Euskal Diasporaren Eguna dela-eta Lehendakaritzan antolatutako ekitaldi instituzionalean izan da buru gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakaria. Garai jakin batzuk gogora ekarri ditu Lehendakariak, Euskal Herria kanpoaldera irten izan den garaiak, alegia. Gaur, euskal diasporaren lana aintzatetsi du, “gure kultura, tradizioak eta hizkuntza belaunaldiz belaunaldi iraunarazten Euskaditik mila kilometrotara”. Lehendakariaren iritziz, kolektibo horrek “aberastu egiten gaitu orain eta bide bat urratzen laguntzen digu mundura gero eta gehiago zabaltzen ari den etorkizun baterantz”, adierazi du. Euskadiren izaera migratzailea kontuan hartuta, Lehendakariak adierazi duenez, “ezin dugu begiratu beste alde batera gizarte gisa” beste herrialde batzuek “etorkizun hobeago baten bila” egindako deiaren aurrean.
Diasporaren Eguna ospatzeko egin den ekitaldi instituzionala goizeko 10:30ean hasi da. Lehendakariarekin batera izan dira bertan bere Gobernuko sailburuak, Legebiltzarreko Lehendakaria, Diputatu Nagusiak, eta baita Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendari Gorka Álvarez ere. Bestetik, diasporari lotutako 120 pertsona inguru ere izan dira bertan.
Diasporaren balioa nabarmentzea
Urteen joanean “Euskadi kanpora irteten ari dela berriro” nabarmendu du Lehendakariak. XIX. eta XX. mendeetan Euskaditik alde egin zuten pertsona gehienak Amerikarantz abiatu ziren; XXI. mendeko gazteria, berriz, bost kontinenteetara ari da joaten.
Euskal komunitateak kanpoaldean egindako lana eskertu du Lehendakariak, “sustraiak eta Euskadirekiko lotura mantentzearren”, hain zuzen ere. 191 Euskal Etxeen bitartez eratutako sarea 25 herrialdetan baino gehiagotan “aktibo bat eta aukera bat da Euskadi Basque Country-rentzat”. Lehendakariaren hitzetan, “orain, inoiz baino gehiago, gure lehenaldiak, diasporak, aberastu egiten gaitu eta bide bat urratzen laguntzen digu mundura gero eta gehiago zabaltzen ari den etorkizun baterantz”.
Orain 16 herrialdetako 60 euskal etxetan antolatzen ari dira aldi berean egun hau ospatzeko ekitaldiak. Munduan zehar ospatzen diren ekitaldiak, alegia, Lehendakariak duela bost mende Joan Sebastian Elkanok munduko itzulia amaitu izanarekin alderatu duen gertakaria.
Euskadi, harrera-herria
Izaera migratzaile hori aipatu du Lehendakariak bere diskurtsoan: “Zer izango zen gure Diaspora helmugako herrialdeetan atzera bota izan bagintuzte? Orain herri migratzaile bezala dugun historia gogora ekartzen ari bagara arrazoi honengatik da: beste Herri batzuk ate joka etorri zaizkigulako etorkizun hobeago baten bila. Ezin dugu begiratu beste alde batera gizarte gisa. Abegi ona egin izan zaion euskal gizarte abegitsua", adierazi du Lehendakariak. Lehendakariak agur berezi bat bidali dio Venezuelako euskal kolektibitateari haien “egoera kezkagarriaren” aurrean.
Ekitaldiaren garapena
Xabier Euskitze eta Maddalen Arzallus bertsolariek aurkeztu dute ekitaldia, eta diasporari lotutako bi pertsonak, Rocío Basterrak eta Martín Goicoecheak ere parte hartu dute bertan. Gainera, dantza-emanaldiak eskaini dira, non Eusko Jaurlaritzak antolatutako “Gaztemundu” prestakuntza-programan parte hartzen duten gazteak eta Gasteizko Mulixka taldeko kideak ere aritu diren.
Iturria: Irekia