Erabakitzeko Eskubidea printzipio europarra eta europazalea dela defendatu du EAJ-PNVk

Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkideak Europar Batasunari eskatu dio argitasun zuzentarau bate sar dezala, Euskadi bezalako estaturik gabeko nazioei bide legala, demokratikoa eta hitzartua ahalbidetzeko, herritarrei beren etorkizunari buruz galdetu ahal izateko
Erabakitzeko Eskubidea printzipio europarra eta europazalea dela defendatu du EAJ-PNVk IKUSI BIDEOA
29 Ekaina 2018 | Eusko Legebiltzarra

“Erabakitzeko Eskubidea oinarri eta metodologia gisa erabili da EBean integratzeko prozesua egituratzeko. Hori hala izanik, zergatik ez du balio subiranotasun-, kosubiranotasun- edo interdependentzia-gatazkak konpontzeko? Horrelako gatazkak bizi ditugu Euskadin, Katalunian edo Eskozian”. EAJ-PNVrentzat, Erabakitzeko Eskubidea printzipio demokratikoa da, printzipio europarra eta europazalea, balio izan duena Europar Batasuna egituratzeko.

Luke Uribe-Etxeberria parlamentari jeltzaleak proposamen bat defendatu du, Europar Batasunak argitasun zuzentarau bat onar dezan, Estaturik gabeko nazio eta eskualdeei subiranotasunari buruzko kontsultak legitimatuko diena. “Europar Batasunari eskatzen diogu zuzentarau bat onar dezala, kide den estatu baten baitan eman daitezkeen gatazka politikoei konponbide demokratiko, hitzartu eta legalerako bide bat ezarriko duena; eta gainera, balizko sezesio-prozesuen ondorioz sortutako estatuek EBn jarraitzea bermatzea”.

Uribe-Etxebarriaren hitzetan, gaitasun falta dago EBn estatu egiturarik gabeko nazio-errealitateei heltzeko. Hori dela eta, ezinbestekoa da partehartze zuzenerako eta adierazpenerako bide berriak gaitzea, printzipio demokratikoa eta printzipio legala errespetatuko dituztenak. “Arazoak ez dira konpontzen errealitateari bizkarra emanda. Onartu eta aintzat hartu egin behar dira”.

EKONOMIA ITUNA, ERTZAINTZA

Europako etorkizuna izan dute hizpide gaur Euskal Ganberan egin den bilkuran,zeinetan Erabakitzeko Eskubidearen aldeko ebazpena onartzeaz gain, beste hainbat gai garrantzitsu jorratu diren,hauen artean Ekonomia Ituna eta Ertzaintza. Halaber, Bruselari erreklamatu zaio Ekonomia Ituna Batasuneko Hitzarmenetan aitortua izatea eta  errespetatuak izan daitezela euskal erakundeen eskuduntzak  eta parte hartzeko eskubidea Ekonomi eta Diru Batasunaren esparruan (UEM).

Ertzaintzari dagokionez, polizia integrala dela gogoan izanik, Europako gainerako politikekin batera Europa mailako segurtasun eta indarkeriaren kontrako informazio lanetan “sartua izatea” erreklamatu da.

PARTEKATU