Arabako Jeltzaleen buruak Ciudadanos-en estremismoak PP alderdiaren jarduna gidatzeko dagoen arriskuaz ohartarazi du. “PPk Valentzian eta Madrilen dituen arazoak eta Kataluniako egoerari konponbidea eman ezinak Ciudadanos moduko alderdia indartzen lagundu du, bere proklametan estremismoa nagusitzen delako. Ciudadanos-ek errealitatea desitxuratzen du. Ezagutzen ez duen errealitatea, Euskadikoa. Azken udal hauteskundeetan Ciudadanos-ek Araban lortu zituen Batzar Nagusietako batzarkide bat eta Biasteriko zinegotzi bat. Bietatik batek ere ez du talde horretan jarraitzen. Hori da Ciudadanos-ek Euskadin daukan errealitatea” esan du Susok.
Udal politikara bueltatuta, ABBko presidenteak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Arabako hiriburuan mugitzeko formatu berriak garatzeko eta garraiatzeko sistema berritzaileak finantzatzeko egin duen apustua. “Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizekin 80 milioi eurotik gorako konpromisoa dauka mugikortasun alorrean. Unibertsitatera doan tranbiaz ari gara, autobus elektrikoaz eta Salburuan garraiatzeko erabiliko den sistema zehazteko ikerketa informatiboaz” esan du Susok.
Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean Autobus Elektriko Adimenduna ezartzeko erakundearteko hitzarmenean kotxerak eraikitzeko proiektua jasotzeari buruz Eusko Legebiltzarrean hartu zen erabakiaz galdetuta, Jose Antonio Susok zera adierazi du “kotxera berriak egiteko finantzaketaz hitz egin behar denean, hitz egingo dugu. Gaur egun idatzita ere ez dago azpiegitura berria egiteko proiekturik. Hain aurreratuta dagoen udal proiektu hau kotxera berrien eraikuntzarekin baldintzatzea gauzak nahastea baino ez da. PPren ardurapean egon ziren aurreko udal gobernuek Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatu zituzten Salburua eta Zabalgana auzoak baina ahaztu egin zuten Gasteizko auzo horiek,nolabait, hirigunearekin lotu behar zirela. Orain duela 15 urte konpondu behar zen gaia konpontzen ari gara. Arazo hori ezin dugu berriro ere 10 urte atzeratu”.