“Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planak, hondakinen kudeaketa bere osotasunean itxiko du legealdi honetan, Europar Batasunak emandako irizpideei jarraituz eta Europan gehien birziklatzen duten herrialdeen ereduari erreparatuz. Azken finean, aurreko legealditik jasotako arazoei irtenbidea emanez” adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan. “PIGRUG berriak prebentzioa eta ekonomia zirkularra hartzen ditu oinarritzat eta Gipuzkoa, europar herrialde aurreratuenen parea, ekonomia zirkular baterako trantsizioaren buruan kokatzea du helburu”.
“EAJ-PNV batzarkide taldeak, Zubietako balorizazio energetiko gunea hondakinen zikloa ixteko sistemarik egokiena dela deritzogu, PIGRUG berriak jaso bezala, Europar Batasunaren irizpideei jarraiki: baliabideen erabilera efizientea bermatzeko, ekonomia zirkularraren printzipioak bultzatzeko, energia berriztagarriaren erabilera hobetzeko eta efizientzia energetikoa handitzeko eta lehentasuna, birziklapenarekin eta balioestearekin batera, hezkuntzari eta prebentzioari emanez” azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.
“Hiri hondakinen kudeaketa plan berriari esker -jarraitu du Maria Eugenia Arrizabalagak– Gipuzkoak aurreko legealditik jasotako arazoari irtenbidea eman eta Foru Gobernuak legealdi hasieran ezarritako helburua beteko du. Hondakinen birziklapen eta balorizazioa aurrera eramateko beharrezko dituen azpiegitura guztiak martxan izango ditu, zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredu batekin, eta beti ere, Europar Batasunak emandako irizpideei erreparatuz”. “Emandako hitza bete eta Gipuzkoak dituen arazoei erantzuten dien Foru Gobernua, alegia” amaitu du.