Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren eta Gestampen arteko hitzarmena izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da

Gestampek 4.0 Industria Zentroa Euskadin finkatuko du, eta Ibilgailu Elektrikorako Battery Box-en inguruko I+G+b jardueren proiektuak gauzatuko ditu, euskal automobilgintzaren sektorearen lehiakortasuna handitzeko

Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren eta Gestampen arteko hitzarmena izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da 29Urtarrila 29 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadin I+G+b ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Gestampen arteko lankidetza hitzarmena izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da. Hitzarmena Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak eta Francisco Riberas Gestampen presidente exekutiboak sinatu dute gaur goizean Lehendakaritzan.

Hitzarmena sinatzean, Gestampek konpromisoa hartzen du Euskadin duen ikerketa- eta garapen-unitatea pisuaren arintzearen, ibilgailu elektrikoaren, txasisen eta beroko estanpazioaren arloetan erreferentzia bilakatzeko. Taldeak Ibilgailu Elektrikorako Battery Box-era (bateria-kutxa) bideratutako I+G+b jarduera-arloa garatuko du. Gainera, 4.0 Industria Zentroa ezarri eta garatuko du, taldearentzat erreferente dena.

Automobilgintzaren sektoreak Euskadin duen garrantzia estrategikoa aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz I+G+b proiektuak garatzeko lankidetza-hitzarmen honek euskal enpresen lehiakortasuna hobetzen eta, azken batean, ekonomia- eta gizarte-aberastasuna sortzen lagunduko du.

Sinaduraren ondoren Arantxa Tapia sailburua hedabideen aurrean agertu da.

Bere jardunean sailburuak nabarmendu egin du era guztietako ibilgailuak energiaren ikuspegitik bideragarriagoa eta irisgarriagoa den mugikortasun batera egokitzeko premia, BASQUE MOBILITY izenekora: energia-iturrien dibertsifikazioa garraio jasangarriagoan aurrerapausoak emateko. Prozesu horretan, Tapiaren hitzetan, ezinbestekoak dira aurrerapen teknologikoak. Zentzu horretan, Tapiak aitortu duenez, oreka bat bilatu behar da inplikatutako agente guztien artean, egokitze-prozesua progresiboa eta bideragarria izan dadin. Sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza ibilbide-orri bat ari da lantzen sektorearen eskutik, agente guztiak ondo prestatuta egoteko eredu batera igaro ahal izateko.

Gainera, sailburuak azpimarratu egin du bi aldeen konpromisoa garapen teknologiko berrietako inbertsioan, zaintzan eta bultzadan sinergiak batzeko. Zentzu horretan, Tapiak nabarmendu egin du beharrezkoa dela lankidetza publiko/pribatua. Sailburuak adierazitakoaren arabera, herrialde batean ez da aurrerapen teknologikorik gertatuko ekimen pribatuak apusturik egiten ez badu. Gainera, adierazi duenez, eremu publikoa ez da lasaitu bere ahaleginetan; izan ere, horregatik gehitu dira % 6 inguru laguntza-programen zuzkidurak: 200 MM-tik gorako dirulaguntza dago aurreikusita 2019. urte honetarako.

GESTAMP

Gestamp taldea automobilgintzarako osagaietan munduko liderretako bat da. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen kide da, eta sei instalazio ditu Euskadin, eta lurraldean I+G+b jardueraren inguruko bere zentro nagusietako bat dago.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez