako berritasunak ere dakartza: Aldundiaren datu irekiak eta datu horien berrerabilpena arautzen du, gizarte antolatuaren mesedetan; politika publikoen ebaluazioa bultzatzen du; interes talde edo lobbyen erregistroa sortzen du; eta esperimentazio aktiborako espazioen beharra finkatzen du, lurraldeak dauzkan erronka eta arazo konplexuei aurre egite aldera. Gainera, organu independientea eta funtzionalki autonomoa sortzen du, herritarrek publizitate aktiboarekin eta informazio publikorako eskubidearekin lotuta egiten dituzten erreklamazioak ebatziko dituena.
Legealdi hasieran aurreikusitako ekimen nagusietako bat zen Araua. “Kudeaketa Plan Estrategikoan, open datari buruzko Foru Araua onartzea aurreikusten genuen. Baina lanean hasi ginenean, ikusi genuen beharrezkoa zela Gobernantza Onari lotutako beste hainbat alor ere lantzea, hala nola etika instituzionala, politika publikoen ebaluazioa edo elkarlaneko gobernantza. Izaera globala edukitzeaz gain, mekanismo zehatzak aurreikusten ditu hemendik aurrera Aldundiak gobernu ardurak edukiko dituztenen betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko. Gaurtik aurrera, Gobernu Onari lotutako alor guztiak kontuan hartzen dituen legea dauka Gipuzkoak, herritar guztion mesedetan. Eta horrek balorazio positiboa merezi duela uste dugu”, adierazi du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Xabier Ezeizabarrena, EAJ-PNV batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gobernu Onari buruzko Foru Arauaren inguruan azaldu du, “gaur Batzar Nagusietan onartutako Gobernu Onari buruzko Foru Arauak, europar gobernantza kontzeptu berrietan sakontzen du, herritarrak erabaki publikoetan parte hartzera eta erantzukizunak bereganatzera bultzatuz”. “Gobernantza onaren prozedura eta tresnak, bilakera etengabean daude eta premia berrietara eta etorkizuneko erronketara etengabe egokitzera behartzen gaitu”.