Eusko Jaurlaritzak euskal Funtzio Publikoan hobekuntza garrantzisuak izango dituen bi Lege Proiektu onetsi ditu

Gobernu Kontseiluak beste bi Lege Proiektu onetsi ditu: Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua eta 2019rako Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua
Eusko Jaurlaritzak euskal Funtzio Publikoan hobekuntza garrantzisuak izango dituen bi Lege Proiektu onetsi ditu
29
Urtarrila
2019
Berria
PARTEKATU
29 Urtarrila 2019 | Berria

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren izan ohi den prentsaurrekoan, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazurekin batera.

Euskal enplegu publikoaren legea 

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua. Erkorekak azaldu duenez, Lege Proiektu horrek oraingo araudia eguneratzea adierazten du.

Sailburuak esan duenez Lege horrek erantzun egiten die gizartearen funtsezko hiru erronkari: kontziliazioa, berdintasuna eta familia-eredu berrien errespetua sustatzea; Funtzio Publikoaren bitarteko kontratuen tasa jaistea; eta estandar etikoak zerbitzu eta aurrekontu publikoak kudeatzen dituzten pertsona guztiengana helaraztea.

Erronken artean, langile publikoen “ibilbide profesionala” arautzea nabarmendu du Erkorekak. “Lanpostuaren jardun profesionala aintzatetsi eta saritu nahi dugu. Ziur gaude lagungarria izango dela zerbitzu publikoaren prestazio eraginkorragoa lortzeko”, azpimarratu du.

Estandar etikoei dagokienez, Gobernuko bozeramaileak adierazi du langile publiko guztiei helarazi zaiela kudeaketa-lanak etika publikoaren estandarrek zuzendutakoa behar izatearen eskakizuna. “Langile publikoek integritatearen eta gardentasunaren printzipioak errespetatzen dituztelarik beteko dute beren lana”, gaineratu du. Hala, jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak berea onetsiko du eta bere jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu.

Bestalde, Erkoreka sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua dela enplegu publikoa egonkorra eta kalitatekoa izatea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du 13.500 plazako deialdi publiko bat egiteko, ahalik eta lan-egonkortasun handiena bermatzeko. “LEP berriek plantillak gaztetzea berekin ekar dezaten nahi dugu”, gaineratu du.

2019rako premiazko aurrekontu neurrien lege proiektua 

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onetsi du 2019rako Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua. Azpiazu sailburuak adierazi duenez lege hau aurrekontuei dagokie soilik eta premiazkotzat eta atzeraezintzat hartzen dira bere tramitazioa eta aplikazioa, jasotzen dituen neurrien izaera kontuan hartuta.

Sailburuak azpimarratu duenez, Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuak jasotakoaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen zerbitzura diharduten langileen urteko ordainsari guztiak % 2,25 igoko dira.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari dagokionez, Azpiazuk azaldu duenez, DSBEren zenbatekoa bere edozein modalitatetan % 3,5 igoko da, eta errentaren hartzaile diren pentsiodunen kasuan % 4,5era arte igoko da portzentajea. “Hazkunde-indize altuagoak barne hartzea erabaki dugu egoera ahulenean dauden kolektiboentzat”, gaineratu du.

Itunpeko ikastetxeak direla-eta, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak adierazi duenez, itunpeko ikastetxeetako moduluetako langile-osagaien eguneratzea barne hartu du Lege Proiektuak. “Hezkuntza Sailaren menpeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainsarietarako ezarritako portzentaje berean igoko dira osagai horiek, hau da, % 2,25”, zehaztu du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ