Euzkadi Buru Batzarrak bere doluminak adierazi dizkio Xabier Arzalluz “abertzale eredugarriaren” familiari

EAJ-PNVren Aberri Exekutiba gaur goizean joan da Begoñako tanatoriora bi hamarkadatan EBBko presidente eta azken 40 urteotako euskal politikaren ezinbesteko erreferente izan zenari azken agurra ematera
01
Martxoa
2019
EBB
PARTEKATU
01 Martxoa 2019 | EBB

Euzkadi Buru Batzarreko burukideak gaur eguerdian joan dira Funeraria Bilbaina Ehorztetxeak Begoñan daukan tanatoriora, atzo, 86 urte zituela, zendu zen Xabier Arzalluz Antiaren familiari bere babesa eta doluminak adieraztera eta bi hamarkadatan EBBko presidente eta azken 40 urteotako euskal politikaren ezinbesteko erreferente izan zenari azken agurra ematera. Tanatoriotik irtetean, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek adierazpen laburra eskaini die bertan batu diren kazetariei. “Hona etorri gara euskal politikagintzaren handi bati, abertzale eredugarri bati, gure azken agurra ematera, EAJren bitartez maite zuen Aberriaren alde dena eman zuen pertsonari, hain zuzen. Azken berrogei urteotan erreferente handi bat izan den pertsonari. Gaurko EAJ ez litzateke ulertuko bere lanagatik eta bere presentziagatik izango ez bazen. Xabier Arzalluz eredu bat izan da gu guztiontzat, aurrerantzean gogoan izango dugun eta jarraituko dugun eredua. Egin ahal diogun omenaldirik onena da berak ezarri zuen bidetik jarraitzea eta beti sinetsi zituen ideiak defendatzea”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

Arzalluzen heriotza ezagutu zenetik, zenbatezinak izan dira Sabin Etxera heldu diren dolumin mezuak. Besteak beste doluminak adierazi dizkiote EAJko exekutiboari Espainiako presidenteburu Pedro Sánchezek eta Carmen Calvo presidenteandreak; Canariar irletako presidente Fernando Clavijok; PDeCATeko presidente David Bonvehík; PSE-EEko idazkari andre Idoia Mendiak; Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodríguezek; Podemoseko idazkari nagusi Lander Martínezek; UGTko idazkari Pepe Álvarezek eta UGT-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi Raúl Arzak; Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcíak; Herriaren defendatzaile Francisco Fernández Marugánek; Coalición Canariako idazkari nagusi José Miguel Barragánek; Compromiso por Galiciako idazkari nagusi Juan Carlos Piñeirok; Josep Antoni Durán i Lleidak, Quico Homsek eta abar luze batek

EBBk Sabin Etxeko atondoan jarri du gaur doluminak adierazteko liburua eta bihar eguerdira arte egongo da Xabier Arzalluzen familiari doluminak helarazi nahi dizkioten guztiek beren mezuak bertan jaso ditzaten. Arratsaldean, Aberri Exekutiba Azkoitiara joango da, Xabier Arzalluzen jaioterrira,19:00etatik aurrera Azkoitiako Santa Maria la Real Parrokian egingo den hileta elizkizunera. Goian bego Xabier Arzalluz.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ