Sabino Arana Sariak 2018: sustraiak eta elkartasuna

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu jaunak buru izan duela, Sabino Arana Fundazioak Sabino Arana Sarien XXX. edizioa egin du gaur, urtarrilaren 27an, Bilboko Arriaga antzokian. Kultura-ekitaldi honetan, ondokoek jaso dute saria: Txomin Bereciartua abadea eta gizarte- nahiz kultura-eragilea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatua eta Athletic Clubeko presidente ohia eta Michel Camdessus ekonomialaria eta NDFko zuzendari kudeatzaile ohia.

Sabino Arana Sariak 2018: sustraiak eta elkartasuna 27Urtarrila 27 |
EBB

PARTEKATU

Ekitaldiaren hasieran, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, gogorarazi du 170 (gaurkoak zenbatuta, 175) pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dutela saria 30 edizio hauetan. Fundazioko lehendakariaren iritziz, Sabino Arana Sariek etorkizun oparoa dute, “herri proiektua lantzen jarraituko dugulako, Euskadi eta mundu zuzenagoak, gizatiarragoak eta  jasangarriagoak lantzen segituko dugulako, bakean bizi diren Euskadi eta mundua nahi ditugulako”.

Geroago, Juan Mª Atutxak XXX. edizio honetako saridunen merezimenduak eta dohainak aletu ditu. Ildo horretan, eskerrak eman dizkio Txomin Bereciartuari, gizarte- eta kultura-arloko ekimen ugariren bultzatzaile izateagatik eta horietan parte-hartzeagatik, bai eta, Bereciartuak egin bezala, “sasoi latzagoetan, gazteak eta lan egiteko aukerak, gazteak eta balioak uztartu zituzten guztiei ere”. Dolores Redondo idazleari esker ona adierazi dio Atutxa jaunak “herria, Basque Country, egiteko eragatik”, Baztango paisaia eta xarmaren berri milaka kilometrotara hedatu duelako, hala nola New York, Sidney edo Praga hirietara. Juanjo Mena dela eta, nabarmendu du “batuta miresgarri honek” Arabako lurraldearen arima eta bihotza guztiz atxikirik daramatzala bere DNAn, bai eta Francisco Escuderoren Illeta edo bere maisu Carmelo Bernaolaren Euskadi. Euskarari Abestia kantata ere.

Ana Urquijoren inguruan, hauxe esan du Fundazioko lehendakariak: “egindako lanari esker, kristalezko sabaia apurtu duen emakume honek sekulako bidea egin du ideal zuzenetan zuzenenean: berdintasunaren kausan”. Michel Camdessus, berriz, honela deskribatu du “euskal herritar unibertsal honek erakutsi digu eredu ekonomiko inklusiboagoak bideragarriak direla, mundu zuzenagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa egin dezakegula”.

Fundazioko zuzendaria, Irune Zuluaga, alboan izan duela, Atutxak lehen sariduna hartu du Arriagako agertokian, hau da, Txomin Bereciartua abadea, kulturaren eta gazteen aldeko erakunde askoren sustatzailea.

Laster 90 urte beteko dituela (ekainaren 24an beteko ditu), Bizkaiko hiriburuko Dendarikalen jaio zen gizarte- eta kultura-arloko ekintzaile bilbotar honek gogoan erabili du agertoki honetara igo zen lehen aldia, 10 urte zituela “ipotxarena eginda abesteko, Begoñako organo jotzaile eta gure koru txikiaren zuzendari zen Zubizarreta maisuaren Edurnezuri eta zazpi ipotxak izeneko operetan”.

Laurogei urte geroago, agertoki berean, Bereciartuak “bere proiektuei lotu zaizkien eta, harekin batera, korua osatu duten lankide eta lagunak gogorarazi ditu”. Izan ere, Txominen esanetan, “berak egindako lan aguztiak askoren artean abestutako koruko lan ederra izan da. Eta fededuna izanik,  koru horretako abeslaririk behinena Jaungoikoa dela” esan du.

Eta jaioterritik, Euskaditik, Jaungoikoari eskerrak eman dizkio abadeak beti izan dituen aldartea, izaera eta jarduteko modua eta burua oparitzeagatik, azkena “arakatzen, saiatzen, laguntzen, sustatzen, denak batzen eta taldea sortzen” ibiltzen delako une oro. Bestetik, esker ona adierazi du  “familiaren beroagatik” eta eskerrak eman nahi izan dizkie bide luze honetan bidelagun izan dituen guztiei.

Mintzaldiaren amaieran, Bereciartuak itxaropen-deia egin digu: “Etorkizuna hiltzen duten aldi eta garai nahasiak bizi izatea egokitu zaigu. Jaio ginen mundua hiltzen ari da. Piztu dezagun itxaropena. Mundu zuzenagoa eta jatorragoa birjaioko (sortuko) da honen hautsetatik”.

Geroago, egun Cintruénigo (Nafarroa) herrian bizi den Dolores Redondo idazle donostiarrak jaso du saria. Redondok, beste beste, Baztango trilogia arrakastatsua idatzi eta Planeta saria jaso du Hori guztia emango dizut eleberriagatik. Doloresen esanetan, “nire lan guztietan, gertalekuen hautapena barru-barrutik ateratzen da, nire sustrai eta kulturatik, ni naizen muinetik, eta hiltzen naizenean, ni estaliko nauen lurretik. Ni jaio eta hazi nintzeneko familia-motaren barrenetik, errespetatzen eta miresten ditudan emakumeetatik, maite ditudan gizonetatik. Lur aberats batetik, hura zabaltzen eta pertsonaiak igarotzen direneko gertaleku huts izateari uzten dion lur honetatik, zerbait bizi eta indartsu bilakaturik. Izan ere, fikzioa sinesgarri egiten duen gauza bakarra norberaren zintzotasuna da idazten duenean”.

Agertokira igo duen hurrengo sariduna Juanjo Mena gasteiztarra izan da, hots, nazioarteko orkestra-zuzendaririk ospetsuenetako bat. Agertokitik, Juanjo Menak laguntza handiagoak eskatu dizkie Hezkuntza eta Kulturako erakundeei. “Jar dezagun koru-zuzendari bat, musikari bat herri honetako ikastetxe guztietan eta inbertsioa egin dezagun gure gizartearen etorkizunean”, aldarrikatu du. Egun berezi honetan, Juanjo Menak ez ditu ahaztu nahiz izan bidean lagundu dioten guztiak, besteak beste, familia, bere maisu eta aholkulari Carmelo Bernaola, eta entzule nahiz zaleak “zintzotasun osoz, txalo egin eta haien ”. 

Ana Urquijo abokatu eta Athletic Clubeko presidente ohia emakume aurrendaria dugu hesiak apurtzen berdintasuneranzko bidean, bereziki, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan. Ana Urquijoren konpromisoari eta borondate irmoari esker, arinago beste emakumerik inoiz heldu ez zen lekuetara iritsi da bera. Izan ere, lehen emakumea izan zen Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zen Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an.

Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazioak aintzat hartu nahi ditu “egunero-egunero kristalezko sabaia apurtzen duten emakume guztiak eta, gizarte berdinkidearen auzolanari haien eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen dizkiotenak”.

Azkenik, Baionan sorturiko Michel Camdessus euskal herritarrak, XX. mendearen azken hereneko ekonomialaririk eraginkorrenetakoak, hauxe esan du: “goitik beherako aldaketak gertatzen ari diren aro honetan, lur honetako gizon-emakumeek unibertsaltasuna aldarrikatu behar dute, apaltasunez baina, era berean, eraginkortasunez, hiru eratan: lehenengoz, gogoz eta bizimoduz, unibertsaltasunaren eta adiskidetasunaren balioei lotuz. Bigarrenez, tokikoaren eta unibertsalaren arteko lotura estu eta elkarren artekoari eutsiz , hemen egiten ditugun gauzarik onenak munduari eskainiz, esate baterako, ekonomiaren krisialdi sakona pairatu dugun urte hauetan, komunitatea aintzat hartzen duen enpresa berezi baten arrakasta, Mondragon taldeko kooperatiben arrakasta, alegia, erakutsiz”.

Hirugarrenez, 1987 eta 2000 urteen artean, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaile aritu zenak nabarmendu du behar-beharrezkoa dela “jokamolde aldeaniztuna sendotu behar dugula protekzionismo baztergarri eta atzerakoiak dakartzan mehatxuen aurka; eman diezaiogun Europari bizi gareneko aroak behar duen moldea, “kontinente irekiaren” izaera (Joan Paulo II.a) aditzera ematen duen moldea; azken batean, eman diezaiegun NBEari eta Bretton Woodseko erakundeei ezinbestekoa duten babesa munduko erantzunak gailendu daitezen gaurko eta biharko arazoei aurre egiteko”.

Urkullu lehendakariaz gain, politika, kultura eta gizarte esparruetako pertsona esanguratsu ugari izan dira ekitaldian, besteak beste, María Solana, Nafarroako Gobernuko bozeramailea; Bilboko alkatea, Juan Mª Aburto; Donostiako alkatea, Eneko Goia; Eusko Legebiltzarreko burua, Bakartxo Tejería; Bizkaiko ahaldun nagusia, Unai Rementeria; Arabako diputatu nagusia, Ramiro González; EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar; EAJ-PNV alderdiaren BBBko presidentea, Itxaso Atutxa; Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Ana Otadui; Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Pedro Elosegi; EUDELeko burua, Imanol Landa; Athletic Clubeko presidentea, Aitor Elizegi; Deustuko Unibertsitateko errektorea, José Mª Guibert; Mondragón Unibertsitateko errektorea; Josu Erkoreka, Pedro Azpiazu, Jon Darpón, Bingen Zupiria, Cristina Uriarte, Estefanía Beltrán de Heredia eta Arantza Tapia sailburuak; Brasilgo kontsula, Tomás González; eta legebiltzarkide, diputatu, senatari eta zinegotzi ugari.

Sara Gandara kazetariak ekitaldia gidatu du eta Havana 537 musika-taldeak, hau da, bost kubatar, kolonbiar batek, perutar batek eta emakume bilbotra batek osatutako zortzikoteak girotu du.

Interesatu Zaitez