Ortuzar: "Ekonomia Ituna ukiezina da, hortzez eta haginez borrokatzeko prest gaude”

EBBko presidenteak oso ondo baloratu du alderdi politiko guztiak atzo Ekonomia Itunaren 140. urteurrena ospatzeko egin zen ekitaldian egon izana
01 Martxoa 2018 | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur baieztatu du Ekonomia Ituna, “ukiezina” dela, eta ohartarazi du EAJ-PNVko emakume eta gizonak eta euskal gizartearen gehiengo zabal bat Itunaren alde “hortzez eta haginez” borrokatzeko prest daudela. Ortuzar gaur goizean izan da Radio Euskadik Bilboko Arte Ederren museoan Ekonomia Itunaren 140. urteurrenaren kariaz egin duen ekitaldian. Efemeridea atzo Arriaga Antzokian ospatu zen eta han izan ziren Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak, jeltzaleen buruak gaur azpimarratu nahi izan duen bezala. "Euskadiko alderdi politiko guztiak han egon izana oso albiste ona da. Argi geratu da Ekonomia Itunak Herri hau batu egiten duela. Nolabaiteko kareore edo pegamentua da, ezbai ideologikoen gainetik eta euskal gizartea ikusteko egon daitezkeen pentsamoldeen gainetik, euskal gizarte osoa batu egiten duelako. Eta hau ez da alderdi politikoentzat soilik, baizik eta baita euskal gizartearen zati handi batentzat ere, Ekonomia Ituna zerbait funtsezkoa da. Gure-gurea da eta hortzez eta haginez borrokatzeko prest gaude, betidanik kanpoko mehatxuren bat egon delako. Beti egon da ulertu ez duen edo ulertu nahi izan ez duen eta manipulatu egin duen bat. Une honetan horixe bizitzen eta sufritzen ari gara. Bada, jakin dezatela Ekonomia Ituna ukiezina dela, baina ez legoke soberan gu indartsu ikustea, baten batek ukitzeko tentaldian egongo delako.Itun honek Euskadiko eragile politiko,sozial eta ekonomikoak ehuneko ehunean batzen dituela ikustean, bere kontra egin nahi duenak bere egoeraz jabetu eta halako abentura batean sartzeko ideia burutik joan dakioke” baieztatu du.

Gaurko irratsaioan Ortuzarrek oso gertakizun argigarria azaldu du. “Nik betidanik esaten dut Euskadi dela Europa mailan Estatu baten antzik handiena duen herrialdea eta hori horrela da, funtsean, Ekonomia Itunari esker. Eskozia eta Euskadiko autogobernuei buruzko mintegi batean eta eskoziarrei ongi etorria ematean, garai hartan independentziarako erreferenduma prestatzeko lanetan ari zirela, nik esan nien begi onez begiratzen niela baina apurtxo bat bekaizti sentitzen nintzela une hartan lortzen ari zirenagatik,hau da, halako prozesu bat egiteko aukera izango zutelako. Orduan, eskoziarrak, zera esan zidan: `Egia esango dizut: nik hori sentitzen dut zuen Ekonomia Itunaren aurrean, zuek egiten duzue zuen zergen bilketa eta botere ekonomikoa izateak bote politikoa izatea esan nahi du”, gogoratu du.

EBBko presidenteak gogoratu duenez, EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrean autogobernua berritzeko aurkeztu duen agirian ere Ekonomia Ituna esparru politikora eramatea da talde jeltzaleak ezarri duen helburuetako bat. “Hori da gure nahia, eta uste dugu proiektu zentzuzkoa eta errealista dela. Ekonomia Itunak erakutsi du burujabetza partekatua lortu ahal dela, ez dela inor inoren gainetik egon behar. Eta, esparru ekonomiko eta finantzarioan egin ahal dena, zergatik ezin da eman esparru politikoan ere? Guk uste dugu egingarria dela eta konponbidea izan daitekeela. Askotan esan dugu Ekonomia Ituna dela Euskadi eta Espainiako estatuaren arteko azken lotura. Bada, are lotune sendoagoa egin liteke Ekonomia Itunarekin batera Politika Ituna egingo balitz eta,horren bidez, Euskadik eta Estatuak burujabetza parteka lezakete egoera ia konfederal batean oinarrituta, elkar ez erasotzeko eta elkarrekin bizitzeko errespetu eta konpromiso batekin. Nik uste dut etorkizuna horixe izango dela. Kostatu egingo zaigu, halako gauzak lortzen errazak ez direlako, baina Ekonomia Itunaren historiak erakutsi du merezi duen guztia lortzeko borrokatu behar dela, eta beraz, gogotsu ekingo diogu”, baieztatu du.

PARTEKATU