EAJ-PNV: Darpón sailburuak erantzukizun osoz jardun du eta bera da azkeneraino iristeko interes handiena duena

Talde jeltzaleak Sailburuaren jarduna eta gertakariak argitzeko hartu duen erabaki irmoa aldarrikatu ditu, eta bere babesa adierazi dio azken orduetan kargua uzteko eta dimisioa aurkezteko egin diren eskarien aurrean. “Bere jarduera erabat zorrotza eta gardena izan da. Besteena izan da interesatua”, esan du Josune Gorospek

EAJ-PNV: Darpón sailburuak erantzukizun osoz jardun du eta bera da azkeneraino iristeko interes handiena duena 19Otsaila 19 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

EAJ-PNVren legebiltzar taldeak baieztatu Jon Darpon Osasun Sailburua, bere Saila  eta Osakidetza  direla hau dena argitzeko interesik handiena dutenak; hortik dator Euskadiko fiskal goren Carmen Adanekin, Arartekoarekin eta Eusko Legebiltzarrarekin etengabe lankidetzan aritzeko erakutsi duen jarrera. “Lankidetza hori erabatekoa izan da lehen minututik, sailburuak berak behin baino gehiagotan berretsi duenez, azkeneraino iritsi nahi duelako eta hurrengo EEP-OPEE hau berme guztiekin burutzea nahi duelako. Baina ez du soilik hitzez esan. Hainbat neurri hartu ditu eredu berria diseinatzeko, berdintasuna eta gardentasuna eta profesionalik onenak aukeratzen direla bermatzeko”, adierazi du legebiltzarkide jeltzale Josune Gorospek. “Jarduera arduratsuak izan dira denak, probetan oinarrituta eta demagogia alde batera utzita”.

Gorosperen esanetan “Sailburua eta bere lantaldea EEP hau  arintasunez eta berme guztiekin burutzeko egiten ari diren lan hau tartean dauden eragileek  kontuan hartu beharko lukete; dena dela, hainbatetan  ikusten dugu sindikatu eta alderdi batzuk ez direla denon onbeharrez mugitzen,baizik eta beren interesen arabera”. “Eusko Jaurlaritza desgastatzea bilatzen dute eta, horretarako, auzitan jartzen dute eta eraso egiten dute Euskal Osasun Zerbitzu osoa. Osakidetza da  euskal hiritargoak gehien balioesten duen zerbitzuetako bat, eta prestigioa dator halako EEP-etatik irten diren milaka pertsonen dedikazio eta lanetik”.

Talde jeltzaleak Sailburuaren jarduna eta gertakariak argitzeko hartu duen erabaki irmoa babestu ditu eta bere babesa adierazi dio azken orduetan kargua uzteko eta dimisioa aurkezteko egin diren eskarien aurrean. “Bere jarduera erabat zorrotza eta gardena izan da. Besteena izan da interesatua”.

Ziurtasun osoz esan dezakegu,amaitu du, gai honen inguruan sortu den zarataren inguruan Sailburuak “lanean jarraituko duela Euskal Osasun Zerbitzua defendatzeko eta hobetzeko. Etorkizun hobea eraikitzera begira eta Osakidetzak  osasun arreta arloan erreferente izaten jarrai dezan. Jakin dakigu hauxe dela bere kezka nagusia”.

Interesatu Zaitez