Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusi eta maiatzeko foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak, Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrekin batera, lurraldeko erakundeen sendotasunaren aldeko aldarria egin du gaur goizean Tolosan egindako ekitaldian. Espainiako estatuan “ziurgabetasuna, ezin elkar ulertua eta muturreko zentralismoa” zabaltzen ari den honetan, “gure erakunde sistema eta gizarte egitura sendotzearen alde” egin du, modu horretan “Gipuzkoa indartsu bat eraikitzen jarraitzeko”.
Tolosako Euskal Pizkundea plazan egindako ekitaldian, Olano eta Egibarrek beren babesa eskaini diote datozen udal hauteskundeetarako Tolosako EAJ-PNVk osatutako hautagaitzari. Olatz Peon Ormazabalek gidatuko duen zerrendaren lehen bederatzi pertsonak ezagutzera eman dituzte gaur jeltzaleek; gaztetasuna, esperientzia, aniztasuna, berritasuna, ilusioa eta lanerako gogoa eta gaitasuna uztartzen dituen taldea aurkeztu dute. “Eskualde sendoak, orekatuak eta lehiakorrak dituen lurralde baten alde egiten dugu, eskualde indartsuak edukitzeak Gipuzkoa osoa indartzen duelako”, adierazi du Markel Olanok bere hitzaldian. Horren lekuko, azken legealdian Tolosak eta Tolosalde osoak egindako lana goraipatu du.
Izan ere, legealdiko balantze baikorra egiteko garaian, diputatu nagusi gisa errepikatzeko hautagaiak azpimarratu du EAJ-PNVk duela lau urte emandako “hitza eta konpromisoak” bete dituela. Ibilbide horrek oinarri izan du, gaineratu duenez, “gizartearekin elkarrizketa eta inposaketa eza”, eta hortik abiatuta “kudeaketa eraginkorra, azpiegituren modernizazioa eta etorkizuna prestatzeko proiektu ekonomiko eta sozialak”. Kudeaketa eraginkor horren adibide gisa aipatu ditu, besteak beste, herri txikietan banda zabal ultra azkarra hedatzeko programa arrakastatsua –dagoeneko 2.000 etxe eta baserriri onura eragin diena–, zerbitzu sozialen garatzea, lurraldeko industriei emandako babesa eta tokian tokiko merkatariei emandako bultzada.
Nabarmendu duenez, azken lau urteotan, atzean utzi dugu Gipuzkoan “geldialdia, gatazka eta inposaketak markaturiko” aro bat. “Gaur egun, berriz, ikusten dugu Espainiako estatuan zabaltzen ari direla elkarrizketa falta, muturreko joera zentralizatzaileak; gure gizarteari eta erakundeei eraso egiten diete jarrera horiek. Horren aurrean gure gizartea piztu eta erakunde sistema sendotzearen alde egiten dugu, Gipuzkoa indartsu bat eraikitzen jarraitu behar dugu. Gizartea eta erakundeen arteko elkarlanak bakarrik erantzun diezaioke olatu horri”, aldarrikatu du.
Testuinguru honetan, ‘Eman Bidea Gipuzkoari – Una Gipuzkoa Fuerte’ leloak dioen bezaka, “Gipuzkoa sendo” hori irudikatu du diputatu nagusirako hautagaiak: “ekonomikoki lurralde aurreratu bat, kalitatezko enplegua sortuko duten enpresekin; gizarte zerbitzuak bermatuko dituena, gizarte bazterkeriari aurre egiteko egitasmo aurreratuekin; erakunde sendoak edukiko dituena, modu partekatuan lan egingo dutenak gizartearekin eta lurralde guztiko eskualdeekin”. “Gipuzkoa sendo horrek etorkizunari heltzen dio, datorrenaren zain gelditu gabe, gure burua prestatuz industriaren eraldaketari, gizartearen zahatzeari, ingurugiroaren zaintzari, edo kultur aniztasunaren kudeaketari, besteak beste”, laburbildu du.
“Etorkizunari aurre hartu behar diogu”
GBBko presidente Joseba Egibarrek, berriz, EAJ-PNVren “konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa” ahotan hartu ditu bere hitzaldian eta gogoratu du alderdi jeltzalea dela “ezaugarri horiek batzen dituen alderdi bakarra”. “Ez gara nagusi, baina bai ardatz”, osatu du, “herri proiektu bat dugulako, nazio proiektu bat, eta hori gabe nekez uztartu daitezke proiektu txikiagoak”. “Horregatik, beste eremu batzuetatik etorri daitezkeen martxen aurrean, gure desafioa da herriak, eskualdeak, lurraldeak sendotzea. Gipuzkoa garrantzitsua da ikuspegi horretatik, Euskal Herriko bisagra gara”, irudikatu du Egibarrek.
GBBko lehendakariak, baita ere, gogorarazi du EAJ-PNVren jardun politikoa beti garatu dela “bide demokratiko eta baketsuetatik”. “Hori ezin dezakete esan beste batzuk, uste baitzuten lan politikoa bide armatuekin uztartu zitekeela”, aipatu du, ezker abertzaleari aipamena eginez.
Egibarrek, amaitzeko, publikoki eskertu die EAJ-PNVko hautagaiei herrigintzarekin duten “konpromisoa”. “Erakutsi dugu orain dela lau urteko aldaketa beharrezkoa zela. Gauzak eraiki daitezkeela beste guztiekin elkarlanean. Herri hone etorkizun politiko eta ekonomikoa ziurtatzeko aurkezten da EAJ-PNV hauteskundeetara. Etorkizunari aurre hartu behar diogu, geldirik egotea atzera egitea da gaur egun”, adierazi du.