Iñigo Iturrate: “Etorkizunerako urratsak eman behar dira, egin den min bidegabea aitortuz”

Ordezkari jeltzaleak baieztatu du ezinbestekoa dela aitortzea proiektu politikoak pertsonen bizitzen gainetik jarriaz inposatzea “zuzena izan ez zela”. “Oraindik hainbat ekitaldi eta omenaldi egiten ari dira inolako justifikaziorik ez dutenak, ez diote laguntzen egunero bizikidetza eraikitzeko egin behar den lanari”

Iñigo Iturrate: “Etorkizunerako urratsak eman behar dira, egin den min bidegabea aitortuz” 20Ekaina 20 |
Berria

PARTEKATU

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak baieztatu du urteotan egin den min bidegabea aitortu beharra dagoela; eta, aldi berean, onartu behar da pertsonen bizitzaren gainetik proiektu politikoak inposatzea “gure bizikidetzatik urruntzen gaituen bidea dela”. “Lan hori egiten ari gara Eusko Legebiltzarreko Oroimen eta Bizikidetza lantaldean. Parte hartzaile, aditu eta era guztietako biktimek azpimarratu dute elkarrekin egin behar dela etorkizunerako bidea, iraganean egindako hura zuzena izan ez zela aitortzeaz batera”, esan du.

Iturrate horrela mintzatu da Onda Vascari egin dioten elkarrizketan, Gasteizko Judimendi Elkarteak jai egitarautik ETAko presoen aldeko martxa kentzeko hartu duen erabakiaz galdetuta. Ordezkari jeltzaleak azaldu du Vitoria-Gasteizko Udalak zuzen jokatu duela ekitaldi honen deialdia Fiskaltzara bidaltzean eta elkarte horri diru-laguntzak kentzeko aukera aztertzeko espedientea irekitzearekin. “Horiek dira,nire ustez, iragana gogora ekartzen diguten ekitaldiak. Ibili beharko litzatekeen bidearen kontrakoa da eta espero dudana da gure egunerokotasunetik ezabatu beharko ditugun halako azken jarduketak izatea”.

Espetxe politika

Iturratek era berean ekarri du gogora espetxe politika gaur egungo garaira moldatu beharra dagoela, presoen urruntze eta sakabanatze politikarekin amaitzeko, senideek ere sufritu egiten dutela gogoratuta eta indibidualizazio, gizatasuna, eta eragindako kaltearen aitortza printzipioak oinarri harturik.

Legebiltzarkide jeltzaleak esan du Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak bestelako espetxe politika ahalbidetuko dela esanez egin duen iragarpena “aurrerapauso ausarta” dela, zoritxarrez, hainbat daudelako horretarako prest ez daudenak. “Hainbat alderdi politiko gai hori bere testuingurutik ateratzen saiatzen ari dira eta Sánchezen erabakia desitxuratzen, beren onerako onura politikoa ateratzeko helburu bakarrarekin”.

Zentzu berean, Iturratek azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak Sánchezen Gobernuarekin daukan harreman ona, erakundeen egonkortasunaren alde egitera begira. “EAJren borondatea da erakundeen egonkortasunaren alde egitea suspertze ekonomikoan aurrerapausuok eman daitezen, gero eta enplegu gehiago eta hobeak sor daitezen eta normalizazioan aurrera egin ahal izateko. Horretarako lasaitasuna behar da erakundeetan, eta hori da EAJ-PNVk egiten duen apustu irmoa. Solaskidetza ona dago, gure asmoa delako lankidetzan aritzea Euskadiko interesen alde eginaz”, amaitu du Iturratek.

Interesatu Zaitez