Amerikako Demokrazia Kristauak Ortuzarri adierazi dio EAJ-PNVrekin harremanak estutu nahi dituela, eta bere hurrengo Kongresura gonbidatu du

EBBko presidentea Juan Carlos Latorre ODCAko presidentearekin eta Txileko Alderdi Demokrata Kristauko presidente Fuad Chahínekin batzartu zen atzo Txileko Santiagoko hiriburuan eman duen lehen egunean
Amerikako Demokrazia Kristauak Ortuzarri adierazi dio EAJ-PNVrekin harremanak estutu nahi dituela, eta bere hurrengo Kongresura gonbidatu du
22
Urtarrila
2019
EBB
PARTEKATU
22 Urtarrila 2019 | EBB

Argazki oina: Andoni Ortuzar ODCAko presidente den Juan Carlos Latorre-rekin

Oharra: Topaketen irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Amerikako Demokrata Kristauen (ODCA) presidente Juan Carlos Latorrek Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteordeari adierazi zion EAJ-PNVrekin dituen harremanak are gehiago sendotu nahi dituela, talde jeltzalearen bitartekaritzarekin Europarekiko harreman ekonomiko eta politikoak indartu nahi dituelako. Atzo bertan, Txileko Santiagon egin zuten bileran, Latorrek Ortuzarri luzatu zion,Nazioarteko Begirale gisa, ODCA erakundeak Costa Rican egingo duen Kongresura joateko gonbidapena. Amerikako Demokrazia Kristauaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arteko harremanak sendotzeko topaketa egin da , Txilen ere, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuko eta PP alderdiko presidente zenaren azpijokoaren eraginez EAJ-PNV Nazioarteko Demokrazia Kristautik kanpo geratu zenetik 20 urte igaro ondoren.

Perun egin duten bidaia amaituta, Ortuzar eta EBBko Nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako, atzo hasi zuten Txile hiru egunez bisitatzeko bidaia. Atzokoa egun intentsua izan zen eta lehenengo eta behin lan gosaria egin zuten Txileko Alderdi Demokrata Kristauko Zuzendaritzarekin. EAJ-PNVk oso harreman estua dauka alderdi honekin. Fuad Chahín presidentea iragan irailean Alderdi Egunean izan zen eta EBBko presidentearekin batera adierazpen politiko bat izenpetu zuen. Chahínek jeltzaleen buruari eman zion Adrés Alwyn Azócarren bizitza eta lana jasotzen duen liburua. DCko militante eta diputatu hau giza eskubideen abokatua izan zen eta bere bizitza osoa eman zuen Augusto Pinocheten biktimentzako egia eta justizia aldarrikatzen. Ortuzarrek bere homologoari eman zion Jose Antonio Agirre Lehendakariaren liburu bat. Topaketa berean, Ortuzarrek Euskadin bizi den egonkortasun politiko eta ekonomikoaren oinarriak azaldu zituen eta erantzun zituen Espainiako estatuan ematen ari den ezegonkortasunari eta egoera honek EAJ-PNVrengan udal hauteskundeei eta Europako hauteskundeei begira ekar lezakeen eraginari buruz egin zizkioten galderak. DCko buruzagiek, beren aldetik, Ortuzar eta Burzakori azaldu zioten zuzentzen duten alderdia oso erabakigarria dela Txileko gaur egungo egoeran, eta horrek ere eraman dituela hainbat proiektu legegiletarako giltza izatera. Datorren urtean DC alderdiak udal eta erregioetarako hauteskunde garrantzitsuei egin beharko die aurre eta Ortuzarri azaldu zioten emaitza onak jasotzea eta erantzukizun esanguratsuak hartzea espero dutela,hurrengo hauteskunde presidentzial eta legegileei egoera onean aurre egin ahal izateko. Testuinguru honetan, DCk lankidetza eta aholkularitza eskatu dio EAJ-PNVri, Europako alderdi erreferente jotzen duelako eta historikoki talde jeltzalearekin izan dituen harreman onak gogoan.

Goiz erdian, Ortuzar eta Burzako, EADrekin partekatzen duten estrategiaren barruan, Juan Carlos Latorre ODCAko presidentearekin batzartu ziren. Bi orduko tarte batez, Latinoamerikak gaur egun bizi duen une politiko latzaz hitz egin zuten, bereziki Venezuelan bizi den egoera delikatuaz eta erregio osorako dakartzan ondorioez, eta Nikaraguan ematen ari den askatasunik ezaz, Erdialdeko Amerika osorako eragin kaltegarriak ekarri dituelarik. Latorrek galdetu zuen Brexitaren ondoren Europak izango duen etorkizunaz eta Ortuzarri eta Burzakori galdetu zien maiatzaren 26ko Europako Hauteskundeen ondoren eman daitekeen egoeraz. Elkarrekiko harremanari dagokionez, ODCAko presidenteak ordezkari jeltzaleei adierazi die bere helburu nagusiena dela EAJ-PNVrekin historikoki izan dituen harremanak berrezartzea,Europako erreferentziazko alderditzat hartuta.Horregatik, Latorrek, berrautaketara aurkeztuko delarik, Ortuzar gonbidatu du ODCAren hurrengo Kongresuan Nazioarteko Begirale gisa parte hartzera. Kongresu hau maiatzaren 30ean egingo da Costa Rican.

Eguerdian, ordezkari jeltzaleek PDCren Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko kideekin bazkaldu zuten. Eta arratsaldez lan bilera izan zuten Ortuzar eta Chahínek Bilbon izenpetu zuten Adierazpen Politikoaren markoan eratuko den agenda adosteko.

Gaur, asteartea, Ortuzar eta Burzako izango dira Eduardo Frei Montalva Txileko presidente ohiaren heriotzaren urteurrenaren kariaz egingo diren ekitaldietan parte hartuko duten Europako ordezkari politiko bakarrak. Frei Montalvak Agirre Lehendakariari babesa eskaini zion Agirrek Hegoamerikara erbesteratu beharra izan zuenean. Burukideek Txileko Santiagoko metropoliko alkate eta zinegotziekin bazkalduko dute eta hiriburuko Euskal Etxeko zuzendaritzarekin eta EAJ-PNVren Euzkadiz Kanpoko kideekin afalduko dute.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ