19 urteko muruetar honek “ilusioz, apaltasunez eta konpromisoz” hartzen du erronka hau, “Muruetako bizilagunen bizimodua hobetzea da asmoa, talde gogotsu bat osatuz eta ideia berriekin”
Forua eta Muruetako Uri Buru Batzarrak aho batez aukeratu du Julen Karrion Lamikiz Muruetako alkatetzarako hautagaia izateko 2019ko maiatzean gauzatuko diren udal hauteskundeetan. Gaztea izan arren, 19 urte bete ditu aurten, bere herriko errealitateari ondo lotuta dago, konpromiso politiko sendoarekin. 2016. urtetik Foru eta Muruetako Uri Buru Batzarreko idazkaria da.
Hautagai berria “ilusioz, apaltasunez eta konpromisoz” lan egitearen alde agertu da: “Erronka berri hau erantzunkizunez eta poz handiz hartzen dut, beti ere, apaltasunetik, muruetarron bizimodua hobetzea helburu izanik. Azken honengatik, ezinbestekoa dugu Muruetaren alde gogotsu lan egingo duen lantaldea osatzea eta guztion ideia berriekin herritarron ilusioa piztea. Nire gaztetasuna herriko gazteak udaletxera hurbiltzeko baliogarria izatea espero dut, gazteok herriko etorkizunean kolaboratu, parte hartu eta honen alde egiteko”.
Zuzenbide ikaslea da Deustuko Unibertsitatean, espezialitate ekonomikoan. Bertsozale amorratua da (2017 BBK Bertsolari Gazteen Sariketan irabazle), idaztea eta irakurtzea gustatzen zaio, futbozalea da ere (entrenatzailea eta epailea) eta itsasontzian (batelean) ibiltzea gustokoa du, bai itsasotik eta bai errekatik. Gurutze Gorrian bolondres dabil.