EAJ-PNVK Ereintza Eskubaloia omenduko du Madalenetako XI. Haurren Krosean

Urtero legez, ohitura osasungarriak sustatzea eta kirola eginez haurrek ondo pasatzea helburu hartuta jeltzaleek antolatzen duten lasterketan parte hartzera animatu dituzte Errenteriako neska-mutikoak
EAJ-PNVK Ereintza Eskubaloia omenduko du Madalenetako XI. Haurren Krosean
19
Uztaila
2018
ERRENTERIA
PARTEKATU
19 Uztaila 2018 | ERRENTERIA

Urtero bezala, Errenteriako EAJ-PNVk antolatutako haur krosa ospatuko da Madalenetan, uztailaren 24ean. Elixabete Murua, Errenteriako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren lehendakariak azaldu duenez, lasterketa 3 mailatan banatuko da: txikienak (2009-2010 artean jaiotakoak), kimuak  (2007-2008) eta haurren mailakoak (2005-2006). Txikienek  850 m. egingo dituzte, kimu edo alebinek 1000 m eta azkenik, haurren mailakoak 1500 metrotan arituko dira lasterketan hiri erdigunetik.  “Batzoki paretik irtengo dira, Koldo Mitxelena plazan, 12:00etan eta beste urteetan bezala, aldagelak ezarriko dira Batzokian parte hartzaileentzat” jakinarazi dute. Lasterketa antolatzaileek sariak banatuko dizkiete garaileei eta sari banaketarekin batera Agustina Otaolari omenaldia egingo zaio.

Errenteriako EAJ-PNVk urteak daramatza kirolaren aldeko autua eginez herriko kirol talde eta kirolariak omentzen, helburu hartuta haien lana eta ibilbidea balioan jartzea eta Errenteriako kirolaren alde egiten duten ahalegina aitortzea.  Aurten jeltzaleek Ereintza Eskubaloia omenduko dute, gure herrian eskubaloiak duen garrantziaren atzean, hein handi batean, Ereintza Eskubaloia baitago eta horrek aitortza merezi du EAJ-PNVren iritziz.

“EREINTZA Kirol eta Kultur Elkartea Errenteriako gazte talde batek sortu zuen, 1958. urtean, gure herriko kultura eta tradizioak babestea helburu hartuta. Hasieratik izan zen eskubaloia bultzatzea elkartearen helburuetako bat eta 1959. urtean lehenengo eskubaloi taldea sortu zuen. Geroztik, lorpen ugari izan ditu kategoria desberdinetan eta gizonezkoen talde bakar hartatik, kategoria guztietan gizon nahiz emakumeen taldeak edukitzera pasa da.

Herrian eskubaloia errotzea eta berdintasuna bultzatzea lortu du, hasiera batean EREINTZA Kirol eta Kultur Elkartea eta 1987az geroztik EREINTZA ESKUBALOIA kirol kluba denak. Izan ere, emakumezkoen lehenengo taldea 1980-81 denboraldian sortu zen kadete mailan eta hurrengo denboraldian jubenil mailako talde bat gehitu zitzaion. 1983-84 denboraldian bi gertaera garrantzitsu izan ziren EREINTZAren historian, batetik, senior mailako emakumezkoen taldea sortzearekin kategori guztiak osatu ziren emakumezkoetan, eta jubenil neskek Espainiako txapeldunorde izatea lortu zuten.

Esan bezala, tituluak ugariak izan dira urte hauetan zehar eta ez gara luzatuko guztiak aipatzen, azpimarratu nahiko genukeena da, kirol elkartean emakumeen taldeen presentzia eta garrantzia gizonezkoen taldeen parekoa dela eta horrek gure herrian kirola sustatzeaz gain berdintasun baloreak sustatzen dituela” azaldu du Elixabete Muruak. “Aitortza egin eta eskerrak eman nahi dizkiegu, beraz, urte hauetan egindako lanagatik eta urte luzez bide horri eusteko gure bultzada eman nahi diegu” jarraitu du buruzagi jeltzaleak.

Errenteriako EAJ-PNVk Euskaraldiarekin bat egin du 

Jeltzaleek, Errenteriako neska-mutiko guztiak lasterketan parte hartzera animatu dituzte. Parte hartzaile bakoitzak Batzokiko kirol taldeko kamiseta bana jasoko du izen-ematearekin batera eta lasterketaren amaieran, indarrak berreskuratzeko, mokadutxo bat ere izango dute. Izen-ematea egunean bertan, 10:00etatik aurrera egin ahal izango da Batzokian. Izen-emate mahaian, gainera, Euskaraldiaren inguruko informazioa banatuko da. Jakina den bezala, aurtengo euskararen egunaren bueltan, ekimen berezi bat antolatu da euskararen erabilera sustatzeko eta 11 egunez “Ahobizi” eta “Belarriprest” rolak hartzea proposatzen da. Ekimenaren funtzionamenduaren inguruko eta izen-ematearen inguruko argibideak eskainiko dizkiete jeltzaleek bertaratzen direnei.

Azkenik, EAJ-PNVk, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaileei, Super BM supermerkatuari, Batzokia jatetxeari eta bereziki, antolakuntzan izugarrizko lana egiten duen Club Atlético  Renteria-ri.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ