Burzakoren esanetan López Obradorrek Mexikon lortutako garaipena "erabatekoa" izan da, eta EAJ-PNVren eta Euskal erakundeen lankidetza eskaini dio

Nazioarte gaietarako burukide arduradunak Pueblatik jarraitu ditu hauteskundeak eta Mexiko D.F.n izan da Nazioko presidente hautetsiaren lehen diskurtsoa entzuteko.
Burzakoren esanetan López Obradorrek Mexikon lortutako garaipena
02
Uztaila
2018
EBB
PARTEKATU
02 Uztaila 2018 | EBB

Mikel Burzakok, Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarte Gaietarako burukide arduradunak, “erabateko eta zalantzaezin ” jo du Andrés Manuel López Obradorren garaipena atzo Mexikon egin ziren Hauteskunde Presidentzialetan. Burzakok  Pueblatik jarraitu zituen hauteskundeak Morenak (Movimiento Regeneración Nacional), López Obradorren alderdiak, gonbidatutako nazioarteko begirale gisa. Ondoren, Mexiko D.F.ra joan zen eta bertatik entzun zuen presidente hautetsiaren lehen diskurtsoa: “AMLOren garaipena espero zen baina nolabaiteko kautela pixka bat ere bazegoen azken hauteskunde batzuetan, faborito gisa agertzen zen arren, ez zelako garaile irten. Baina, oraingo honetan, López Obradorrek soberan gainditu du  %50eko portzentajea (gutxi gora behera %53,5 a atera du, azken zenbaketaren arabera) eta 30 puntutik gora atera dizkio bigarrenari. Garaipen erabatekoa eta zalantzaezina”, baieztatu du Burzakok. Buruzagi jeltzalearen aburuz, atzokoak “hauteskunde historikoak izan ziren beren dimentsioagatik. 90 milioi pertsona zeuden bozketara deituta eta horietatik 12 milioi ziren lehen aldiz bozkatzen zutenak. Eta, presidente berriaz gain, 128 senatari, 500 diputatu, 9 gobernadore eta 3.000tik gora kargu aukeratu ziren. Halako dimentsioak izaera historikoa eman zien hauteskundeei. Eta  atera den emaitzak zalantzarik gabe erakusten du Mexikon aldaketa politiko handia emango dela”.

Burzakok Pueblan bizi zuen hauteskunde-eguna, euskal inbertsiorik handiena egin den eta Euskadiko enpresa gehien kokatuta dauden estatuetako bat. “Hainbat hautesleku bisitatu ditugu, dena behar bezala zegoela egiaztatzeko, eta arratsaldean Morenako hautagaiekin batzartu gara, Luis Miguel Barbosa gobernadoregaiarekin eta Claudia Rivera alkategaiarekin. Azken orduan Distritu Federalera joan gara López Obradorren lehen diskurtsoa entzutera, lehenengo hoteletik eta ondoren Zócalotik” .

Burukideak López Obradorrek Mexikoko presidente gisa esan dituen lehen hitzak azpimarratu ditu. “Alde batetik, lasaitasuna adierazi du alderdi ekonomikoan,bereziki kanpoko inbertsioei dagokienez. Bermatu du aurreko gobernuak izenpetutako kontratu guztiak beteko dituela eta politika ekonomikoan hainbat lerro ezarriko dituela. Baina hori datorren urtean izango dela esan du,orain sei hilabeteko trantsizioa dagoelako. Beste alde batetik, narkotrafikoaren eta segurtasunik ezaren kontrako konpromisoa eta, horri lotuta, txirotasunaren eta desberdintasun sozialaren kontrako borroka adierazi ditu. López Obradorrek baieztatu du gai horien ardatz nagusia ustelkeria dela  eta eredugarri izan beharko dutela bere gobernu talde berria osatuko duten pertsonek . Arrakastatsua izango ahal da, hori delako Mexikoren eta erregio osoaren etorkizunerako gako nagusia”, baieztatu du Burzakok.

Burukideak eta EBBko presidente Andoni Ortuzarrek  López Obrador zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten  Mexikora egin zuten azken bisitan gaur presidente hautetsia denaren etxean bazkaltzeko aukera izan zutelarik: “Mexikon eman dugun asteburuak lagundu digu Morenako taldearekin daukagun harremana sendotzen ,eta gure lankidetza osoa eskaini diogu, EAJrena zein gobernu ardurak ditugun erakundeena. Apaltasun osoz, pentsatzen dugu euskal erakundeek eredugarri izan daitezkeela Mexikon zabaltzen den aldi berri honetarako”, amaitu du.




PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ